AEB-ak

Biden: «Botere gehiegikeriak ez dio kalte egin AEBetako demokraziari»

Hautatzaileen batzarrak hauteskundeetako garaipena berretsi ostean hitz egin du demokratak. Estatubatuarrei «aurrera egin eta bat egiteko» eskatu die, pandemiari aurre egite aldera, eta AEBetako erakundeen fidagarritasuna goratu du.

Joe Biden adierazpenak egiten, joan den azaroan. AEBETAKO PRESIDENTEAREN BULEGOA
Paulo Ostolaza.
2020ko abenduaren 15a
09:34
Entzun 00:00:0000:00:00

Bart, AEBetako hautatzaileen batzarrak baieztatu egin du Joe Bidenen garaipena presidentetzarako hauteskundeetan. Bozketak ez du ezer ezohikorik, baina, hauteskundeen emaitzak aldatzeko Trumpen asmoak direla eta, arreta handiz erreparatu beharrekoa zen atzokoa.

Horren ostean, agerraldia egin du hautagai demokratak, eta Trumpek hauteskunde sistemaren inguruan sortutako ikamika amaitzen saiatu da: «Aurrera egin behar dugu. Herritarrok konfiantza izan dugu gure erakundeetan eta sisteman, eta AEBetako hauteskundeen sinesgarritasuna erabatekoa da oraindik ere. Zauriak sendatzeko garaia da orain». Errepublikanoak bozak mehatxupean jarri izana gaitzetsi du, eta saiakera hori onartezina dela esan ere bai.

Atzoko bozketaren bezperan, Trumpek bozen emaitza aldatzeko asmoan jarraitu zuen, baina horretan ere huts egin zuen: AEBetako Auzitegi Gorenak uko egin zion azaroaren 3ko presidentetzarako hauteskundeen zenbaketa baliogabetzearen alde jarritako salaketa aztertzeari. AEBetako Kongresuak urtarrilaren 6an berretsiko du Bidenen garaipena, eta hilaren 20an hartuko du kargua demokratak. Orduan amaituko da Trumpen agintaldia.

Herritarren borondatea

Horri buruz, Bidenek kritikatu egin du «funtzionario talde bat hogei milioi boto indargabe uzten» saiatu izana eta hala hauteskundeak galdu zituen hautagai bati garaipena ematen saiatzea: «Ez dute herritarren borondatea errespetatu». Trumpi bere porrota aitortzeko eskatu dio beste behin.

Azkenik, Bidenek esan du «guztien presidentea» izan nahi duela, bozkatu dutenena eta bozkatu ez dutenena, eta azaldu du gobernuaren lehen helburua pandemia kontrolatzea izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.