IRAKEKO OKUPAZIOA

«Bidezko epaiketarik gabe, irakiarrak zatituko dira»

Ramsey Clark AEBetako justizia idazkari ohiak epaiketa justua eskatu du

Erredakzioa
2005eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Saddam Hussein epaitzen ari den auzitegiak epaitegiaren zilegitasunaren gaineko zalantzak adierazteko aukera eman zien atzo defentsako bi abokaturi. Hasiera batean, epaitegiak uko egin zion zilegitasunari buruzko eta defentsako abokatuen segurtasunaren gaineko kezkak entzuteari. Ondoren baina, 90 minutuko etena eta gero, Rizgar Mohammed Amin epaitegiko presidenteak hitz egiteko aukera eman zien bi abokatuei.

Lehenengo abokatuak, Najib al-Nueimi Qatarreko Justizia ministro ohiak hain zuzen, zalantzan jarri zituen epaitegiaren zilegitasuna eta prozesuarena. Defentsak hasieratik salatu zuen epaitegia okupazio indarrek ezarritakoa izan dela. Bigarren abokatuak, berriz, Ramsey Clark AEB Ameriketako Estatu Batuetako Justizia idazkari ohiak, bidezko epaiketa bat eskatu zuen: «Guztiz bidezkoa den epaiketa egiten ez bada, irakiarrak adiskidetzeko baino zatitzeko besterik ez da izango». Era berean, Husseinen defentsa osatzen duen abokatu taldearentzat segurtasun gehiago eskatu zuen. Azken asteetan defentsako bi abokatu hil dituzte.Epaiketako lehenengo lekukoak testigantza eman zuen atzo. Ahmed Hassan Mohammed al Dujailik epaitegian adierazi zuenez, Dujail hirian atxilotutakoen artean zegoen bera. Hussein Dujail hiri xiitan 143 pertsonaren heriotza eragin zuen erasoaldia agintzeagatik epaitzen ari dira. «Kolpe bat entzun nuen atean eta zerbitzu sekretuetako jendea sartu zen», azaldu zuen lekukoak. «Jendea preso hartu zuten eta beste batzuk bertan hil zituzten. Beldurgarria izan zen». Bitartean ekintzaileek ingeniari frantses bat bahitu zutela jakinarazi zuen atzo Poliziak. Gainera, soldadu estatubatuar bat hil zen errepidean bonba batek eztanda egin eta gero.Igandean, Iad Alaui Irakeko lehen ministro ohia hiltzen saiatu ziren Najaf hiriko meskita batean, Alauik berak salatu zuenez. Bestalde, Irakeko Armadak jakinarazi zuenez, 20 ekintzaile hil zituzten erasoaldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.