Vitaly Xixov 26 urteko ekintzailea hilda aurkitu dute Kieveko parke batean. Xixov Bielorrusiako BDU Ukrainako Bielorrusiar Etxea elkarteko kidea zen, herrialdetik ihes egiten dutenei laguntzen dien GKE gobernuz kanpoko erakunde bateko kidea. Haren emazteak astelehen goizean salatu zuen haren desagerpena, ohiko korrika saiotik itzuli ez, eta haren berri ez zuelako. Erakundeko webgunean ere eman zuten Xixoven desagerpenaren berri.
Ukrainako Poliziak goizean aurkitu du Xixoven gorpua, bizi zen eremutik nahiko gertu. Urkatuta aurkitu duten arren, Poliziak adierazi du hilketagatik ikerketa bat abiatu dutela, eta aztarna guztiak ikertuko dituztela.
Xixoven gertukoek Poliziari adierazi diote gaztea birritan saiatu zela haiekin hitz egiten hilda agertu aurretiko orduetan. Antza, zenbait telefono dei egin zizkien, baina erantzuten zuten aldiro moztu egiten zuen norbaitek. Horrez gain, hildakoaren lagunek esan dute korrika egitera irten zen azken aldietan norbaitek jarraitzen zuen susmoa zuela.
Xixovek BDU erakundean egiten zuen lan. GKE horrek Bielorrusiatik ihes egiten dutenei babesa eta aholkularitza juridikoa eskaini, eta atzerrian lana aurkitzen laguntzen die. Bielorrusiako Gobernuak disidentzia mota ororen aurka erabilitako errepresio bortitzak bultzatuta, ehunka lagunek utzi dute herrialdea azken urtean, eta Ukraina, Polonia eta Lituania bihurtu dira erbesteratu gehienen babesleku.
Xixoven heriotza Kristina Tsimanovskaia atleta bielorrusiarra Tokioko Olinpiar Jokoetatik erretiratzera behartua izan ondoren iritsi da. Herrialdeko atletismo federazioa kritikatu ostean, lehiaketa utzi, eta herrialdera itzultzera behartzen saiatu ziren. Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak kirolaria bahitzen saiatu izana leporatu dio Bielorrusiari, eta adierazi du Bielorrusiako segurtasun indarrek erabilitako indarkeriari «erantzun irmoa» eman behar diola nazioarteak.
Hain zuzen, astelehenean Poloniak asiloa eskaini zion Tsimanovskaiari, eta datozen egunetan Varsoviara joatea espero da. Bitartean, Poloniak Tokion duen enbaxadan eman diote babesa.