Bielorrusia

Bielorrusiako oposizioko buru Maria Kolesnikova atxilotu dute

Dozenaka mila pertsona irten dira kalera Lukaxenkoren dimisioa eta hauteskunde berriak eskatzera.

Polizia manifestariei bidea mozten, Minsk hiriburuan. STR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 7a
09:59
Entzun

Maria Kolesnikova oposizioaren presidentetzarako hautagaitzako buruzagietako bat atxilotu dute gaur goizean Minsken, Bielorrusiako hiriburuan. Lekukoen arabera, «ezezagun  batzuek» atzeman dute Kolesnikova Arte Museo Nazionaleko atarian, eta Komunikazioak irakur zitekeen ibilgailu batean sartu dute. Poliziek ukatu egiin dute oposizioko kidea eurek atxilotu dutela.

Oposizioko Koordinazio Kontseiluko kidea da Kolesnikova, eta haren kideek baieztatu dute atxilotu egin dutela. Pavel Latuxkoren esanetan, Kolesnikova ez da izan azken orduetan «desagerrarazitako» oposizioko kide bakarra: «Anton Rodnenkovekin eta Ivan Kravtsovekin komunikatzen ahalegindu gara, baina ezinezkoa izan da. Ez dakigu non dauden, ez zer gertatu zaien. Baina ziur gaude agintariek euren esku dagoen guztia egiten dutela kontseiluaren lana oztopatzeko».

Bestalde, milaka lagunek egin dute bat asteburuko manifestazioekin Bielorrusian. Minsk hiriburuan izan ziren protestarik jendetsuenak, eta baita istilurik gogorrenak ere. Iturri ofizialen arabera, ehun lagunetik gora atxilotu zituzten segurtasun indarrek. Manifestariak presidentetzaren jauregira gerturatu zirenean oldartu zitzaien Polizia, negar gasa eta ur kanoiak erabiliz.

Abuztuaren 9ko presidentetzarako bozen ostean hasi zituzten protestak, oposizioak iruzurra egon zela salatu ondoren. Antolatzaileek salatu dute geroztik gutxienez lau manifestari hil dituztela, eta dozenaka torturatu. Oposizioko alderdietako kide askok, berriz, atzerrira egin dute ihes, besteak beste, Svetlana Tikhanovskaia presidentegai izandakoak, zeinak Lituanian hartu duen babes. Asteburu honetan Olga Kovalkovak ere erbesterako bidea hartu du, atxilotu ez dezaten. Poloniara egin du ihes Kovalkovak.

Oposizioko hautagaitzako kide Veronika Tsepkalok BERRIAri adierazi dionez, Lukaxenko boteretik kendu eta presidentetzarako «hauteskunde askeak» egitea dute lehentasun nagusia; horrekin batera, baina, manifestazioak hasiz geroztik preso hartutako ekintzaile eta politikariak ere aske nahi dituzte.

Aleksandr Lukaxenko presidentea nazioarteko babesak galtzen ari den honetan lpiztu dira protestak. Izan ere, Errusiaren aliatu historikoa izan denak inoiz ez ditu harreman estuak izan Mendebaldeko herrialdeekin, eta azken urteetan okertu egin dira Moskurekiko hartu-emanak ere, besteak beste, Moskuk Bielorrusiarekiko eragina handitu nahi duelako, eta Lukaxenkok, berriz, subiranotasunari eutsi asmo diolako. Estatuburuak, hala ere, Mendebaldeari egotzi dio protestak bultzatu izana, eta, horiek okertu direnean, Moskuri eskatu dio laguntza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.