Bielorrusian 11 lagun hil eta ehun zauritu dira hiriburuko metroan izaniko atentatuan

Leherketa hiriaren erdigunean gertatu da, Aleksandr Lukashenko presidentearen jauregitik gertu

Erredakzioa
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Minsken izua zabaldu zen atzo arratsaldean. Han arratsaldeko seiak zirenean, bonba bat leherrarazi zuten metroan. Oktiabrskaia geltokian zartarazi zuten lehergailua, hain zuzen ere, geltokira bidaiariz beteta zeuden bi tren gerturatzen ari zirela. Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, gutxienez 11 lagun hil eta beste ehun zauritu ziren. Hasiera batean leherketa zerk eragin zuen ez bazekiten ere, Andrei Shved fiskalak atentatu bat izan zela jakinarazi zuen.

Lekukoek jakitera eman dutenez leherketaren ondorengo minutuetan izua zabaldu zen metroan. «Xanpain botila bat irekitzean entzuten den hotsaren antzekoa izan zen; bagoiko kristalak hautsi ziren orduan eta kea ateratzen hasi zen. Ke handia zegoen eta itotzeko beldurra genuen».

Metrotik ateratzeko, korrika hasi ziren bidaiariak eta une horretan eskailera mekanikoak hautsi egin zirela jakinarazi zuten hainbat lekukok. Horren ondorioz hainbat lagun zauritu ziren. Metroko sarreran, berriz, burua tapatuta zeukaten bi lagunen gorpuak ikusi zituela adierazi zuen beste lekuko batek.

Larrialdi zerbitzuek, berriz, odoletan ziren lagun asko atera zituzten geltokitik. Independentziaren Etorbidean, metroko sarreran, ehunka lagun pilatu ziren, tartean, suhiltzaileak, anbulantziak eta poliziak. Geltokiaren eraikin zati bat erori egin zela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik.

Lukashenkoren etxetik gertu

Bielorrusiako presidentearen jauregitik gertu dago geltokia, hiriburuaren erdigunean. Alexandr Lukashenko presidenteak premiazko gobernu bilera egin zuen, eta iluntzean nazioari mezu bat zabaltzekoa zen. Lukashenko 1994. urtetik dago agintean, baina joan den abenduko hauteskundeez geroztik gero eta bakartuago dago. Abenduaren 19an egin ziren bozetan botoen %80 eskuratu zituen, baina oposizioak iruzurra egon zela salatu zuen. Minsken protesta handiak egin zituzten, baina horietan oposizioko hainbat kide atxilotu zituzten. Tentsioa nabaria da ordutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.