UDAKO SERIEAK. Prozesu independentistak gaur. Eskozia (II)

Bigarren erreferendumerako bide argirik ez

Hamabi urte igaro dira Eskoziako erreferenduma egin zutenetik; SNP dago agintean oraindik, eta independentziaren aldekoak gero eta gehiago dira. Halere, gainditu beharreko hainbat oztopo daude beste erreferendum bat egiteko bidean.

Haur bat Eskoziaren Independentziaren aldeko kartel batekin, Stirling hirian, 2014ko irailean. ANDY RAIN / EFE
Haur bat Eskoziaren Independentziaren aldeko kartel batekin, Stirling hirian, 2014ko irailean. ANDY RAIN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Ezezkoak irabazi zuen. Erreferendum bat egin zuten, eta eskoziar gehienek Erresuma Batuan jarraitzearen alde bozkatu zuten, %55,3k. Independentziaren ametsa, baina, ez da itzali. Erdibidean geratu da, linboan. Erreferenduma galdu zuten, baina prozesu independentistak «irabazi» egin zuela uste du Marc Sanjaume-Calvet politologoak. Eskoziaren independentziaren aldekoak gero eta gehiago dira, gazteen artean batez ere; eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak Eskoziako hauteskunde guztiak irabazi ditu 2007az geroztik. Bigarren erreferendumerako bideak, hala ere, ez du norabide argirik oraingoz. «Geldialdi batean gaude, baina independentziaren auzia ez da desagertuko», ziurtatu du Stirlingeko Unibertsitateko (Eskozia) irakasle Coree Brown Swanek.

Sanjaumek hizpide hartu du prozesu independentista demokratiko batek zer zailtasuni aurre egin behar dien: «Demokrazian, alderdi independentista batek bozak irabazi behar ditu, gustuko ez dituen instituzio batzuk gobernatu, eta independentziaren aldeko urratsak egin eta egin». Bide horretan «aurreratuen» dagoen nazioa Eskozia dela uste du Pompeu Fabra Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) irakasleak, iritzita independentzia lortu ez badu ere «urrats asko» egin dituela: «Autonomia lortu zuen monarkia unitario baten barruan [1999an sortu zuten Eskoziako Parlamentua], erreferendum bat egin zuen [2014an], eta SNPk ia hogei urte daramatza agintean [2007tik]». Sanjaumek Eskoziako independentzia prozesua ikertu du, eta SNPren ibilbideari buruzko liburu bat argitaratua du.

Hain zuzen, uste du «itxarotea» izan dela horretarako gakoa, eta nabarmendu du Eskoziako prozesu independentistan «pazientziatsu» aritu direla, emaitza iritsi arte itxaron izan dutela. Hala, 2014ko irailaren 18an, independentziaren inguruko galdeketa egin ahal izan zuten, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadorearekin (2010-2016) adostuta: «Galduagatik ere, irabazi egin zuten. Denborak arrazoia eman die, SNPk gobernatzen du oraindik ere, eta jende gehiago hurbildu zaie».

(ID_4299550) ALEX SALMOND - DAVID CAMERON
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa eta David Cameron Erresuma Batukoa, 2012an. Cameronekin adostuta egin zuten 2014ko erreferenduma. DAVID CHESKIN / EFE

Hamabi urtean hiru lehen ministro egon dira Eskozian, eta sei Erresuma Batuan. Tartean Elizabeth II.a erregina ere hil zen. Baina hauteskundeetako emaitzek, dimisioek eta monarken heriotzek baino gehiago aldatu du Erresuma Batua 2016ko ekainaren 23an egindako galdeketak. Egun hartan botoa eman zuten britainiarren %51,9k Europako Batasuna uztearen alde egin zuten. Eta Erresuma Batuak alde egin zuen, brexit. 2014ko erreferendumetik Eskozian gertatu den aldaketarik «sakonena» izan da hori, Coree Brownen arabera.

Eskoziako eta Erresuma Batuko politiketan aditua da Brown. Telefonoz azaldu duenez, brexit-ak piztu ditu beste erreferendum bat egiteko eskaerak, baina, gaur-gaurkoz, ez du uste Londresek horretarako modua emango duenik: «[Erresuma Batuko] azkenaldiko lehen ministro guztiek esan dute ezetz, ez dutela baimenduko beste erreferendumik». Oroitarazi du biztanleria zatituta dagoela, gutxi gorabehera herritarren erdiak independentziaren alde daudela, baina ez dela «ziurra» independentzia lortzeko bidea zein den.

«[Erreferenduma] galduagatik ere, irabazi egin zuten. Denborak arrazoia eman die, SNPk gobernatzen du oraindik, eta jende gehiago hurbildu zaie»

MARC SANJAUME-CALVET Pompeu Fabra unibertsitateko irakaslea

Sanjaumeren ustez, brexit-ak baino gehiago, haren atzean dagoen mugimenduak eman dio arrazoia Eskoziako mugimendu sezesionistari. Horren harira, azaldu du azken urteetan Ingalaterran indarra hartu duela prozesu politiko «baztertzaile» batek, muturreko nazionalismoa eta natibismoa ardatz dituen mugimendu batek, alegia. Eskuin muturraren indartzea da fenomeno horren isla; maiatzean, Ingalaterrako udal hauteskundeetan, Reform UK alderdi ultraeskuindarrak nabarmen egin zuen gora.

Sanjaumek uste du Eskozian babestuago daudela Ingalaterran sendotu den prozesu «baztertzaile» horretatik. Baina Reform UKk gora egin du Eskozian ere: maiatzean, Eskoziako Parlamenturako bozetan, hamazazpi ordezkari lortu zituen; bigarren indarra da, Alderdi Laboristarekin berdinduta —SNPk 58 ordezkari ditu—. Hori dela eta, Brown ez dator guztiz bat Sanjaumerekin: «Mito baten arabera, Eskozia ez da Ingalaterra bezain arrazista, irekiagoa omen da. Baina Reform UK da bigarren indarra. Horrek aditzera ematen du badaudela konpondu gabeko hainbat auzi sakon». Halere, Sanjaumek argitu duenez, Ingalaterrako prozesuak «ez du zerikusirik» Eskozian hautatu duten gizarte ereduarekin.

Nazionalismoa eta agenda soziala

Eskoziako mugimendu independentistak ez da soilik eskoziar nazionalismoa goratzen aritu: «Balio jakin batzuen inguruan ardaztuta eraiki dituzte identitate eskoziarra eta prozesu independentista. SNPk ez du  nazionalismo etniko eta kultural bat mamitu, aurrera begiratzen duen nazionalismo bat baizik, ongizate estatua babesten duena, eta herritarren bizimodua hobetzea helburu duten politikak sustatzen dituena». Agian horrek bultzatuta, nahiz eta prozesu independentista geldialdian egon, independentismoak gora egin du azken urteetan. Gutxi-asko, biztanleen erdiak daude Erresuma Batua uztearen alde.

Azken hiru hilabeteetan egindako inkestei erreparatuta, independentziaren aldeko herritarrak gehiago dira kontrakoak baino: Norstat eta Survation etxeek egindako bost zundaketetan, %46 eta %52 artean dira independentziaren aldeko eskoziarrak; eta kontra daudenak, aldiz, %43 eta %45 artean —gainerakoek ez dute erantzun—. Ipsos eta YouGov etxeek bina inkesta egin dituzte, eta horietan, ostera, gehiago dira Erresuma Batuan jarraitu nahi dutenak, independentziaren aldekoak baino, nahiz eta aldea txikia izan.

(ID_15934908) R. UNIDO ELECCIONES
John Swinney lehen ministroa —aurrean—, SNPren kanpaina hasierako ekitaldian, martxoan, atzean independentziaren aldeko hainbat kartel dituela. SUSANA BLAYA / EFE

Inkesta horien bilakaeran inflexio puntu bat ageri da 2017 eta 2018 urteen artean. Erreferenduma egin zenetik ordura arte, gero eta gehiago ziren Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoak. Urte horien ostean —brexit-aren inguruko galdeketa 2016an egin zuten, eta 2018an Reform UK sortu zuten alderdia—, gora egin du independentismoaren babesak, batez ere gazteen artean. Erresuma Batuko The Sunday Times egunkariak 2024an argitaratutako inkesta baten arabera, 16 eta 34 urte arteko eskoziarren ia bi herenek bozkatuko lukete baiezkoaren alde beste erreferendum bat eginez gero.

Stirlingeko Unibertsitateko irakaslearen arabera, independentzia ez da Eskoziako gazteen kezka nagusia, baina kezkatzen dituzten arazoei aterabidea emateko aukera bat bai: «Ikusten dute Erresuma Batuko Gobernuak ez diela jaramon handirik egiten garrantzitsutzat dauzkaten auziei. Dezepzionatuta daude, eta zera pentsatzen dute: 'zergatik ez dugu zerbait berria probatzen?'».

«Tematzearen ondorioak»

Independentziarako bidean, ordea, orain hamabi urte baino oztopo gehiago daude. Erresuma Batuko Gobernuarekin ados jarri ostean, 2014an, Eskoziako Parlamentuarekin oniritziarekin egin ahal izan zuten erreferenduma. 2022ko azaroan, ordea, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak beste erreferendum bat egitea zailduko zuen epai bat eman zuen. Haren arabera, Eskoziako Parlamentuak ez du independentziaren inguruko galdeketa bat deitzeko eskumenik, Erresuma Batuko Parlamentuak eman beharko luke oniritzia.

«Gazteak dezepzionatuta daude [Londresekin], eta zera pentsatzen dute: 'zergatik ez dugu zerbait berria probatzen?'»

COREE BROWN SWAN Stirlingeko Unibertsitateko irakaslea

Hori dela eta, Eskoziako alderdi independentistak Londresi presio egin nahian ari dira. Maiatzaren amaieran, Eskoziako Parlamenturako bozak egin ostean, ganbera horrek Erresuma Batuko Gobernuari eskatu zion aukera eman ziezaiola beste erreferendum bat egiteko. Honela dio Eskoziako Parlamentuak adostutako ebazpenak: «Azken bozen emaitzek erakusten dute hobe dela Eskoziaren etorkizunari buruzko erabakiak Eskozian hartzea, eta hori errespetatu egin behar da». SNPk eta Berdeek babestu zuten ebazpena, eta laboristek, kontserbadoreek, Reform UK alderdikoek eta Alderdi Liberalekoek kontra bozkatu zuten.

Presio handiegia egiteak, baina, ondorio kaltegarriak ere izan ditzake. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro izandakoak (2014-2023) beste erreferendum batera deituko zuela esan ostean iritsi zen, esaterako, Auzitegi Gorenaren epaia. «Asko tematzeak jurisprudentzia sortzen du», azaldu du Sanjaumek. Horregatik, uste du SNPk pazientziaz jokatuko duela aurrerantzean ere, baina argi du, noizbait beste erreferendum bat egin, egingo dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA