Hauteskundeak

Bihar argituko da zein bi hautagaik eginen duten aurrera Frantzian

Hamabi hautagai lehiatuko dira Presidentetzarako lehen itzulian. 44,5 milioi lagunek izanen dute bozkatzeko aukera.

2007ko apirilaren 21a
13:49
Entzun
Frantziako Estatuko 36.000 udalerrietako bozkalekuak goizeko zortzietan zabalduko dituzte bihar Presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian. Bi hautagai bozkatuenek eginen dute aurrera, bigarren itzulira. Hain zuzen, maiatzaren 6an izango da itzuli hori. Gaur egun Jacques Chirac da Frantziako presidentea, eta kargua utzi eginen du.

Presidentetzarako bozen lehen txandan lehiatzeko, 500 hautetsi gorenen sinadurak lortu dituztenen artean, zazpi dira ezkerrean eta ezker muturrean sailka daitezkeenak; Segolene Royal (sozialista), Olivier Besancenot (trotskista), Marie-George Buffet (komunista), Dominique Voynet (ekologista), Jose Bove (altermundialista), Arlette Laguiller (troskista) eta Gerard Schivardi (talde troskista batek sustatua).

Eskuin muturrean lerroka daitezkeen hautagaiak bi dira: Jean-Marie Le Pen eta Philippe de Villiers. Nicolas Sarkozy da eskuineko indar politiko nagusiaren ordezkaria. François Bayrou, berriz, zentroan kokatzen da.

Zailagoa da, aldiz, Frederic Nihous ehiztarien, arrantzaleen, eta baserritartasunaren izenean lehiatzen dena nonbait sailkatzea, baina, aditu politiko gehienek iritzi diotenez, mugimendu hau eskuineko pentsaeraren eta jarreren ildoetatik dabil.

Laurek soilik dute bigarren txandara iristeko benetako aukera: Sarkozy (UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna), Royal (PS Alderdi Sozialista), Bayrou (UDF Frantziako Demokraziaren Aldeko Batasuna) eta Le Pen-ek (FN Fronte Nazionala).

Frantziako hautesle zerrendetan izena eman zuten 44,5 milioi herritarrek izanen dute bozkatzeko aukera biharko bozetan; haien artean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.