Turkiako hauteskundeak. Kurdistan

Biharko bozak erabakigarriak izango dira auzi kurduarentzat

Abdullah Ocalanek, espetxean dagoen PKK-ko buruak, bozen ostean akordioa lortu ezean «gerra» piztuko dela mehatxu egin duBDPk 22 eta 30 eserleku artean lortuko ditu, inkesten arabera; 2007an baino gehiago

2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hauteskunde kanpaina gogorra izan da Turkiaren menpe bizi diren kurduentzat. Legez kanporatzeak, errepresioa eta hilketak jasan dituzte, besteak beste. Bihar egingo dituzte bozak, eta BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduak 2007ko emaitzak hobetuko dituela diote azken inkestek.

Gaur egun hogei eserleku ditu BDPk Legebiltzarrean, eta aurreikuspenek biharko bozetan 22 eta 30 eserleku artean lortuko dituela diote. Hautagai independenteekin aurkeztuko da; izan ere, Parlamentuan sartzeko beharrezkoa da bozen %10 gainditzea, eta hautagai independenteekin aukera handiagoa dute muga hori gainditzeko. Adituen arabera, alde bakoitzak lortzen duen indarra erabakigarria izango da kurduen auziari irtenbide politiko bat emateko. Izan ere, bakoitzaren negoziatzeko indarra dago igandean jokoan.

«Herri kurduaren aurrean azaldu nahi baduzu, autonomia eman beharko diguzu, eta sistema federal bat onartu beharko duzu», esan zion BDPko hautagai Leyla Zanak Recep Tayiip Erdogan lehen ministroari kanpainan. Erdoganen AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiak, ordea, bake negoziaziorako borondaterik ez duela salatu dute.

Espetxean dagoen PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagiak ere, Abdullah Ocalanek, hauteskundeen ostean negoziatzen hasteko eskatu dio lehen ministroari —inkesten arabera, garaipen zabala lortuko du Erdoganek—. Hala egin ezean «gerra» hasiko dutela mehatxu egin du. Izan ere, Erdogani eta haren alderdiari bakea lortzeko oztopo handiena izatea leporatu die. Dena den, «gobernua isilik badago ere» bakerako esperantza badagoela adierazi du PKK-ko buruak.

Martxoan hautsi zuen, hain justu, PKK-k su-etena, ekintzarik gabeko urte erdian Ankarak urratsik egin ez zuela argudiatuta.

Legez kanporatzeak

Biharko bozetan BDP aurkeztu ahal izango bada ere, hauteskunde kanpaina legez kanporatzearen mamuak ilundu du. Izan ere, apiril amaieran Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak hamabi hautagai kurduri betoa ezarri zien. Azkenik, baina, kurduen helegitea onartu eta bozetan aurkezteko debekua bertan behera utzi zuen, horien parte hartzea «mehatxua» ez zela ebatzita.

Hasiera batean hautagai horiek iraganean bete zituzten kartzela zigorrek «hautagai izateko gaitasuna mugatzen» ziela argudiatu zuen Hauteskunde Batzorde Gorenak. Horrek kurduen haserrea eragin zuen, eta bozei boikota egitea ere pentsatu zuten. Auzi kurduari konponbide demokratikoa emateko aukera ere kolokan jarri zutela salatu zuten.

Egoerak, okerrera

Betoarena, baina, ez da hauteskunde kanpaina gaiztotu duen gertaera bakarra. Su-eten garaiko lasaitasuna amaitu egin da hauteskunde aurreko asteetan. Maiatzaren 14an, Turkiako armadak PKK-ko hamabi gerrillari hil zituen. Hiru egunez kanpaina bertan behera utzi zuten, dolu egunak izendatu baitzituzten.

Selahattin Demirtas BDPko presidenteak lehen ministroari bota zion hilketen errua, «nazionalisten botoak lortzeko» armadari ekintzaile kurduak hiltzeko agindua eman izana leporatu baitzion.

PKK-k ere hainbat eraso egin ditu. Maiatzaren 4an konboi bati eraso zioten eta Erdoganen eskolta bat hil zuten. Horixe izan zen su-etena hautsi zutenetik lehen hildakoa. Bestalde, polizien egoitza bati eraso zioten maiatzaren 12an, eta beste polizia bat hil zuten. Turkiako Barne Sailak salatu zuen mina bat jarrita beste bat ere hil zutela.

Kurduen indarra

Gobernuaren eta kurduen arteko harremana gaiztotu bada ere, Erdoganek ezin ditu azken horiek bazter utzi. Izan ere, inkestek diotena betetzen bada, eta BDPk 22 eta 30 eserleku artean lortzen baditu, kurduak Konstituzioan aldaketak egiteko indar garrantzitsua bilaka daitezke; izan ere, Erdoganek hainbat aldaketa egiteko asmoa iragarri du, eta, horretarako, Legebiltzarraren bi herenen babesa beharrezko da.

Naci Sapan Ozgur Haber egunkarikozuzendariak dio kurduak bazter uzten dituen ezein alderdik ezin dituela bozak irabazi. Izan ere, 15 milioi dira. AKPk, baina, babesa galdu du kurduen artean azken urteotan, nazionalisten aurkako errepresioak lehen ministroaren alderdiaren kontrako jarrera areagotu baitu.

Urte hasieran, hain justu, Turkiako Giza Eskubideen Elkarteak salatu zuen Erdogan agintean dagoenetik giza eskubideak 100.000 bider baino gehiagotan urratu dituela. Urraketa gehienak auzi kurduarekin lotura zutela jakinarazi zuen, gainera. Besteak beste, 151 politikari eta ekintzaile kurduren aurkako auzia giza eskubideen aurkako atentatua dela salatu zuten. «Legez kanpoko talde armatu bateko kide» izatea leporatzen diete, eta oraindik amaitu ez den epaiketan bizi guztiko kartzela zigorra ezar diezaiekete. Nazioarteko Giza Eskubideen Federazioko presidenteak «euren kultur eskubideak aldarrikatu eta iritzia agertzeagatik» epaitu dituztela salatu du.

BDPk elkarrizketarako ateak irekita dauzkala jakinarazi dio AKPri, eta bihar batak zein besteak negoziazioetan zer-nolako indarra izango duen erabakiko dute herritarrek: emaitzek 80ko hamarkadatik 45.000 biktima eragin dituen gatazkaren irtenbidea baldintzatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.