Biko lehia historikoa hautsi dute liberalek

Nick Clegg liberal-demokratak espero ez zen lekua hartu du, eta kontserbadore eta laboristen polarizazio hauts dezake bozetan. 1974tik izan gabeko krisi instituzional bat gerta daiteke, gehiengo osoa lortu ezinarena

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko kanpainako gai nagusia krisi ekonomikoak behar zuen, David Cameron kontserbadorearen eta Gordon Brown laboristaren proposamenen artean batez ere, zor publikoa gutxitzeko etorkizuneko nekea arintzeko neurrien inguruan; baina Nick Clegg Alderdi Liberal-Demokratakoa iritsi da jokalekura, ezustean, eta hauteskunde sistemaren erreforma jarri du eztabaida mediatikoaren erdi-erdian, baita freskotasuna eman ere alderdi nagusien arteko lehia historikoari. Arriskuan jarri du hain ziurra zirudien Cameronen garaipen lasaia, nahiz eta kontserbadoreak azken egunotan nagusitasuna berreskuratu duen. Gehiengo osoa, hala ere, zalantzan dago, eta horrek Legebiltzarraren funtzionamendua oztopa dezake. Etorkizun korapilatsua iragarri diote Erresuma Batuko Gobernuaren osaerari. Etzi argituko da.

Cleggek zeresana izango du osaera horretan; Brownen aurretik dago, behintzat, azken inkestetan. Baina Brownengandik gertu, ez litzateke bidezkoa legebiltzarkide gutxiago eskuratzea boto kopuru bera edo gehiago lortuta ere. Hala gerta liteke, ordea, Erresuma Batuko hauteskunde sisteman: tory-en eta laboristen arteko lehia historikorako baliagarri izan den formulak ez du lekurik uzten hirugarrenarentzat, eta hori dela-eta Cleggek bi horien artean lekua egiteak Legebiltzarraren gehiengo osoa hauts dezake.

Hauteskunde sistema

Erresuma Batuak 650 barruti dauzka, eta horietako bakoitzean legebiltzarkide bat aukeratzen dute. Barruti horietan, ez da jende kopuru bera bizi. Sistema hori ohikoa da hainbat lekutan -Eusko Legebiltzarrean, esaterako-, baina kontua da barruti bakoitzean legebiltzarkide bakar bat aukeratzen dutela, eta gainerako hautagaiek lortu dituzten botoek balioa galtzen dutela, lehen ministroa legebiltzarkideen kopurutik ateratzen baita, ez botoetatik (first-past-the post sistema).

Barrutietan alderdiek egun daukaten presentzian oinarritutako kalkuluak kontuan hartuta, hauteskunde sistemak laboristen alde egiten du kasu honetan. Hiruretan galtzaile aterata ere, liberalek baino legebiltzarkide gehiago lortzeko aukera dute. Historikoki, kontserbadoreekin txandaka partekatu dituzteabantaila horiek, botoaren balantzak nora egin.

Tory-ek lehen ministroa izateko aukera dute, 13 urteren ondoren, David Cameroni esker. Baina gehiengo osoa eskuratuko ez balu -inkestek aukeratzat jotzen dute-, hung parliament delakoa gerta liteke. 1974tik ez da horrelakorik izan; orduan, ezin izan zuten gobernu egonkorrik osatu, eta laboristek gutxiengoan osatutako gobernuak hauteskundeetara deitu behar izan zuen handik zortzi hilabetera.

Kontserbadoreek, gehiengo osorik gabe, Irlanda iparraldeko DUPeko unionistekin koalizioa egiteko aukera dute, baina horrela ez balitz, liberal-demokratekin ere osa lezakete gobernua. Cleggek a priori ez du baztertu aukera hori, baina izaera dela-eta liberal gehienek nahiago lukete laboristekin joan, kontserbadoreekin baino -BBCren inkestaren arabera, liberalen %31k laboristekin nahi lukete, eta %16k kontserbadoreekin-.

Cleggek, egunotako inkestek iragarri dizkioten emaitzarik onenak kontuan hartuta, bozenosteko jokalekua irudikatu du, eta iragarri du laboristekin ez dela joango baldin eta Gordon Brownek lehen ministro karguan jarraitzen badu: «Uste dut jende askorentzat bitxia izango litzatekeela norbaitek 10. zenbakian jarraitzea [lehen ministroaren egoitzan] boto kopuruan galdu duen arren». Alderdi Laborista Brownen ordezkoaren bila dabil jada -David Miliband Atzerri ministroaren izena nagusitu da azkenaldian-.

Liberal-demokratak denbora askoan izan dira kexu, herritarren benetako ordezkaritza ez delako inondik inora islatzen, baina euren kasuan, orain arte, egoerarik onenean, botoen %20 izan dituzte. Orain, berriz, Cleggek telebista eztabaidetan izan duen arrakastaren eraginez, eta herritarrak alderdi tradizionalekiko halako betekada dutelako, presio handia dago erreforma horren alde. Sistema proportzionala eskatzen dute.

Kontserbadoreak nagusi

Cameronek bi urte egin ditu Brownen gobernuaren ahuleziak nabarmentzen eta kanpaina egiten, baina eskutik alde egin dio gidaritzak. Horregatik, Cleggen trapu zaharrak argitaratzeaz arduratu dira komunikabide kontserbadoreak. Kanpaina azkenera iritsi artesaiatu dira bidean uzten Clegg, eta berandu baino lehen hautesleen pertzepzioa aldatzen: Clegg usteldua dagoela, salatzen duen sistemaren parte dela; segurtasun nazionala arriskuan jartzeko gai dela, Ameriketako Estatu Batuekin Erresuma Batuak duen harreman berezia apurtuta, edo immigrazioa legeztatuko duela, baita libera euroarekin aldatuko duela ere.

Uste baino hobeto atera da Clegg akusazio horietatik, eta banan-banan erantzun die horiei, argudioak emanez.

Hiru hautagaietan Brownek dirudi galtzailea, baina ez da gutxietsi behar krisialdietan egoera iraultzeko duen gaitasuna, eta hauteskunde sistemak haren alde egiten duela ere ez. Gauza bakarra da ziurra: Erresuma Batuan aspaldian izaniko kanpainarik bereziena izan dela, eta hauteskundeen ondorengo egunak konplexuak izango direla, tory-a edo laborista izaten ohitua den herriarentzat. Lausoak bai, behintzat. Gainera, Legebiltzarrean, osaera gorabehera, ehundik gora legebiltzarkide hasiberri egongo dira, ustelkeriagatik aurkeztu ez direnen ordezkoak.

David Cameron
Alderdi Kontserbadorea
Kontserbadoreen ikuspegi berritua
Alderdi Kontserbadorea buruzagia hautatzekotan zela hitzaldi bikainaegin zuela aitortzen diote alderdiko arerioek, esperientziarik gabeko diputatu gazteegia dela dioten horiek berek. Izan ere, David Cameronek (Londres, 1966), zerbait badu, hitz-jarioa du. Alderdiari itxura gazteagoa ematen lagundu dio. Aukeratu zutenetik, laboristen gainbeherari probetxua ateratzen jakin du. Hala ere, Gordon Brownen ordezkoaren irudia arrakastarekin landu badu ere, Nick Cleggek itzali egin du kanpainan, ustekabean.

Eskola onenetan hezia da, eta filosofia, politika eta ekonomia ikasi zituen. Jatorriaren pribilegioak ezkutatu egiten ditu, klaserik apalenetakoen botoak eskuratzearren, baina, era berean, ezkutaezina egiten zaio moduetan. Notting Hillen auzo dotorean du etxea, eta emaztea Bond Streeteko denda baten jabe eta diseinatzailea da. Ekologista dela erakusteko, bizikletaz joaten da lanera, baina bizkartzainek autoz jarraitzen diote.

John Majorren kanpainan lagundu zuen 1992an, eta alderdia berritu izana du meriturik handiena, abortuaren eta homosexualitatearen kontrako jarrera hertsia aldatu izana. Horregatik, pozik utzi nahi izan ditu atzerakoi eta antieuropeistenak ere, Estrasburgon eskuin muturrarekin elkartuta. Europako Batasunaren inguruan defendatu duen jarrera ere oso kritikoa izan da, eta irabaziz gero erreferendumean Europako parte-hartzeaz galdetzeko aukera ere zabalik utzi izan du. A.MUJIKA

Nick Clegg
Alderdi Liberal-Demokrata
Ezustean, areriorik handiena
Ingelesen estiloko Obama dela ere esan dute jarraitzaileek.Besterik ez bada, iristeko modua dute antzekoa. Bat-batean, eta sekulako indarrez, krisian den herri bat altxatzeko gaitasuna ikusi diote eszeptiko askok. Konbentzitzeko gaitasuna dauka, eta karisma.

Nick Cleggek (Chalfont St Giles, 1967) antropologia soziala ikasi zuen, Cambridgen. Gradu ondoko ikasketak politikari buruz egin zituen, AEBetan, eta harreman europarrei buruz Belgikan. The Guardian -ekin kolaborazioak egin zituen, eta Finantial Times-ekin hainbat lan Hungarian. Europako Batzordean bost urtean lan egin zuen. Bera da hiru hautagaien artean Europaren aldekoena, libera euroarekin aldatu nahi izateraino.

2007tik da bere alderdiko burua. 1999an hasi zuen ibilbide politikoa, Europako Legebiltzarrean; liberalen bozeramaile ere izan zen merkataritza eta industria gaietan. Tarte bat hartu zuen politikan unibertsitate irakasle izateko, Sheffielden eta Cambridgen, eta Komunen Ganberarako diputatu hautatu zuten ondoren, Sheffielden. Bere alderdiaren bozeramaile izan zen, Europarako gaietan lehenik, eta barnekoetan gero.

Aurreko liberalen buruzagi Menzies Campbellek babestutakoa da, alderdiko eskuinekoenen ordezkaria. Arlo ekonomikoan eta fiskalean, kontserbadoreengandik gertu dago. Gizarte gaietan, berriz, ikuspegi zabala du. Egunkaria auzia-ren inguruko informazioa zuzenean jasotzeko interesa agertu izana da horren erakusle; Westminsterren auziko ordezkari bati harrera egin zion 2005ean. A.M

Gordon Brown
Alderdi Laborista
Hondoratu arte, itxaropentsu
Txantxak egiten ez dakiela diote; ezatsegina eta aspergarria dela, eta horrek ez dio lagundu jendearengana gerturatzen; alde, berriz, inoiz amore ematen ez duten horietakoa izatea dauka. Eskozian jaioa da (Glasgow, 1951), eta aita artzain protestantea zuen. Saiatua izatea harengandik datorkiola esaten du. Mendebaldeko ekonomiaren gainbeherari aurre egiteko bideez konbentzitu zituen AEBak eta Alemania, baina horrek ez zuen arindu etxean bultzatu duen politika ekonomikoan eragindako kaltea. Herritarrek urte askoan ordaindu beharko dituzte ondorioak, estatuaren esku-hartze izugarria bultzatzearen ondorioz.

2007an hartu zuen Tony Blairren postua, Ekonomia ministro zela, eta hasiera oso ona izan zuen, sinesgarria, baina ez zekien krisi ekonomikoa zein larria izango zen gerora. Bere buruzagitza etengabe eztabaidatu dute, baita alderdi barruan ere.

David Cameron kontserbadorearengandik hogei puntura ere egon izan da, eta Europako hauteskundeetan inoiz izandako emaitza kaskarrenekin erabat hondoratu zela zirudien, baita ustelkeriagatik bost gobernukidek dimisioa eman zutenean ere, bainaaurrera jarraitu du, eta egoerari aurre egiteko egokiena bera dela sinetsarazi nahian dabil, esperientzia alde duelako. Baina gehiegi iraun duela ere esaten dute, eta laboristek 1983az geroztik izandako emaitzarik kaskarrenak biltzearen erantzule izango dela. A.M
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.