Zelenskik aitortu du negoziazioetako auzirik «zailena» lurraldetasuna dela

Errusiak lau pertsona hil ditu Dnipro hirian, eta Ukrainak bat Belgorod eskualdean. AEBetako ordezkaritza bat Putinekin biltzekoa da bihar, asteburuan Kieven ordezkariekin hitz egin ostean.

Zelenski eta Macron, gaur, Eliseoan. CHRISTOPHE ENA / EFE
Zelenski eta Macron, gaur, Eliseoan. CHRISTOPHE ENA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Igor Susaeta
2025eko abenduaren 1a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berak aitortu du: «Lurraldetasunaren auzia da zailena». Hori esan du gaur Parisen, Emmanuel Macron Frantziako estatuburuarekin Eliseo jauregian batzartu ondoren. Zelenskiren esanetan, atzo, Ukrainako eta AEBetako ordezkaritzek Floridan (AEB) izandako elkarrizketetan, sei ordu eta erdi igaro zituzten auzi horri buruz hizketan. Lurralde batasunari eustea  «lehentasun» du Kievek, baina Washingtonek eta Moskuk Ukrainarako adostutako 28 puntuko zirriborroan jartzen du Donetsk eta Luhansk Ukrainako eskualdeak Errusiaren esku geratuko liratekeela, eta Kherson eta Zaporizhia eskualdeak, berriz, armada bakoitzak kontrolatzen duen eremuaren arabera banatuko lituzketela. Zelenskik esan izan du gaur-gaurkoz ezin duela halakorik onartu.

Bitartean, negoziatzen jarraitzen dute aldeek, nork bere aldetik. Asteburuan, Ukrainako ordezkaritza bat Floridan egon zen; gaur, Zelenski eta Macron bildu dira; eta bihar, Steve Witkoff Errusiarako eta Ekialde Hurbilerako Etxe Zuriaren ordezkariak Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bilera egingo du Moskun. Azken asteetan areagotu egin dituzte Ukrainako gerraren inguruko elkarrizketak, baina oraindik «lan asko» dago egiteko akordio bat lortze aldera. Hala adierazi zuen Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak atzo, Kieven ordezkariekin batzartu ostean. Eta bilkura «eraikitzailea» izan zela nabarmendu du Zelenskik. Iritzi berekoa da Rubio, baina ez zen mintzatu Donald Trump AEBetako presidenteak erabili ohi duen tonu esperantzagarrian: ohartarazi zuen gai «konplexua eta delikatua» dela, «faktore asko» daudela tartean, eta Errusiak ere «ekuazioaren parte» izan behar duela.

Macronen esanetan —bileraren ondoren, agerraldi bateratua egin dute Frantziako eta Ukrainako presidenteek—, datozen egunetan ikusiko da ea Errusiak «borondaterik» duen «aurrerapausoak» emateko. Frantziako presidenteak gaineratu du, bide batez, segituko dutela zigorren bidez Moskuri «presio» egiten, «funts gutxiago eduki ditzan gerra finantzatzeko».

Hain zuzen, behin gerra bukatu eta gero Ukraina berreraikitzeko funtsak nork eta nola finantzatu ere badute hizpide, Zelenskik berak esan duenez. Zera diote zirriborroaren 14. puntuan: «[Europak] Errusiari blokeatutako funtsetatik, 100.000 miloi dolar inguru baliatuko dituzte Ukraina berreraikitzeko eta han inbertitzeko. AEBek hartuko dute ekintza horren lidergoa, eta irabazien erdiak AEBentzat izango dira [...]». Ukrainako presidentearentzat, planteamendu hori ez litzateke «justua» izango.

Kontuak kontu, Trumpek adierazi izan du —azkenekoz, iragan astean— «oso gertu» dutela Ukrainako gerra amaitzea. Iazko udazkenean, hauteskunde kanpainan, hitzeman zuen presidente kargua hartu eta «24 orduan» geldiaraziko zuela Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka. Urtarrilaren 20an itzuli zen Etxe Zurira, eta, 11 hilabete geroago, gerrak bere horretan dirau. Are gehiago, azken asteetan Moskuk areagotu egin ditu Ukrainako azpiegitura energetikoen aurkako erasoak, baita hiriburuaren aurkakoak ere.

Gaur goizaldean, Errusiako armadaren eraso batean, lau lagun hil eta 22 zauritu dituzte Dnipro hirian, Ukrainako erdialdean. Iragan astean, gutxienez hamar pertsona hil zituzten Kieven, asteartean eta larunbatean egindako erasoetan. Ukrainak ere azken asteetan zenbait eraso egin ditu Errusiako erregai industriaren aurka, eta gaur, droneekin egindako eraso batean, pertsona bat hil dute Belgorod eskualdean.

Akordioaren xedea, baina, ez da eraso horiek etetea bakarrik; AEBetako Estatu idazkariaren arabera, «Ukrainarentzako etorkizuna bermatu behar da». Hori da negoziazioetako gairik konplexuenetako bat; izan ere, Ukrainak su etena lortu osterako segurtasun bermeak ere exijitzen ditu.

Azaroaren 23an AEBek eta Ukrainak —Europako potentziekin batera— Genevan (Suitza) hasitako negoziazioen jarraipena izan zen atzo Floridan egindako bilkura, eta plana hizpide izan dute gaur Parisen ere. Genevako elkarrizketen ostean, Macronek esan zuen AEBen planari aldaketak egin behar zitzaizkiola, EB Europako Batasunak eta Ukrainak onartu ahal izateko.

Bilkura gehiago

Washingtonek duela ia bi aste aurkeztu zion Zelenskiri Ukrainarako plana —aurrez Errusiak oniritzia emana zion—. Plan horretan aurreikusten da, besteak beste, Ukrainak lurralde kontzesioak egitea. Horrez gain, zirriborroan jasota dago Kievek uko egin beharko diola NATO Ipar Atlantikoko Itunaren erakundean sartzeari, eta armada murriztu beharko duela: 900.000 soldadu ingurutik 600.000ra.

Gaur Parisen izan ostean, bihar Irlandara joango da Zelenski. Irlandako Errepublikako Gobernuak gaur jakinarazi duenez, Ukrainako presidentea Micheal Martin lehen ministroarekin eta Catherine Connolly presidente berriarekin batzartuko da. Dublinen arabera, Irlandako Errepublikak Kievi eman dion «erabateko babesaren» erakusgarri izango da biharko bisita. Datu ofizialen arabera, Irlandak Ukrainako 120.000 errefuxiatu hartu ditu 2022ko otsailetik, Errusiak inbasioa hasi zuenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.