Bisera buruan eta agindu munduan

Diskrezioa da agintarien janzkeraren arauetako bat, nahiz eta zenbaitetan protokoloa katramilatzen duten norbere konbentzioengatik. Trajeaz harago, hortaz, bada zeri erreparatu.

'Make America Great Again' dioen bisera gorria alderdi errepublikanoaren zeinu bihurtu du Donald Trumpek. YURI GRIPAS / EFE
'Make America Great Again' dioen bisera gorria alderdi errepublikanoaren zeinu bihurtu du Donald Trumpek. YURI GRIPAS / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxitan ematen du zeresana buruzagi baten itxurak, hein batean hala behar duelako. Hain hertsia da protokoloa, baina hain ondo dago lotua, ezen arropek, berez, ez duten urratzeko arriskurik —beste kontu bat da agintariek erratzea—. Politikan, jantziena arauz jositako kontua baita, «idatzi gabeko paktua, zeina zehatz-mehatz errespetatzen den gorputz diplomatikoaren moldeen eraginagatik», Pedro Mansilla soziologo, moda kritikari eta kazetariak definitu duenez.

Espero izatekoa da politikariek horri jarraitzea, zertarako-eta atentziorik ez emateko. Janzkerak badu «diskreziotik», edozein akats «kexatzeko» arrazoia izaten baita, Mansillaren arabera: «Ez diezazutela ezer txarrik esan, ez diezazutela esan ironia punttu batekin: ‘A zer gorbata... kurioxo...’».

Gizonentzat, trajea, alkandora eta gorbata; «horrekin, suposatzen da batek ezin duela inor ere engainatu», esan du telefonoaren beste aldean. Arauak arau dira guztientzat; gertatzen dena da emakumeek, trajeak ez ezik, bestelako jantziak, osagarriak eta bitxiak ere eraman ditzaketela —baina horiek ere tentuz jantzi beharrekoak dituzte, ezen hari solte bat nahikoa izaten baita haien kontra egiteko—. «Gizonezkoak hiru kolorez jantzi daitezke; emakumeak, berriz, hamaikaz», Mansillaren arabera. Bati gogora etorri dakizkioke Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina zenak ekitaldi orotan janzten zituen tonu biziko trajeak edo soinekoak, baita Angela Merkelek praka soilekin batera konbinatzen zituen auskalo zenbat koloretako jakak ere.

Ezaguna zen Elizabeth II.aren estiloa, kolore biziko arropa janzten baitzuen. ANDY RAIN / EFE
Ezaguna zen Elizabeth II.aren estiloa, kolore biziko arropa janzten baitzuen. ANDY RAIN / EFE

Modak bai, ematen du aukera estilo ponpoxoagoetarako, eta protokoloak itxurak gordetzea eskatzen du. Bien ala bien zikloak ez dira, inondik inora, erritmo berekoak, diplomaziaren arauren bat aldatzerako hamaika tendentzia igaro baitira. Hori bai, «elkar bilbatzen dute», zehaztu du Mansillak, eta, inertziaz, protokoloa «modernizatuz» joaten da, poliki-poliki bada ere: «Lehen, ez zegoen txaleko gabe zihoan politikaririk. Baina Bigarren Mundu Gerraren ondoren, [John Fitzgerald] Kennedy, bere gazte itxurarekin, Ameriketako Estatu Batuetako kargu gorenera heldu zen: ez zituen janzten jaka hain solemneak, praka mehexeagoak zeramatzan, eta gorbatako korapiloa ere finago lotzen zuen; hots, estilo apur bat swinga ekarri zuen».

Protokoloa  emeki baliatzen da jatorria modan duten aldaketez, bere egiten ditu, eta eutsi egiten die. Ezusteko aldaketetarako tarterik ere bada: «Ba, ez dakit: imajinatu Donald Trump, memelokeria bat egitearren, gorbatarik gabe ateratzen dela», iradoki du Mansillak; «hori bai gertakaria, ze Zesarrek gorbata kentzen badu, denek kendu dezakete».

«Gezurra dirudi Trump hain pinpirina izateak, pinpirintasunaren akatsik handienak egiten baititu»

PEDRO MANSILLA Soziologo, moda kritikari eta kazetaria

AEBetako presidentea hizpide duelarik, zera erantsi du: «Gezurra dirudi bera hain pinpirina izateak, pinpirintasunaren akatsik handienak egiten baititu. Esate baterako, jaka ez botoitzea —botoitu ezin duzulako botoitzen ez baduzu, eska ezazu neurri bat handiagoa— eta gorbata behar bezala ez lotzea».

Trumpekin lotu ohi den osagarri bat ere aipatu du Mansillak, Make America Great Again dioen bisera gorria, alderdi errepublikanoaren zeinu bihurtu dena. Ez da presidenteak ezin duela halakorik eman; hala baldin bada, «eraman dezala txandala, eta ez kaxmir urdinezko jaka txundigarri bat, zeina ez duen lotzen, gainera. Konbinazio zeharo kitzikagarria da hori, Cantinflas samarra», adierazi du hizkera ironiko bezain jantziarekin. Populismoari egindako «keinua» izanagatik ere, deitoragarri deritzo Mansillak, Trump «familia aberatsekoa delako, old money delako; bere burua hutsetik eraiki izan balu, agian gehiago toleratu ahalko litzaizkioke alprojakeriak».

Politikarien janzkera, janzkeraren politika

Zenbaitzuetan protokoloari jarraitu ez arren, AEBetako presidenteak ez du barkatzen Etxe Zurian hartzen dituen gonbidatuek gauza bera egitea. Volodimir Zelenskiri, behintzat. Ukrainako presidentea han izan zen iazko otsailean, eta 2022ko Errusiaren inbasioaz geroztik egon izan den ekitaldietan-eta bezala agertu zen, militar jantzian. Trumpen errieta gorabehera, Mansillaren ustetan, «posizionamendu politikoa» da: «Ez dakit nork egin zuen halakorik lehenbizikoz, hain ebidenteki esan nahi dut. Okurritu ahal zait, adibidez, Yasser Arafat; estatu aitortza nahi duen herri baten lider gisa, gerran balego bezala janzten zen».

Zelenski jertse, praka eta botekin azaltzea «metafora» bat da, gatazka betean den herrialde bateko agintariak jaka eta gorbata jantzi ezingo balitu bezala. «Ba, ziurrenik barre egingo lioke [Winston] Churchillek. Hark jantzi egiten zituen bai galtzeko eta baita irabazteko ere», esan du Mansillak.

Abuztuan, urrian eta abenduan, berriz, traje ilun elegantexeago batekin bueltatu zen bere aliatua «lausengatzeko». Zelenski itxuroso agertze horrekin, «egia bihurtu zen errege frantses batek esandako beste esaldi hori: ‘Merezi du Parisek meza bat’», esan du soziologoak. Orduz geroztik gehiagotan jantzi du trajea.

Mansillak dioenez, Trumpek ez luke berdin jokatuko Xi Jinping Txinako presidentearekin, hura mao uniformearekin agertuko balitzaio; ekitaldi ofizial askotan bezala, irailean Pekinen egin zuten desfile militarrean atera zuen «uniforme dotore-dotore» hori, «zeinak gorbata ezabatzen duen, elementu burgestzat jotzen duelako».

(ID_15722471) INDIA EUROPEAN UNION DIPLOMACY
Protokoloa ez da arau unibertsala, tokian tokiko aldagai kulturalek baldintzatzen dute. RAJAT GUPTA / EFE

Bada, gauza bera esan daiteke jantzi askori buruz, protokoloak badu-eta naziogintzatik; aldagai kulturalek «justifikatu» egiten dute agintariek trajea eranztea eta horien ordez herrialde bateko edo besteko arropak janztea dagokien herrialde eta eskualdeetan, izan Karibe aldeko guayabera, Afrika iparraldeko txilaba edo Indiako bandhgala, gutxi batzuk aipatzearren —azken horixe zeraman Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak duela bi aste, New Delhin zegoela—. Dagokien tokian, jantzi horiek ere badira protokoloaren parte.

Mendebaldearen protokolo «exijentea», aldiz, exekutibo anglo-saxoiak jarri zuen modan, Mansillak azaldu duenez: «Ingelesak, mundu guztiak elegantzia aitortzen diolako; eta iparramerikarrak, berriz, mundu guztiak influentzia aitortzen diolako». Trajea «hain ondo dago diseinatuta Fluegelen garaitik [1935ean The Psychology of Clothes idatzi zuen (Arropen psikologia)], ezen zail-zaila den hura moldatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.