Bizi guztiko 17 zigor ezarri dituzte Turkian, konspirazioa egotzita

275 lagun epaitu dituzte 'Ergenekon auzian'; horietatik 21 absolbitu dituzte, eta 49 urte arteko zigorrak ezarri dizkiete beste askoriGobernu islamistaren kontrako estatu kolpea prestatzea leporatu diete zigortuei

Ion Orzaiz.
2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bost urteren buruan, Ergenekon auzia itxi dute Turkian. Zalaparta handiarekin itxi ere, hautsak harrotu baititu Silivriko auzitegiaren epaiak. 275 lagun epaitu dituzte —militar ohiak gehienak, baina baita zibilak ere— Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren gobernuaren kontra konspiratu eta estatu kolpea prestatzeagatik. Eta zigorrak ez dira arinak izan. Auzipetu guztien artean, 254 zigortzea erabaki dute epaileek: bizi guztiko espetxe zigorrera kondenatu dituzte 17 pertsona; tartean, Turkiako armadako buru ohi Ilker Basbug; eta, horrez gainera, 2 eta 49 urte arteko zigorrak ezarri dizkiete beste 62 laguni. 21 auzipetu absolbitu ditu epaimahaiak, eta 17 aske gelditu dira, behin-behineko espetxealdian bete baitzuten zigorraren zatirik handiena.

Auzitegiak frogatutzat eman du Basbug jeneralak eta armadako beste hainbat goi kargudunek «konspiratu» egin zutela iragan hamarkadaren hasieran, Erdoganen AKP Justizia eta Garapena alderdi islamista agintetik kentzeko. Guztira, zortzi buruzagi militar bizi guztiko espetxe zigorrera kondenatu ditu epaimahaiak: Basbugez gain, Veli Kucuk, Hursit Tolon, Hasan Igsiz, Hasan Ataman Yildirim, Fikri Karadag, Nusret Tasdelen eta Fuat Selvi jeneral erretiratuak.

Ergenekon izeneko «erakunde terrorista» sortu eta horko buru izateagatik zigortu dituzte agintari militar ohiak, baina zibilak eta alderdi politikoak ere zipriztindu ditu auziak. Izan ere, Ergenekon taldean muturreko nazionalistek, alderdi sekularretako ekintzaileek, kazetariek, abokatuek eta idazleek ere bat egiten zutela dio Silivriko auzitegiak.

Hala, bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diete Langileen Alderdi nazionalistako buruzagi Dogu Perinceki, Tuncay Ozkan kazetariari eta Kemal Kerinçsiz abokatuari. CHP Herriaren Alderdi Errepublikar sozialdemokratako hiru diputaturi —Mustafa Balbai, Sinan Aygun eta Mehet Haberal— 12 eta 34 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete, baina Haberal aske gelditu da, betea baitu zigorraren zati handiena.

Talde terroristakoak izateaz gain, epaileek frogatutzat eman dituzten delituak orotarikoak dira; besteak beste, armak edukitzea, suteak eragitea, iraultzara deitzea eta erasoak antolatzea.

Epaiak bitan zatitu du Turkiako iritzi publikoa. Erdoganen gobernuaren aldekoen ustez, militarrek urteak eta urteak eman dituzte herrialdeko bizitza politikoa zaintzen, eta itzalpeko milizia kolpista bat sortzea benetako mehatxua da. Beste askorentzat, ordea, atzo amaitu zen epaiketa «iruzur» bat izan da, Erdogan lehen ministroaren azpijoko bat, aurkari politikoak eta armada laikoa zigortzeko. Fartsa eta jazarpen politiko hitzak behin baino gehiago erabili ditu, adibidez, Basbug jeneralak berak: «Herriak izanen du azken hitza akusatuen gainean, herriak ez baitu ez hutsik egiten ezta gezurrik esaten ere. Justiziaren eta giza eskubideen alde egin dugunok garbi daukagu kontzientzia», esan zuen atzo.

Epaiketaren kontra protesta egiten saiatu ziren ehunka lagun, baina, Turkiako Gobernuak ezarritako segurtasun neurri zorrotzen ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten. Silivriko espetxerako errepide guztiak itxi zituzten, eta abokatuei, diputatuei eta kazetariei soilik eman zien bertaratzeko baimena. Orduan, inguruko soroetatik hurbiltzen saiatu ziren protestariak, baina Poliziak negar gasa erabili zuen haien kontra.

Ergenekon auziko ikerketa 2007. urtean hasi zen. Zenbait lehergailu aurkitu zituen Poliziak buruzagi militar ohi baten etxean, eta hori korapilo handiago baten zantzua zela adierazi zuen orduan Fiskaltzak. Hari horretatik tiraka, 200 lagun baino gehiago atxilotu zituzten. Afera horrek, alta, agerian utzi zuen auzi sakonago bat. Turkia erdibitzen duen arrakala sakona. Izan ere, areriotasun handia dago sekulartasuna eta islama defendatzen dituztenen artean.

Sekulartasuna oinarrian

Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko herrialde musulmanetan bezala, estatua eta erlijioa banatzeko borroka XX. mendean hasi zen. Otomandar Inperioa desegin ondoren sortu zen estatu sekularra, Mustafa Kemal Ataturk-en eskutik. Ordutik, armadak zaindu du erlijioarekiko bereizketa. 1997an, militarrek estatu kolpe «postmodernoa» eman zutela diote historia liburuek. Necmettin Erbakan lehen ministro islamistari dimisioa emateko exijitu zioten, hark hauteskundeak irabazi ostean. Eta Erbakanek halaxe egin zuen. Ongizatearen Alderdia legez kanpo utzi zuten, eta hainbat buruzagi atxilotu; baina ez zen odol isurketarik izan, eta tankerik ez zen ikusi Ankarako edo Istanbulgo karriketan. Handik bost urtera, islamistek hauteskundeak irabazi zituzten berriro, Justizia eta Garapena alderdian elkartuta, eta Erdogan izendatu zuten lehen ministro.

Militarren buruek eta haien aliatuek konstituzio sekularraren zaindaritzat daukate oraindik euren burua, eta mesfidantzaz begiratzen diote AKP alderdiari, Turkia errepublika islamiko bihurtzeko bidean lehen pausoak eman dituela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA