Mujeres Libres elkarteko burua

Claudia Cardona: «Bizi guztirako espetxe zigorra daukagu, estigmagatik»

Kartzelatik atera eta gero, emakume presoen eskubideen alde hasi zen Mujeres Libres elkarteko zuzendaria. Alternatibak eskatu ditu: «Espetxeak ez ditu gizarteko arazoak konpontzen. Gezurra da».

CLAUDIA CARDONAK UTZITAKOA
CLAUDIA CARDONAK UTZITAKOA
Julen Otaegi Leonet.
2026ko martxoaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Claudia Cardonak bederatzi urte eta hiru hilabete igaro zituen Bogotako kartzela batean, eta saretzeari ekin zion kalera itzuli bezain laster, preso zeuden emakumeek ez zitzaten ahaztu beren eskubideak. «Bildu ginen guztiok esan genuen: ‘Barruan daudenek jakin behar dute’». Hortik jaio zen Mujeres Libres elkartea. Haien ekimenez sortua da Kolonbiako Erabilgarritasun Publikorako Legea; duela hiru urte onartu zuten, eta zera agintzen du: zortzi urte edo gutxiagoko espetxe zigorra ezarri dieten emakume familiaburuek ordaindu gabeko lan komunitarioak egitea, kartzelara ez joatearen truke. «Oso makal» doa legearen aplikazioa.

Nondik sortu zen Mujeres Libres sortzeko beharra?

Askatasuna kentzen digutenetik esaten dugu geure eskubideak urratzen dizkigutela, eta pentsatzen dugu espetxetik atera eta gero zerbait egin nahiko genukeela. Baina gero ez, bizitzarekin jarraitu nahi izaten dugu, barrukoek axola ez balute bezala: «Ahazten ahaleginduko naiz». Nik ez nekien zer egin espetxea utzi eta gero, ez nekien benetan kezkatzen ninduen barruko egoerak, kanpoan alaba bainuen zain.

Askatasuna berreskuratu eta gero, jakin zenuen.

Giza eskubideen ordezkaria nintzen. Espetxean, norberak berez ez daki asko eskubideei buruz; beraz, instintuz jokatzen du: ematen didaten jana ez dadila egoera txarrean egon, medikuarenera joan beharra daukat, guardiak ez nazala jo... Logikoena, alegia. Nahiz eta gero norbera konturatzen den eskubide batzuk urratzeak beste eskubide batzuk urratzea dakarrela.

Horixe bera bizi izan nuen: ez zidaten artarik eman, eta, aske geratu eta gero medikuarenera joateko aukera izan nuenean, ginekologoak errieta egin zidan neure burua ez zaintzeagatik. Nik ez nion esan: «Aizu, espetxetik atera berri naiz». Uteroa kendu zidaten neuzkan infekzioengatik, ez baitzituzten tratatu behar zutenean; obario batekin utzi ninduten. Horrek esan nahi du estatuak nire gorputzaren gainean erabaki zuela artarik ez emateko. Kolonbiak haurdunaldiaren borondatezko etenari buruzko sententzia dauka: bertan dio emakumeek beren gorputzaren gainean erabaki dezaketela, baina niretzat alderantziz izan zen: estatuak hartu zuen erabakia.

Nola utzi zintuen horrek?

Gauza asko eragin zizkidan, zalantza asko. Ezagutzen nituen eta espetxean izanak ziren emakumeei deitu nien, biltzeko eta zerbait egiteko. Guztiok esan genuen barruan zeudenek beren eskubideen berri izan beharko luketela. Bilera horien ondoren hasi ginen antolatzen.

«Gure ahotsa goratzeko modua zen, zera esateko: «Ez dute zertan haiek bakarrik kontatu. Guri gertatu egin zitzaigun»

Nolakoa izan zen saretze hori?

Sentitzen genuen guztion partez hitz egiten zutela. Emakumeei hau gertatzen zaie, emakumeei hori gertatzen zaie... Dena den, esateko gauza asko geratzen ziren, eta guk baizik ez genekizkien. Gure ahotsa goratzeko modua zen, zera esateko: «Ez dute zertan haiek bakarrik kontatu. Guri gertatu egin zitzaigun». Horixe izan da organizazio honen esanguratsuena. Gu geu izatea. Gero, Latinoamerikan eta nazioartean ere saretzen hasi ginen.

Nolakoa da emakumeentzako espetxe erregimena?

Behar bereziak ditugu: ginekologia, osasun menstruala, amatasuna... Horrek guztiak bereizten gaitu; beraz, azpiegitura ere horretara bideratu beharra dago. Espetxeak gizonek eraiki zituzten, gizonentzat. Amatasunari dagokionez, zeldak ez dira duinak haurrak bertan egon daitezen. Ez dut nahi esan atera behar dituztenik, ze agian haurrek ama behar dute lehenbiziko urteetan. Tira, beti; ez lehenbiziko urteetan, beti baizik.

Gainera, gizonak emakumeek zaintzen dituzte beti, amek, izebek, arrebek, amonek, emazteek, neska lagunek, lagunek. Beti emakumeek zainduak. Eta emakume bat espetxean erotzen denean, senarrak abandonatu egiten du, amonak zaintzen ditu haurrak, eta amona ezin da bisitan joan, ze bestela ea nork zainduko dituen. Gizonak baino gehiago abandonatzen dituzte emakumeak. Eta hori bisitetan ikusten da: gizonezkoen espetxeetan, emakumezkoen egundoko zerrendak; emakumezkoenetan, ia ez dago bisitarik. Erregimena geroz eta gogorragoa dela ere esaten digute; horrek familiaren arteko loturak eteten ditu.

Emakume presoen aldeko talde askok diote pobreziari, kriminalizazioari, zaurgarritasunari ezin zaiola ez ikusiarena egin.

Estatuek eskubide zibilak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak bermatzea falta da. Horiek bermatuko balituzte, emakumeek lan egin ahalko balute, lan formal bat lortu, ikasi, zaintza lanen ardura guztia haien esku egongo ez balitz... Askok diote: «Nik ezin izan nuen ikasi haurdun geratu nintzelako eta familia zaindu behar nuelako».

«Errehabilitazio hitza... Gaixo egongo bagina bezala, eta sendatzeko kartzelara joan beharko bagenu bezala»

Zigorra bete eta gero, zer gertatzen da gizarteratzearekin?

Espetxeak ez ditu gizarteko arazoak konpontzen. Gezurra da. Eta gezurra da espetxeetan gizarteratzea dagoela; okupatuta egoteko ekintzak daude, bai, baina ez dute laguntzen espetxetik atera eta gero. Estereotipoak ere badira: erakusten dute josten, kozinatzen, azkazalak egiten, ilea, edertasunari dagokion guztia...

Errehabilitazio hitza... Gaixo egongo bagina bezala, eta sendatzeko kartzelara joan beharko bagenu bezala. Neure burua ez daukat gaiztotzat, eta askatasuna kendu zidaten. Zerbait aldatu behar nuela... aldatu zer? Aldatu beharrekoa errua botatzen digun sistema da.

Aurreiritzi asko ere badira auzi horretan guztian.

Irakatsi digute espetxera doana gaiztoa dela. Zintzoak poliziak direla, eta gaiztoak sartzen dituztela espetxean. Pertsonak bezala ikustea nahi dugu guk, ez gaitzatela epaitu espetxean egote hutsagatik, gizarteak hala egiten du eta. Ez dute kontuan hartzen zer gertatu zitzaigun; kontuan hartuko balute zer gertatu zen, zergatik... Uste dut pentsatzeko modua aldatuko luketela.

Epaituak izatea aski ez, eta gero sozialki ere epaitzen zaituztete.

Guk bizi guztirako espetxe zigorra deitzen diogu. Egia da Latinoamerikako herrialde askotan ez dela existitzen zigor hori, baina uste dugu espetxetik ateratzean bizi guztirako zigorra daramagula bizkarrean, estigmagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA