Filosofia irakaslea Habanako Unibertsitatean

Marxlenin Perez Valdes: «Bizi osoa daramagu Kuban honetarako prestatzen»

Perezen arabera, Kuban badakite AEBak zer diren, eta aspalditik jabetu ziren etor zitekeenaz. Dioenez, kubatar herriak baliabide materialen gainetik jartzen du duintasuna, eta ez dira makurtuko.

Marxlenin Perez Valdes, Kubako telebistako 'Cuadrando la caja' saioaren aurkezlea, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Marxlenin Perez Valdes, Kubako telebistako 'Cuadrando la caja' saioaren aurkezlea, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko martxoaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larrialdi egoeran daude Kuban. AEBek blokeoa ezarria diote herrialdeari, eta gero eta argindar, gas eta elikagai gutxiago dute. Marxlenin Perez Valdes (Habana, 1983) ari da ofentsiba hori zertan datzan azaltzen, hainbat hitzaldiren bidez, eta Bilbon izan zen lehengo astean Euskadi-Kuba elkarteak gonbidatuta. Habanako Unibertsitateko irakaslea da Perez, baita Kubako telebistako aurkezlea ere. Kubatarren pentsamenduaren berri ematen saiatu da, eta uharteko muturreko egoera errotik landu nahi izan du.

Asko dira AEBek Kubari egin dizkioten ofentsibak. Egoera beste batzuetan baino larriagoa da orain? Kuba kolapsatzear al dago?

Ez da egoera guztiz ezezaguna. Eta ez nintzateke ausartuko esatera orain gertatzen ari dena 90eko hamarkadan gertatu zena baino okerragoa denik. Antzeko egoerak dira betiere: krisi garaiak eta gabezia materialen garaiak. AEBen blokeoa gogortu egiten da garai hauetan, eta zera nahi dute: kubatar herria itotzea eta kolapsatzea; gobernuari presio egitea sistema politikoa alda dezan. Ni ez naiz alarmista, ezta triunfalista ere. Egoera zaila da Kuban. Baina aldi berean, kubatar herriak borondatea du iraultzaren garaian lortutako aurrerapen sozialei, politikoei, demokratikoei eta kulturalei eusteko, eta uste dut gabezia materialen gainetik dagoela hori.

Sobietar Batasuna desegin izanak eragin zuen 90eko hamarkadako krisia. Zer harreman du orain Kubak Errusia eta Txinarekin? Haien laguntza espero duzue?

Itxuraz, dena ondo doa. Harremanak aldebikoak eta osasuntsuak dira, eta urtarrilaren 3aren aurretik indarrean zeuden lankidetza akordio batzuk indarrean daude. Adibidez, energia berriztagarrien alorrekoa, Txinarekikoa. AEBek mehatxu oso larriak egin dizkiete Kubarekin harreman ekonomikoak eta politikoak izaten jarraitzea erabakitzen duten herrialdeei; muga zergak ezarriko dizkietela, hain zuzen. Espero dut Txinak eta Errusiak amore ez ematea AEBen presio inperialistaren aurrean.

Urtarrilaren 3an egin zioten AEBek eraso Venezuelari. Aipatu dituzun zigor ekonomikoak ere iragarri zituzten. Zein eragin izan dute horiek herrialdeko petrolio eskasian?

AEBak bide guztietatik ari dira saiatzen Kubako petrolio sarrerak eteten, eta lortzen ari dira. Presio izugarria egiten dute oraindik petroliontziak bidaltzea erabakitzen duten herrialdeen aurka, eta horrek eragina izan du Venezuelan, Mexikon... Badakigu abendutik ez dela Venezuelako petroliontzirik iritsi. Gerra ekonomiko orokor bat sortu dute Kubari min egiteko, eta zaila da petrolioa lortzea.

(ID_15887552) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2026-03-12. BILBO
Marxlenin Perez Valdes. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Eta horren aurka zer egin?

Azkenean, herrialde bakoitzaren erabakia da petrolioa Kubari bidali ala ez. Horregatik, nik uste dut horretan arreta jartzea baino ariketa interesgarriagoa dela pentsatzea Kubak zer egin dezakeen; alternatibak bilatzea, eta ez geratzea besoak gurutzatuta. Herrialdea buru-belarri ari da trantsizio energetikorantz, erregai fosilak apur bat baztertu ahal izateko. Hein batean, gero eta autonomia handiagoa izateko.

«Kubatar herriak oso argi du historikoki zer defendatu duen, eta azkenaldian berpiztu egin da kubatarren kontzientzian ondo itsatsita egon den sentimendu antiinperialista eta patriotikoa»

Esan izan duzu Kubak bere gain hartu duela historiako inperiorik indartsuenari eta suntsitzaileenari aurre egitea. Uste duzu jendeak hori pentsatzen duela? Herritarrek sinisten al dute oraindik sozialismoan?

Zaila da herri oso baten izenean hitz egitea. Baina esango nuke kubatar herriak oso argi duela historikoki zer defendatu duen, eta azkenaldian berpiztu egin dela kubatarren kontzientzian ondo itsatsita egon den sentimendu patriotikoa eta inperialismoaren kontrakoa. Herritarrek ikusi dute nork eragin dituen zailtasunak: kanpoko etsai batek, Kubako iraultzaren, sozialismoaren eta justizia sozialaren etsai historikoak. Kubako herritarrak ez dira makurtuko, edozein baliabide natural baino baliotsuagoa den zerbait dute eta: duintasuna.

Trumpek esan izan du Irango gerra amaitzean egingo diola eraso Kubari.

Maduro bahitu ondoren, AEBetako Gobernuaren arabera, Kuba zen ondorengoa. Ondoren Groenlandia zen. Eta azkenik Iran izan da. Etengabe aldatuz joan da diskurtsoa. Hori bai, AEBetako presidenteak maskara guztiak kendu ditu jada. Aurretik esaten zuen Kubaren aurka ez zegoela blokeorik; sozialismoaren ezintasuna zela. Eta orain esan izan du bide guztietatik saiatu dela gure herrialdearen aurka egiten.

Aitzakia bat sortzen saiatzen ari dira Kubari eraso egiteko; hori da falta zaiena. Baina Kubako herriak oso argi dauka: beste Vietnam bat egin behar badugu, egingo dugu. Espero dugu ezetz. Baina bizi osoa daramagu honetarako prestatzen. Badakigu gerraren kontzeptuak berak zer esan nahi duen, eta inor ez da etsaiaren erasoaren aurrean axolagabe geratuko. Betidanik jakin dugu etsaiak aukera izan zezakeela nazioarteko zuzenbideari uko egiteko eta Kuba inbaditzeko. Hala ere, nik diplomazian sinistu nahi dut. Elkarrizketen bidez posible izango dela konponbideak aurkitzea; betiere errespetuz bada.

«Kubako herriak oso argi dauka: beste Vietnam bat egin behar badugu, egingo dugu»

Hain justu, nazioarteko arauetan oinarritutako diplomaziarako deia egin du NBEk, baina orain arte nazioarteko zuzenbideak ez dio askorik axola izan Trumpi. Norbaitek egingo al dio aurre?

Beti pentsatuko dut azken hitza herriek dutela. Antolatzen diren herriek. Basakeria eta inperialismoa gelditzeko antolatzen direnek. Inperialismoa gain behera doa, eta horregatik bihurtzen da basatiagoa, bortitzagoa, arriskutsuagoa... badakielako gain behera doala. Fase inperialista berri honetan agertzen da berriro faxismoa. Nolabait, inoiz ez delako joan; haren egiturak ez direlako gainditu. Gizakiak du egitura horiek gainditzeko misioa. Gizakiak du gobernuei horien aurrean posizionatzea eskatzeko misioa. Horretan datza gizakiaren salbazioa. Ulertu beharra dago gizateria bakarra dela, bat dagoela bakarrik, eta ezin dela herriak, herrialdeak, jendea eta gizateria bitan zatikatzen jarraitu. Ezin da talde bat egon ondo bizitzeko eskubidea duena eta beste bat horren prezioa ordaindu behar duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA