Koblenzeko (Alemania) auzitegi batek eman du epaia. Bizi osorako kartzela zigorra ezarri dio Anwar Raslan koronelari, duela hamar urte Damaskoko espetxe batean gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik. Lehen aldia da Siriako goi arduradun baten aurkako zigor bat ezartzen dela, baita estatuak eragindako torturak zigortzen direla ere.
Akusazioaren arabera, Raslanen ardura zen presoen «tortura anker eta sistematikoak» gainbegiratzea. Fiskaltzak aurkeztutako datuen arabera, 2011ko apirila eta 2012ko iraila bitartean 4.000 preso torturatu zituzten Damaskoko Al-Khatib espetxean; horietatik 58 hil egin ziren. Gertakarien erantzule jo dute 58 urteko koronela.
Akusatua errugabetzeko eskatu zuen defentsak, argudiatuta Raslanek ez zuela inoiz zuzenean parte hartu torturetan.
Baxar al-Assad presidentearen segurtasun arduradunetako bat ere bazen Raslan, estatuburuaren aurkako protestak lehertu zirenean 2011n. Ordu hartan segurtasun indarrek indarrez jo zuten manifestarien aurka. Haietako asko Al-Khatib kartzelara eraman eta torturatu egin zituzten —Infernua lurrean izenez zen ezaguna—.
Raslanek berak ihes egin zuen herrialdetik 2012an, eta Alemanian hartu zuen babes. Koronela 2019an atxilotu zuten Alemanian bertan, Eyad al-Gharib ofizialarekin batera. Bi militarren aurkako epaiketa 2020ko apirilean hasi zuten. Iazko otsailean lau urte eta erdiko kartzelara zigortu zuten Al-Gharib bera, gizateriaren aurkako krimenak egiten laguntzeaz akusatuta.
«Lehen urratsa»
Nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeek txalotu egin dute epaia. Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari Balkes Jarrahren esanetan, justiziak mezu argia helarazi dio Al-Assaden erregimenari: «Inork ez dio justiziari ihes egiten. Hau lehen urratsa besterik ez da».
Epaiak badu garrantzirik, batez ere Al-Assaden erregimenaren aurka jo dutenentzat. Izan ere, aitortzen du haren agintaldian, eta haren aginduz, gizateriaren aurkako krimenak egin zirela, eta atea zabaltzen du horiek zigortzeko. Siriako torturak eta jazarpena jasan zituztenetako askok Alemaniara egin zuten ihes, eta haiek eman diote bide Raslanen eta Al-Ghariben aurkako auzibideari.
Bost lagunek eman dute lekukotza auzitegian, nahiz eta salaketa 24 pertsonak sinatu. Biktimen arabera, ohikoak ziren jipoiak, deskarga elektrikoak, bortxaketak eta sabaitik hainbat orduz zintzilik edukitzea. Al-Assadek berak epaiketari erreparatu diola esan du, baina ukatu egin du torturak eragin izana.
Hala ere, bidearen hasiera besterik ez da askorentzat. Giza Eskubideentzako Europako Zentroko buru Wolfgang Kalecken iritziz, zail da esatea auzi honekin justizia egin zaiela Sirian torturatutako milaka herritarrei. Baina Kaleckek ere aitortu du epaiketa honen ondorio nagusia izan dela ahotsa eman zaiela torturatuak eta jazarriak izan direnei.
Alemaniak justizia unibertsala baliatu du auzia ikertu eta epaitu ahal izateko. Izan ere, haren arabera, jatorrizkoa ez den herrialde batean epai daitezke gerra krimenez akusatutakoak.