Kurdistan. Zibilak setiopean

Bizitza, etxeratze agindupean

Ipar Kurdistanen 400.000 pertsona etxerik gabe geratu dira Turkiaren erasoen ondotik. Diyarbakir hiriko Sur barrutiaren zati handiena suntsitu du armadak, eta gobernua etxeak desjabetzen hasi da

Diyarbakirko herritar bat, etxetik ihes egiten, joan den abenduan, Turkiako armadaren erasoaren ostean. EFE.
Sara De Ceano-Vivas Nuñez
Diyarbakir
2016ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren eta armadaren arteko gerrak ez du etenik Turkia ekialdean. Gerrillak ia egunero egiten ditu atentatuak; poliziak, militarrak eta haien egiturak dituzte helburu, baina zenbaitetan zibilak ere badira biktimak. Bestalde, Turkiak etxean geratzeko agindu zorrotzak ezarri ditu landa eremuetan eta hirietan. Egun, Cizre, Nusaybin eta Sirnak setiopean ditu armadak, eta Batmango, Hakkariko eta Diyarbakirko landa eremuetan erasoak egiten ditu. Turkiako Gobernuaren errepresio kanpainak dagoeneko era zuzenean eragin die 1.760.000 pertsonari, Turkiako Giza Eskubideen Fundazioaren arabera.

Anatolia Hego-ekialdeko Eskualdeko Udalerrien Batasunak zapalkuntzak sortutako desplazatuak zenbatu ditu: 400.000 pertsona etxetik ihes egitera behartu dituzte. Familia gehienek ezin izan dituzte euren ondasunak jaso, eta galera ekonomiko handiak izan dituzte; txirotasuna are gehiago zabaldu du horrek historikoki zailtasunak izan dituzten herritarrengan. Errefuxiatu gehienek hiri handietara jo dute, Vanera, Batmanera edo Diyarbakirrera. Familia gehienak alokatutako apartamentuetan bizi dira, leku handirik gabe eta jendez gainezka askotan. Beste gutxi batzuk kanpadendetan bizi dira, inprobisatutako errefuxiatu eremuetan. Horietako askok ez dituzte oinarrizko baldintzak eta azpiegiturak.

Nusaybin, Yuksekova eta Sirnak hirietan eraikinen %70 eta %80 artean hondatuta edo guztiz suntsitu dituzte gobernuaren aginduz. Lehen hirigune handiak zirenak egun hondakinez betetako basamortu zabalak dira.

Diyarbakirko Sur auzo historikoa bete-betean jo du gerrak. 103 egunez borrokak izan ziren auzoan Turkiako Gobernuaren indarren eta YPS Babes Zibilerako Unitateak osatzen dituzten gazteen artean. Iazko irailetik abendura bitartean etxean geratzeko sei agindu ezarri zituen Ankarak. Abenduaren 2an ezarri zuen azkena, eta oraindik indarrean dago, nahiz eta gobernuak martxoan amaitutzat eman zituen «operazio militarrak».

Guztira 50.000 pertsonak alde egin behar izan dute Surretik, eta horietatik 22.000 inguru ezin dira itzuli, haien etxeak suntsitu baitituzte. Setioa amaitzean gobernuak onartu zuen barrutiaren %82 desjabetzea. Hain zuzen ere, gainerako %18 dagoeneko estatuaren eskuetan dago.

Mugimendu kurduek salatu dute PPKren aurkako segurtasun eremu bat sortu nahi duela estatuak. Oraindik ez ditu desjabetze guztiak egin; kasu batzuetan, lur eremuengatik diru kopuru irrigarria eskaini du: 10.000 euro inguru.

Ismail Ozmezen etxea suntsitu dute, eta jabetzarik gabe geratu da. Gobernuak bizitoki alternatibo bat eskaini dio, baina ez doan, alokairu baten trukean baizik. «Guk ez dugu nahi. Gure etxea dugu Surren. Zergatik egon behar dugu bizitza osoa beste etxebizitza batengatik ordaintzen», adierazi dio BERRIAri.

Surreko biztanleentzat drama humanitariotik harago doa barruti horren suntsiketa: duela urte asko hasi zen komunitate bizimolde baten deuseztatzea da. Herritar guztiek elkar ezagutzen zuten, elikagaiak partekatzen zituzten, haurrek elkarrekin jolasten zuten kalean. Baten bat gaixo jartzen bazen edo arazoren bat bazuen, gainerakoek ahal zuten neurrian laguntzen zioten.

Ondare kulturala

Barruti berriak, ordea, apartamentu bloke erraldoiez osatuta daude, eta bizilagunen artean ez dago inolako harremanik. «Surren barruan bizitza oso desberdina zen, bizilagunekiko harremana bikaina zen. Ez zegoen inolako arazorik erlijio eta kultura desberdinekoen artean, denok batera bizi ginen». Turkiako Gobernuaren ohiko argudioa da Sur Espainiako Toledo hiriaren antzera eraikiko duela. «Guk Toledori buruz ez genekien ezer gobernuak esan aurretik. Guk nahi dugun gauza bakarra da alde egin dezatela gure auzora itzuli ahal izateko», azaldu du Ozmezek.

Izan ere, Sur ez da Toledo baino gutxiago; duela 10.000 urteko arkeologia aztarnategi batean dago eraikia. Lehen kokalekua K.a. 5.000. urtean ezarri zuten. Unescok 2014an hiriko hainbat gune gizateriaren ondare izendatu zituen. Horregatik, Mehmet Sah Polat HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko parlamentarioak Nazio Batuen Erakundearen jarrera kritikatu du: «Hamasei inperio baino gehiago bizi izan dira Surren. Hevselko lorategiak mila urtean animalien eta landareen aniztasunari eutsi dio. Haserre gaude Unescorekin; gerra handi bat dago hemen, gune historikoak suntsitu dituzte, eta isilik geratu dira. Zergatik ez dute ezer esaten?».

Lekukoek azaldu dutenez, armadak arma astunak eta tankeak erabili ditu, eta aire erasoak egin, eta kalte konponezinak eragin ditu eraikin historikoetan. Ozmezek etxetik bertatik ikusi ditu borrokak, eta, etxerik gabe geratu da azkenean. Horrek bere usteak indartu ditu: «Ez dugu estatuaren laguntzarik nahi; gure kabuz egingo dugu. Kobane herritarren laguntzarekin berreraiki zuten, eta guk gauza berbera egingo dugu hemen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.