«Soineko zuriz jantzita entregatu nuen alaba. Itzultzen baldin bazara, hil jantziarekin itzuliko zara». Horixe bera esan zion aitak Goli Kuhkan balutxari, eraso egiten zion senarrarenetik ihes egin eta sortetxera ihes egin zuen egunean. Neskato bat baino ez zela behartu zuten lehengusu batekin ezkontzera, behartu zuten haurdun geratzera, behartu zuten indarkeria zer den ezagutzera. Bizitza erdia darama biktima izaten, baina hiltzailetzat dute Iranen, eta abendua amaitzerako exekutatu egingo dute, senarraren hilketagatik 4.500 milioi rialen kalte ordaina —90.000 euro pasa— eman ezean.
Kuhkanek denbora asko darama preso Iran ipar-ekialdeko espetxe batean, senarraren heriotzarekin zerikusia duela egozten baitiote. Zazpi urte egin behar dira atzera: 18 urte zituenean, gizona harrapatu zuen 5 urteko semeari egurra ematen, eta senide bati deitu zion laguntza eske; hura heldu zenean sortutako liskarrean hil zen senarra. Larrialdi zerbitzuei deitu zien Kuhkanek, eta ondoren poliziei gertatutakoa azaldu.
Atxilotu egin zuten, eta, mehatxupean, zer sinatzen ari zen jakiteke sinatu zuen konfesioa, garai hartan ez baitzekien irakurtzen. «Erakusten al zaie, bada, eskubideak dituztela? Edozer gertatzen zaiela ere, uste dute agian merezia dutela, agian horrela izan behar duela, eta ez beste ezein modutara», esan du Ziba Bakhtiarik, Bramsh Emakume Balutxen Ahotsa taldeko kideak.
«Erregimenari, Irango Gobernuari, horrexegatik ateratzen zaio merke emakumeak exekutatzea: emakumeak direlako. Eta, oraingo honetan bezala, gutxiengo batekoak direlako. Jendea ohituta dago», gaitzetsi du ekintzaileak, Norvegiatik egin duen bideodei batean. Kouhkan emakumea da, bai, eta balutxa ere bai, Irango gutxiengo etniko bateko kidea.
«Ez pentsa kasu bat eta bakarra denik», ohartarazi du Bakhtiarik, emakumeak «babesgabe» geratzen baitira edozein akusazioren aurrean; ez dute karguen kontra egiteko baliabiderik. Iran Human Rights erakundearen arabera, gero eta emakume gehiago exekutatzen dituzte herrialdean; urtearen hasieran kaleratutako txosten batean jakinarazi zuenez, iaz 31 hil zituzten, «epaiketa faltsuen» ondotik —narkotrafikoarekin zein «segurtasunarekin» lotutako delituak edo hilketa leporatu zizkieten—.
Kuhkanek urteak igaro ditu zelda batean, jakinda heriotza zigorra duela handik irteteko modu bakarra. Izan ere, senarraren familiakoek eskubidea dute hura hil dadila exijitzeko —xarian qisas gisa ezagutzen da: begia begi truk—, baina barkamenaren truke kalte ordaina (diya) eman lezake Kuhkanek. Bakhtiarik azaldu duenez, Kouhkanek Emakumea, bizitza, askatasuna! lelopean egindako protestetan atxilotutako emakume bat lagun egin zuen espetxean, eta hura hasi zen diru biltzen, aske geratu eta gero. «Familiarekin negoziatzen ari dira kalte ordaina txikiagoa izateko, 40.000 dolar ingurukoa —35.000 euro—. Bideragarriagoa litzateke kopuru hori biltzea».
«Edozer gertatzen zaiela ere, uste dute agian merezia dutela, agian horrela izan behar duela, eta ez beste ezein modutara»
ZIBA BAKHTIARI Emakume Balutxen Ahotsa taldeko kidea
Manifestazio horiek gogoratu ditu Bramsh taldekoak: Irango Moralaren Poliziak 2022ko irailean atxilotu zuen Mahsa Amini gazte kurdua, beloa gaizki zeramala egotzita; torturatu egin zuten, eta polizien indarkeriagatik hil zen. «Kalera irten ziren gazterik ederrenak eta kementsuenak ere hil edo exekutatu egin zituzten, beldurra hedatzeko asmoz», erantsi du. Bostehun herritar inguru hil zituzten Aminiren hilketa salatzeagatik.
Gobernuaren «kontrola»
Belaunaldiz belaunaldi, irandarrak konturatuz joan dira «aske» bizi nahi dutela, «beste edonon bezala», eta gobernuak horrexegatik nahi du «kontrola» areagotzea, Bakhtiariren arabera: «Badaki beldurrik ez dutenak atxilotuta eta espetxeratuta ere erregimenaren kontra egingo dutela aske geratu bezain laster; horiek gerarazteko modu bakarra heriotza zigorra dela irizten dio». Tartean, emakumeak «ahotsik gabe» ere utzi nahi dituzte agintariek: «Zeren emakumea bazara, inoren mendean ez bazaude, orduan aske biziko zarete bai zu eta bai zure ondorengoak; hori ez dator bat erregimenaren balioekin».
Kuhkanek ezin izan zuen erabakirik hartu. Gurasoen baimenarekin behartu zuten ezkontzera 12 urte zituela —Iranen gutxienez 13 urte izan behar dira ezkontzeko, eta gurasoen edo epaile baten onespena behar da lehenago ezkontzeko—, eta espetxean ezagutu zuen senarrik gabeko bizimodua. Ezkondu ondoren, neskek eta emakumeek «ezin dute ihes egin, eta ihes eginda ere, ez daukate nora joan», senideek ere ez baitute nahi izaten horiek hartzea familiaren «izen ona» kaltetzeko beldurrez, Bakhtiarik esan duenez: «Besteen onurarako, beren burua sakrifikatu behar izaten dute, beren ametsak sakrifikatu behar izaten dituzte».
Ia mende erdia igaro da Irango 1979ko iraultza islamikotik, eta nabarmendu du herritarrak «esnatzen» hasiak direla, urteak «bakartuta» igaro eta gero; «gobernuak herritarrak mendean hartzeko boterea galdu du». Baina adin txikikoen ezkontzak ohikoak dira oraindik ere, batik bat pobreziak jotako eskualdeetan. «Gizonen eta erlijioaren menpeko gizarte batean, beren esanetara egon baizik ezin da egin. Horrek nesken askatasuna estutzen du», azaldu du Bramsh taldeko kideak.
Horren atzetik datoz adingabeen ezkontzak, eta horren atzetik datoz heriotza zigorrak, emakumeak azpiratzeko modu gisa. Iranen gutxienez 30 emakume exekutatu dituzte aurten. Eta, ezusterik ezean, Kuhkan izango da hurrena.