Astebete eskas falta da Israelek Gazaren aurka abiatutako sarraskiaren bigarren urteurrenerako, eta, azken hilabeteetan menia erdiesteko saiakerak egon diren arren, ez Israelek eta ez Hamasek ez dute beren exijentziei uko egiteko asmorik. Adierazpenen, zurrumurruen eta akusazioen nahas-mahas horretan, egoera are gehiago katramilatu du AEBek Gazarako plazaratu duten planak; hein batean, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia (1997-2007) egongo litzatekeelako Washington diseinatzen ari den Gazarako trantsizio gobernuan.
Blair abuztu amaieran itzuli zen nazioarteko politikaren lehen lerrora, AEBetako presidente Donald Trumpek gerraosteko Gazaren inguruan hitz egiteko propio deitutako bilera batean parte hartu zuelarik. Harridura eta mesfidantza eragin zuen hura Etxe Zuritik irteten ikusteak; izan ere, George W. Bush AEBetako presidente ohiak (2001-2009) 2003an Irak inbaditzeko zuen intentzioa babestu zuen Blairrek. Are, parte hartze militar hori justifikatzeko, esan zuen Irakek «suntsiketa masiborako armak» zituela, eta haiek «deuseztatzea» zela inbasioaren helburua. Arma horiek ez dituzte sekula aurkitu.Â
Downing Streeteko 10. zenbakiko bulegoa utzi ondoren, Ekialde Hurbilerako mandatari berezia izan zen 2008tik 2015era arte. Zazpi urte horietan, Laukotea izeneko nazioarteko diplomazia taldearen parte izan zen. NBE Nazio Batuen Erakundeak bultzatu zuen egitasmo hori, AEBen, EB Europako Batasunaren eta Errusiaren babesarekin. Ekialde Hurbilerako mandatari berezi gisa, jasota zegoen Palestinako erakundeen sorrera sustatzea zela Blairren eginkizuna, lurraldeko ekonomia garatzea, eta gobernabidearen eta segurtasunaren alorreko erreformak diseinatzea.
Palestinako agintari eta adituek salatu izan dute, ordea, urte horietan Blairrek «ezer gutxi» egin zuela legez kanpoko kokagune juduak geldiarazteko eta kolonoen indarkeria gaitzesteko. Kargu hori utzi ondoren, Ekialde Hurbilari lotuta jarraitu du, hark sortutako Aldaketa Globalerako Tony Blair Institutuaren bidez. Institutu horren helburua da, haren webgunean aipatzen denez, nazioarteko agintarien «ideia ausartak egia bihurtzea».
Bada, hamar urte geroago, 72 urteko politikari britainiarra Gazako behin-behineko trantsizio gobernuan egon daiteke, baldin eta Washingtonek ondutako planak aurrera egiten badu. Horren arabera, Gazaren gobernabidean ez lukete lekurik izango ez Hamasek, ez PAN Palestinako Aginte Nazionalak. Kontrara, palestinar teknokratek eta nazioarteko adituek osatutako batzorde bat izendatuko lukete, trantsizio aldi baterako; gehienez ere, bost urtez egongo litzateke indarrean. Eta Erresuma Batuko lehen ministro ohia izango litzateke, ezustekorik ezean, aginte talde horren burua.Â
Hamasek, ordea, dagoeneko esan du ez duela begi onez ikusten nazioartearen esku hartzea. Eta Blairrek Ekialde Hurbilean utzitako oinazea aintzat hartuta, baliteke gainontzeko palestinarrek eta inguruko herrialde arabiarrek antzera pentsatzea. Izan ere, Iraq Body Count gobernuz kanpoko erakundearen arabera, AEBen okupazio horretan 180.000 eta 200.000 irakiar artean hil zituzten.Â
Israelen defendatzailea
Mesfidantza eragin du Blairren parte hartzeak, Israelgo Gobernuarekin harreman estua duelako. Haren inguruan galdetuta larunbatean egindako elkarrizketa batean, hauxe esan zuen Israelgo lehen ministro ohi Ehud Barakek: «[Blairrek] Beti gorde du bihotzaren zati bat gatazka hau baretzeko proiekturako». Horrez gain, iazko urtarrilean Israelgo 12 telebista kateak iturri ofizialak aipatuz kaleratu zuenez, Blair Netanyahurekin bildu zen Israelen, «palestinarren lekualdaketaz» hitz egiteko. Blairrek gezurtatu egin zuen informazio hori.Â