Blaise Compaorek iragarri duenez, presidente kargua utzi du, "90 egunen buruan hauteskunde justu eta demokratikoak" antolatzeko aukera emateko. "Uste dut betebeharrak bete ditudala", esan du. Trantsizioko presidentetza Honore Nabere Traore armadako buruaren esku geratuko da.
Atzo, manifestariek su eman zioten parlamentuari, eta, gobernua deseginda, larrialdi egoera aplikatu zuen Compaorek. Asteartetik ari dira protestan ehunka herritar, 27 urte aski dira lelopean, Compaorek boterean jarrai ez dezan. Estatu kolpe baten bitartez iritsi zen presidentetzara, 1987an, eta 1998an, 2005ean eta 2010ean hauteskundeak irabazi zituen. Azken horien ostean oposizioak bozketa sistema aldatzea eskatu zuen.
1987ko estatu kolpean Thomas Sankara presidentea hil zuten, Afrikako Che Guevara ezizenarekin ere ezagutzen dena. Iraultzaile marxista eta panafrikanismoaren defendatzaile izan zen Sankara, eta 1983an herriaren babesarekin altxatuta hartu zuen agintea. Gobernuan zela hartutako neurri iraultzaileak Compaorek errotik moztu zituen 1987an, nahiz eta Sankararen gobernuan Presidentetza ministro izan zen.
Atzoko muturreko neurrien ostean, oposizioak gaur agintea uzteko eskatu dio Compaoreri, eta herritarrak espazio publikoa okupatzera deitu ditu, presio modura. Gaur ere protestak izan dira goizean kalean, eta presidenteak amore eman du azkenean. Horrek agintea utzita, trantsizio politikorako bidea ireki da Burkina Fason.
Burkina Faso 1960an independizatu zen Frantziatik, 1919an okupatu ostean. Independizatu zenetik hainbat estatu kolpe jasan ditu. Nazio Batuen Erakundearen arabera, garapen gutxien duten munduko hamar herrialdeen artean dago.