Galizia

BNGko buruak bere eta zuzendaritza osoaren dimisioa aurkeztu du

Martxoaren 1eko bozetako emaitza txarraren ondotik hartu dute erabakia zentro-ezkerreko koalizioko buruzagiek. Anxo Quintana eledun nazionalak esan du ez duela bere burua berriz hautagai aurkeztuko blokea gidatzeko.

2009ko martxoaren 14a
13:45
Entzun
BNG Bloke Nazionalista Galiziarra zentro-ezkerreko koalizioko eledun nazional Anxo Quintanak, bere dimisioa eta alderdiko zuzendaritzarena aurkeztu du gaur, joan den martxoaren 1eko hauteskundeetan izandako emaitza kaskarren ondoren. Gainera, azaldu duenez, ez du bere burua berriz hautagai aurkeztuko maiatzaren hasieran BNGk egingo duen Asanblea Berezian.

BNGren Kontseilu Nazionalean eman du bere erabakiaren berri. Organu hori asanblea nagusien arteko gorena da. Kontseiluan “hausnarketa eta azterketa prozesua” hasi du Blokeak, iragan martxoaren 1eko bozetan 13tik 12 diputatura (Galiziako Parlamentuko 75etik) igaro eta boto kopuruan jaitsi ondotik. Jaitsiera horrek, eta PPk gora egin izanak, PSdG-BNG koalizio gobernua berriz ezinezko egitea eragin du. Izan ere, PPk berriz gehiengo absolutua eskuratu du, lau urteren ondoren: 38 diputatu. Orain arte baino bat gehiago lortu du. PSdeGk bere 25 eserlekuei eutsi die.

Horiek hala, Quintanak “barkamena” eskatu die BNGko Kontseilu Nazionaleko kideei, “eginiko akatsengatik”, “zeren eta inolako zalantzarik gabe hauteskunde emaitza txarrak izan ditugu”.



Quintanaren iritziz, autokritika prozesua irekitzea beharrezkoa da, eta herritarren ondoan segitu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.