Kolonbia

Bogotak atzera bota du zerga erreforma, herritarren protestengatik

Larunbatean Armada kalera atera zuen, kaleetan lau egunez eginiko manifestazioak kontrolatu nahian. Fiskaltzaren arabera, hamalau pertsona hil dira istiluetan.

Ivan Duque Kolonbiako presidentea, zerga erreforma erretiratuko duela esateko bart eginiko agerraldia. KOLONBIAKO PRESIDENTETZA
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 3a
08:21
Entzun

Ivan Duque Kolonbiako presidenteak amore eman behar izan du. Zerga erreforma egin asmo zuen, izurriak Estatuaren diru kutxari eragindako zuloa estaltzeko 4.000 milioi euro jasotzeko. Baina oposizioko alderdi guztiek kontra egin diote, eta herritarrek lau egunez egin dituzte protesta kaleetan. Duquek Armada atera zuen kalera larunbatean. Istiluetan hamalau pertsona hil direla esan du fiskaltzak.

Atzo arte defendatu du Duquek bere egitasmoa. Besteak beste, zerbitzu publikoei %19ko BEZ zerga ezarri nahi zien.

Egitasmoa atzera bota duela iragarri du bart, eta «presaz, beste egitasmo bat proposatzea, kontsentsuaren bidez».

Herritar asko mobilizatu ditu egunotan Askatasuna Defendatzea Denon Afera Da kanpainak. Horien arduradunek larunbatean esan zuten ordura arte bost pertsona hil zirela protestetan. Human Rights Watch erakundeak beste hildako bat gehitu dio zerrendari. Baina Kolonbiako Fiskaltzak atzo esan zuenez, hamalau pertsona hil dira, denera.

«Herritarrei entzun ondoren», eta enpresaburuekin eta alderdiekin hitz egin ostean, enpresei gainzerga bat ezarriko die Duquek, bart esan duenez, eta ondasun zerga luzatu eta irabazien gainekoa handituko duela.

«Kontsentsuaren bideak ikuspegia argitzen digu, eta garbi esaten uzten digu ez dela BEZa handituko ondasun eta zerbitzuentzat. Eta argi geratu da errenta ordaintzen ez duen inork ez duela zerga hau ordainduko». Hau da, Estatuak dirua zerga progresiboen bidez eskuratuko duela, ez eta txiroen bizkarretik.

Sindikatuek eta gizarteko mugimenduek lanuzte orokorra antolatu zuten joan zen asteazkenean. Hori izan zen lehenengo mobilizazioa. Milaka pertsona kalera atera ziren, manifestazio baketsuetan. Baina gauean istiluak hasi ziren.

Duquek Armada kalera atera zuen, baina Bogota hiriburuko eta Medellingo alkateek adierazi zuten ez zituztela militarrak nahi euren kaleetan.

Kolonbiaren ekonomiak %6,8 egin zuen behera 2020. urtean. Langabezia %15,9koa da, eta zerga erreforman atzera egin izanak ez du herritarren haserrea baretu. Zenbait herri mugimendu eta sindikatuk protestekin jarraitzeko deia egin dute, eta salatu azken egunetako manifestazioetan poliziaren indarkeria salatu dutela mila lagunek baino gehiagok.

Manifestazioen deitzaileek nabarmendu dute «garaipen bat» izan dela zerga erreforma erretiratu izana, baina ohartarazi borroka ez dela amaitu, eta ez dela bukatuko Duquek erreforma guztiak erretiratzen dituen arte: «Lan erreforma, osasun erreforma eta pentsioena erretiratu behar dituzte, eta justizia egin mobilizazioetan hil eta zauritutako herritar guztiei».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.