Boli Kostako gatazkak milioi bat iheslari eragin ditu

Armak baliatzea zigortzeko ebazpena aurkeztuko du Frantziak NBEren Segurtasun Kontseiluaren aurrean

2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Boli Kostako presidentetzarako hauteskundeetan —iazko azaroan eta abenduan egin ziren—garaile irten zelakoan boterean geratu den Laurent Gbagboren milaka jarraitzaile bildu ziren atzo Abidjanen. Elkarretaratze jendetsu horrekin beste behin axut egin diote Nazio Batuen Erakundeari, boz haien irabazletzat jo duelarik Alassane Uattara oposizioko buruzagia. Gbagboren aldeko Abertzale Gazteak miliziako buru Charles Ble Gude zen ekimenaren antolatzailea, haren esanetan, hori izan delarik «herritar matxinada bat». Baina matxinadak milioi bat iheslari hirian pilatu ditu, eta 500 hildako baino gehiago, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez. Duela astebete herrialde osoan erdiak ziren iheslariak.

Anartean, nabari dago egoera gerra zibil baten alderat makurtzen ari dela. Ezen, joan den otsailetik, Gbagboren aldeko FDS Defentsa eta Segurtasunerako Indarrak eta Uattara sustatzen duten gerrillariak borroka gogorretan sartuak dira Abidjaneko hainbat auzotan. Guduka hauetan, Gbagboren aldeko indarrek gerra arma gogorrenak baliatzen dituztela salatu du Frantziak, eta Nigeriarekin batera, armamentu horien erabilera geldiarazteko proposamena aurkeztu du NBEko Segurtasun Kontseiluan. Datorren astean eztabaidatuko dute erabakia.

Ekimena bipil salatu du Gbagboren aholkulari Alain Toussainek: «Frantziak ahaleginak oro egiten ditu Boli Kostan boterea aldatzeko asmoz; bozen bitartezko estatu kolpeak porrot egin ondoan, NBEa baliatu nahi da eraso militar bat baimentzeko xedean; gerra deklarazio bat da».

Gbagboren boterea, haatik, gero eta zokoratuagoa da, eta AEBetako presidente Barack Obamak atzo bertan indarkeria geldi dadin ohartarazi zuen, eta Gbagbori joan dadila eskatu.

Boli Kostako 2002ko gerra zibilak herria bitan banatu zuen, eta orain bide horretan da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.