BOLIVIA. Evo Morales hautagai indigena da gaurko bozak irabazteko faboritoa

Herrialdearen egoera nahasia da oso, eta horrek zaildu egingo du gobernu berriaren lana

LA PAZ
2005eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Goizeko hotzak ez du eraginik Martin Quisperengan. Ordu horretan abiatzen da egunero Andeetako mendikatearen bihotzean dagoen La Pazeko kanpoaldetik erdigunera. Kaleetako propagandak hauteskunde garaia dela gogorarazten dio, baina gehiago kezkatzen dio bere lan egoera egongaitzak, gaur egingo diren bozen emaitzek baino. 3,6 milioi boliviarrek izango dute bozkatzeko aukera.

«Guregatik ezer egiten ez duten politikariez nekatuta nago», zioen Quispek. Haren iritzia bat dator herritarren %10,7rekin. Boliviaren Latinoamerikako herrialderik txiroenetako bat etorkizunerako oinarrizkoak diren hauteskundeetan boto baliogabea edo zuria emango dutela iragarri dute horiek. «Beti berdina da. Hitza ematen dute, eta ez dute betetzen», zioen El Altoko bizilagun horrek. Hiriburuaren kanpoaldeko eskualde horretan liskar ugari izan dira azken hilabeteetan.Bolivian, non herritarren %60 baino gehiago indigenak diren, presidentea, senatariak, diputatuak eta, lehen aldiz, prefektuak departamentuetako gobernadoreak aukeratuko dituzte gaur. Denbora luzez agintean egon diren alderdi tradizionalek herritarren artean eragindako nahigabea eta egongaiztasuna gainditzea lortu beharko du gobernu berriak. Hainbat eskualdek eskatzen duten autonomiari buruz, eta energia baliabideak nola kudeatuko dituzten ere erabaki beharko du gobernu berriak. «Egoera kezkagarria da, hauteskundeen ondorioz, liskar larriak eta matxinadak izateko arriskua handia delako. Inor ez da erabat pozik geratuko», azaldu zuen Rene Mayorga analista politikoak. «Mota guztietako espekulazioak daude. Herrialdearen banaketa iragartzen dute batzuek, estatuaren kolapsoa besteek, NBEren parte hartzea beste batzuek.... Hipotesi horiek guztiak airean daude». Gauzak horrela, badirudi indigenen buru eta MAS Sozialismoranzko Mugimenduko hautagai Evo Morales dela bozak irabazteko faboritoa. 2002ko presidentetzarako bozetan bigarren geratu zen Moralesek hautesleen %36ren sostengua du. PDS Botere Demokratiko Soziala alderdiko Jorge Quiroga du aurkari nagusi. Eskuina ordezkatzen du Quirogak eta herritarren %28ren sostengua du, inkesten arabera.

Gehiengo osorik ez

Arazoa zera da, dirudienez, bietako inork ez duela irabazteko beharrezkoa den botoen %50 eta bat gehiago lortuko, ezta zalantzan dauden %11,6 horiek konbentzituta ere. Ondorioz, Kongresuak erabaki beharko du emaitza hoberenak lortu dituztenetatik nor izango den presidentea. Gobernu berriak hondar higikorretan ibili beharko du. Sistema horrek kritika ugari jaso ditu.

Moralesek irabazten badu, duela bi mende eta erdi Boliviako errepublika sortu zenetik, agintera iristen den lehen indigena izango litzateke. Buruzagi sindikala izan zen Morales, 1997an koka ekoizleen botoari esker diputatu izendatu zuten arte. 2003az geroztik, bi presidenteren gainbehera eragitea leporatzeko diote MASeko buruari, eta Venezuelako presidente Hugo Chavezekin lotzen dute. Ondorioz, AEBetako Gobernua beldur da ez ote den Bolivian gobernu nazionalista bat sortuko, eta mesfidantzaz begiratzen dio Moralesi. Agian horregatik, indigenen buruak leundu egin du bere diskurtsoaren tonua, eta atzerriko inbertsioak errespetatuko dituela esan du, betiere ustiapen horren onurak Boliviarentzat badira. Era berean, droga trafikatzaileei aurre egingo diela hitza eman du, koka hostoaren ekoizle txikiei kalte egin gabe. Quirogak, bere aldetik, Moralesen programak eragindako beldurraren kontra bozkatzera deitu ditu herritarrak, eta atzerriko enpresen inbertsioak mantentzeko konpromisoa hartu du, betiere, «bidezko kontratuetan oinarritutako politika nazionalista bultzatuz». 35 urteko presidente ohia Hugo Banzer 2001ean hil zen eta haren ordez hartu zuen kargua izan zen gasa AEBetara esportatzeko egitasmoa bultzatu zuena. Proposamen hori kontserbadoreen gustukoa izan zen, baina herritarrek gogor kritikatu zuten, eta epe luzera Gonzalo Sanchez de Lozada presidentearen gainbehera eragin zuen.

Gobernagarritasun krisia

Egungo presidente Eduardo Rodriguezen ondorengoa Quiroga ala Morales izan, badira, Kongresuaren osaketa eta prefekturak direla eta, gauzak ez direla aldatuko diotenak. «Hauteskundeen ostean, seguruenik gobernagarritasun krisiarekin jarraituko dugu. Evo Moralesek gehiengo soila lortzen badu, eta Kongresuan herrialdearen gobernagarritasuna bermatuko duen gehiengo parlamentarioa ez badu, litekeena da presidente izatera iristea, baina setiatua egongo da, eta bere lana egiteko oztopoak besterik ez dizkiote jarriko», nabarmendu zuen Mayorgak.

Segurtasun neurri handiak hartu ditu Gobernuak gaurko. Orotara 26.000 soldadu eta 24.000 polizia izango dira herrialde osoan. Horretaz gain, AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak inoiz baino begirale gehiago bidali ditu 166, eta bozak baketsuak eta garbiak izango direla iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.