Evo Moralesen gobernuek (2006-2019) emaitza bereziki onak izan zituzten ekonomian, garai hartako beste gobernu aurrerakoi batzuek baino hobeak: Boliviak hazkunde ekonomikoa izan zuen, eta pobrezia murriztu zuen Latinoamerikako gainerako gobernuek baino gehiago. Hala ere, 2019an hauteskundeak izan eta gero, Morales erbesteratu egin zen, eta orduantxe ekin zion orain Chapareko oihanean bere gertu-gertukoekin batera gotorturik egotera eraman duen bideari. Moralesek irabazi zituen 2019ko azaroko hauteskundeak, baina Amerikako Estatuen Erakundeak leporatu zion emaitzak faltsutu izana beste bozaldirik egin behar ez izateko, eta, hori zela kausa, kargua uzteko exijitu zioten armadak eta Poliziak. Hori ikusirik, Evok ihes egin zuen, eta, anabasa haren erdian, Jeanine Añez eskuindarra izendatu zuten presidente —gaur egun, preso dago Añez—.
MASen barneko liskarrak izango dira gaur egitekoak diren hauteskundeen gakoa: alde batetik, alderdiaren fundatzailea dago, Evo Morales, zeinak ezin baitu parte hartu, inhabilitatua dagoenez gero; bestetik, haren ondorengoa eta Ekonomia ministroa izandakoa, oraingo presidente Luis Arce, zeinak uko egin baitzion hautagaia izateari baina bere esku baitu alderdiaren sigla. Oraingoz, MASek hauteskundeetarako dauzkan hautagaiak hauek dira: Del Castillo ministro ohia, zeina MASen izenean aurkeztu eta Arceren ondorengoa baita; eta Andronico Rodriguez, Senatuko oraingo presidentea eta Evo Moralesen ondorengo politikotzat joa. El Altoko alkate Eva Copa zen hirugarren ordezkaria, baina hautagai izatea baztertu zuen azkenean.
Eduardo Paz Rada soziologoaren iritziz, «MASen hautagai bakarra Del Castillo da, eta haren inguruan bildu dira, alde formaletik begiratuta, gaur egun MASen geratu direnak. Hasierako alderdia hirutan banatu da, eta hiruretatik bik parte hartuko dute hauteskundeetan: Del Castilloren aldekoak, batetik, eta Andronico Rodriguezen Aliantza Popularra, bestetik. Gainerakoak Evo Moralesen aldeko taldean daude, baina ez diete baimenik eman hauteskundeetara aurkezteko, eta, beraz, boto baliogabearen alde egingo dute».
«MASen hautagai bakarra Del Castillo da, eta haren inguruan bildu dira, alde formaletik begiratuta, gaur egun MASen geratu direnak»Â
EDUARDO PAZ RADA Soziologoa
Morales higatuta dago gobernuan igarotako urteen ondorioz, eta bere botere nahiak eta pertsonalismoak ere kalte egin diote. Bazirudien Moralesek Rodriguezi emango ziola babesa eta hura izango zuela ondorengoa, baina ez da hala izan. Rodriguezen eta Moralesen arteko haustura erabatekoa izan zen Rodriguezek hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuenean, Morales presidente ohiak behin baino gehiagotan esana baitzion ez aurkezteko, bozak legitimoak ez direlakoan.
«Nire ustez, orain dela bi urte izandako hura kolpe instituzional bat izan zen, estatu kolpe bat: Auzitegi Konstituzionalak gaina hartu zien gainerako botere organoei», iritzi dio Paz Radak. «Auzitegi Konstituzionalak, aurrena, botere legegileari galarazi zion ezer erabakitzea botere betearazlearen esan-eginen gainean, eta hori konstituzioaren kontrakoa da; gero, hauteskunde kontuetan sartu zen, MAS sigla kendu baitzion alderdiaren orduko zuzendaritzari. Eskua sartu du bai legegintzako kontuetan eta bai hauteskundeetan».
Zalantza ugari
Inkesten arabera, asko dira botoa nori eman zalantzan dabiltzanak eta nori emango dioten esan nahi ez dutenak; gutxienez zazpi milioi boto emailek aukeratuko dituzte presidentea, presidenteordea, 36 senatari eta 130 diputatu. Nolanahi ere, ezkerraren botoak sakabanatzen badira, litekeena da ezkertiarrak galtzaile izatea hauteskundeetan, eta bidea erraztea eskuineko hautagaiei, zeinak faborito ageri baitira inkestetan.
Azken egunetan, Moralesen jarraitzaileek dei egin dute boto baliogabea ematearen alde, beren hautagaiaren inhabilitazioaz protestatu nahian: beste hautagaien aldekoak baino gehiago balira boto baliogabeak, agerian geratuko litzateke, haien ustez, hauteskundeak ez direla demokratikoak. Paz Radak, beste askok ez bezala, ez du uste Moralesen jarrera hori apeta intrantsigente bat denik, baizik eta eskura zituen bide guztiak probatu dituela eta orain beste modurik ez duela hauteskundeetan erakusteko nolako indarra duen.
«Hemen gauzak dauden bezala egonda, Mileiren edo Bukeleren estiloko planik ezin da ezarri»
JORGE VIAÑA Ekonomialaria eta irakaslea
Dena dela, eta nahiz eta eskuinari abagune aparta iruditzen zaion oraingo krisi politiko eta ekonomikoa, Jorge Viaña ekonomialari eta irakasleak pentsatzen du, analista askok bezala, ezkutuko botoak ezustekoa eragin eta iragarpenak irauliko dituela. «Bigarren bozaldia egin beharko da, nik uste; lehenbizikoan, Doria Medina nagusituko da, eta bigarrenean, berriz, Andronicoren eta Tuto Quirogaren artekoa izango da bozak irabazteko lehia». Samuel Doria Medina zentro-eskuineko politikari eta enpresaria da, eta Jorge Quiroga, berriz —Tuto Quiroga ere deitua—, Boliviako presidentea izan zen 2001etik 2002ra, berak osatu baitzuen Hugo Banzer diktadore eta gero presidente izanaren agintaldia.
Boliviak krisi ekonomiko handia du: lehenbiziko seihilekoan metatutako inflazioa %15,53 izan da, urte guztirako gobernuak aurreikusi halako bi, eta ia hogei urteko okerrena; beraz, inflaziorik handiena duten Amerikako herrialdeetako bat da Bolivia. «Hemen gauzak dauden bezala egonda, Mileiren edo Bukeleren estiloko planik ezin da ezarri, baina hauteskundeak batek irabazi edo besteak irabazi, doikuntzak egingo dituzte, Andronicok berak ere bai», ondorioztatu du Viañak. «Inork ez du egingo Mileirena bezalako doikuntza bortitzik, baina edozeinek hartuko ditu debaluazioa eta doikuntzak egiteko neurriak, polikiago nahiz azkarrago».