Mundua

Boliviako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin du Evo Morales berresteko erreferenduma

Arrazoia eman dio oposizoko diputatu baten helegiteari, galdeketa Konstituzioaren kontrakoa dela esanda. Gobernuak dio erreferendumarekin aurrera segituko duela; abuztuaren 10erako deitua du.

2008ko uztailaren 23a
18:13
Entzun 00:00:0000:00:00
Abuztuaren 10erako dago deituta Bolivian Evo Morales presidentearen agintaldia berresteko edo baliogabetzeko erreferenduma, baina hango Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin du gaur. Moralesena ez ezik, Alvaro Garcia Linera presidenteordearen eta eskualdeetako gobernadoreen agintaldien jarraipenaz ere badago deituta galdeketa, eta Boliviako Gobernuak berak antolatu du.

Arturo Murillo (UN) oposizioko diputatuak erreferendumaren kontrako helegitea sartu zuen, eta Auzitegi Konstituzionalak arrazoi eman dio, galdeketa Konstituzioaren kontrakoa dela esanda.

Kide bakarra dago gaur egun auzitegian: Silvia Salame. Izan ere, Legebiltzarrak hautatutako beste lauk postua utzia dute.

Moralesen gobernuak kritikatu egin du erabakia, eta galdeketarekin aurrera segituko dutela adierazi du. Bidez batez, neurriaren aurkako helegitea sartuko du.

Uztailaren 13an BERRIAk argitaratutako elkarrizketan baikor zegoen Morales erreferendumaz, uste baitzuen abuztuko galdeketan alde handiagoa lortuko duela aukeratu zutenean baino; hau da, botoen %54 baino gehiago bilduko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.