Presidente kargua hartu eta sei hilabete eskasera, Rodrigo Pazen kontrako blokeoak eta protestak hasi ziren, eta horrek zaildu egin dio Pazi Bolivia gobernatzeko lana. Gizarte eragileek eta sindikatuek eskaera batzuk helarazi zizkioten presidenteari, baina hark ez entzunarena egin zien, eta, orain, ikusirik ez dagoela hitz egiteko borondaterik eta gobernuak ezezkoa besterik ez diela eman, eragile horiek kargua uzteko exijitu diote presidenteari.
Sozialismorako Mugimendua (MAS) gobernuan egon zen hogei urteetan, indigena boliviarrak gizarte eragile gisa onartu zituzten, beste gainerakoak bezala, eta hori gauza berria izan zen, ordura arte gehienetan ez ikusiarena egiten baitzieten jardun instituzionalean, eta estigmatizatuta eduki. Nolanahi ere, boterean egoteak dakarren higaduraren ondorioz, MASek hauteskundeak galdu zituen 2025ean.
Gizarte eragileek nolabaiteko motelaldia izan zuten orduan, baina orain berriz hasi dira ekinean indartsu. Rodrigo Pazek eta Edmand Larak hauteskundeak irabazteko orduan, erabakigarria izan zen nekazarien, langileen eta indigenen botoa. Urteetan, haiek MASen aldeko botoa eman zuten, baina mugimendu horrekin desilusioa hartu zutenean ez zuten jo eskuin tradizionalera.
Dena dela, sekula ez dute konfiantza handirik izan Pazengan, eta agudo galdu da, gobernuaren erabakietako asko ikusi bezain laster. Esaterako, presidenteak erabaki zuen lurraren edukitza auzitan jarriz ekingo ziola bere agintaldiari, hau da, auzitan jarri du Boliviako herri xehearen oinarri printzipalenetako bat. Hori erabakigarria izan da eragile horien begietan: eskaera bateratuak egiten hasi dira, alde batera utzita azken urteotan elkarrengandik urruntzen zituen mesfidantza.
«Mobilizazioaren garaipen handienetakoa zera izan da, 1720 Legea indargabetzea, lurren kontzentrazioa bultzatzen zuen legea»
SUSANA BEJARANOÂ PolitologoaÂ
1781ean, Tupac Katari-k gidaturik, indigenek Espainiaren indar kolonialaren kontrako matxinada egin zuten, inoiz izandako handiena. La Pazko setioa esaten zaion horretan, indigenek itxi egin zituzten hiri handi horretarako bideak; La Paz bakarturik geratu zen sei hilabetean, janaririk eta bestelakorik gabe. Katari harrapatu, ordea, eta laurdendu egin zuten, gorputz adarrak lau zaldiri loturik; haren gorpuzkiak erakusten ibili ziren, geroko matxinoen zentzagarri, baina indigenek ikasia zuten protestatzeko modua.
Harrezkero, bideak itxiz egiten dituzte Altiplanoko eskualde horretako protestarik handienak. 1781ean bezala, orain ere La Pazen hasi dira bideak trabatzen, eta beste eskualde batzuetara zabaldu dute gero protesta. Interneteko atari digitalek kontatu dutenez, dozenaka errepide itxi dituzte azken asteotan herrialde guztian; janaria, botikak eta erregaia falta dira; oinarrizko produktu asko garestitzen ari dira, eta arazoak daude garraioa erabiltzeko.
Herritarrak kexu
Apirilean, Boliviako Langileen Zentralak (COB) eskaera zerrenda bat eman zion gobernuari; handik hilabetera, gobernuak ezezkoa eman zion eskatutako ia guztiari. Batez ere, soldata igotzea nahi zuten sindikatukoek. Egoera horretan, mobilizaziorako funtsezkoa izan da COBek eta nekazariek elkar hartzea. Askoren ustez, eragileen sare horretan nekazariek parte hartzea da gakoa, sektore gutxik baitute haiek adinako indarra eta gogor egiteko gaitasuna.
«Nabarmendu beharra dago mobilizazioaren garaipen handienetakoa zera izan dela, 1720 Legea indargabetzea, lurren kontzentrazioa bultzatzen zuen legea», adierazi du Susana Bejarano politologoak. Arau berrian, aspaldiko egitasmo bati heldu diote berriz, Boliviako nekazaritza erregimena aldatzeko proiektu bati. Gai hori arrunt delikatua da herrialde horren historian. «1953ko nekazaritza erreformaren arabera ezarritako ordenamenduak modua ematen du nolabaiteko oreka sortzeko lurraren edukitzari dagokionez, eta, horri esker, ez da Kolonbian bezalako gatazkarik piztu, esaterako».
1720 Legea indargabetzea mugarri bat izan da: «Amazoniatik abiaturik, martxa bat ere egin dute 28 egunez, eta gobernuaren egoitzaraino iritsi; hori erabakigarria izan da legea indargabetzeko», gogorarazi du Quya Reyna idazleak. «Kontua da hori egiterako mesfidantza oso handia zela eta kargua uzteko eskatzeari ekin diotela, tartekorik gabe».
Mugarriak
Pazek hartutako lehenbiziko neurrietan, fortuna handien gaineko zerga kentzea izan zen herritarrei gutxien gustatu zitzaizkienetako bat. Gobernuak argudiatu zuen horren bitartez inbertsioak erakarri nahi zituela eta kontu publikoak txukundu; krisialdi ekonomikoaren erdian, ordea, herri xeheak pentsatu zuen traizio bat zela, eta presidentea eliteen alde gobernatzen ari dela, nahiz eta haien botoei esker izan kargua.
«Urtarrilean beste mugarri bat izan zen: 5503 Dekretua eta hark zekartzan murrizketak onartzea. Eta orduan hasi ziren lehen mobilizazioak», kontatu du Reynak. «Dekretua arbuiatzeko orduan, hasieran hirietako jendeak ere kontra egin zion, ez baitzuten nahi erregaiari diru laguntza kentzea, baina bigarren fasean ez zuten parte hartu blokeoetan; gobernuak estigmatizazio kanpaina bortitza egin zuen haien kontra».
«Paz sinesgarritasuna galtzen ari da erdiko klaseen begietan ere, jabetu baitira gobernuburua ez dela efizientea»
QUYA REINAÂ Idazlea
Gobernuaren estrategiaren helburua zera izan da, Evo Morales pagaburua izatea eta bazter guztietan zabaltzea narkotrafikoak bultzatzen dituela mobilizazioak. «Hori ikusita, jendea are gehiago sumindu zen», azaldu du Bejaranok. «Alde batetik, Evo gorroto dutelako, eta, bestetik, ez delako egia hura dutela gidari, ez erabat behintzat». Mugimenduen gidarietako bat da Morales, baina buruzagirik ezagunenetako batzuk Mario Argollo —COBeko idazkari nagusia da, eta hura atxilotzeko agindu bat emana dago— eta Milton Condori senataria dira.
«Paz sinesgarritasuna galtzen ari da erdiko klaseen begietan ere, jabetu baitira gobernuburua ez dela efizientea, ez dakiela gatazkak bideratzen eta hitz egiten duenean konfrontazio bila dabilela beti», borobildu du Reynak. «Baina gizarte eragileak ere sinesgarritasuna galtzen ari dira, eta, Pazek kargua utziko balu ere, ez dago etorkizuna prestatzeko planik». Egoera hori izanik ere, eta «bi aldeak higatzen ari diren arren, gobernua aterako da galduan».