Bolsonarori 27 urteko espetxe zigorra ezarri dio Brasilgo Auzitegi Gorenak, estatu kolpe bat ematen saiatzeagatik

Beste lau deliturengatik ere jo dute errudun. Defentsak iragarri du helegite bat aurkeztuko duela. AEBetako Estatu idazkariak ohartarazi du Washingtonek «aurre» egingo diola Brasilgo presidente ohiaren aurkako «sorgin ehizari».

Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia, Brasiliako bere etxean, irailean. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia, Brasiliako bere etxean, irailean. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Julen Otaegi Leonet - Maddi Iztueta Olano
2025eko irailaren 12a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean, Brasilgo Auzitegi Goreneko nahikoa epailek egin dute Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren kontra, eta errudun jo dute 2023ko urtarrilean estatu kolpea ematen saiatzeagatik Luiz Inazio da Silva Lula presidentearen aurka: 27 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio auzitegi horrek. Gainera, delitu hauengatik ere zigortu dute: zuzenbide estatua desegiten saiatzea, ondasun publikoei eta ondareari kalte egitea, eta erakunde kriminal bateko kidea izatea; izan ere, Bolsonaro ez ezik, haren gertuko beste zazpi pertsona ere erruduntzat jo dituzte —armadako bost goi kargudun eta bi zibil—. Lehenbiziko aldia da non Brasilgo auzitegi batek errudun jo duen presidente ohi bat estatu kolpea ematen saiatzeagatik. Armadako goi kargudunentzat ere estreinako aldia da.

Akusatuetako inor ere ez zegoen atzo auzitegian, Carmen Lucia Antunes epaileak bere erabakia eman zuenean. Bost epailek osatu dute mahaia, eta lauk egin dute akusatuen kontra. Hain justu, Antunesek herenegun nabarmendu zuen frogatuta dagoela estatu-kolpe saiakeran «biolentzia» egon zela: «Errepublikaren arima mindu eta bahitu nahi zuten». Epaile horren arabera, «Jair Bolsonarok zuzendutako talde batek, zeina [Brasilgo] Gobernuko kide garrantzitsuek osatzen zuten, instituzio demokratikoei eraso egiteko plana egin zuen». Horren helburua zen presidente aldaketari «kalte egitea» eta botereak «leherraraztea», bereziki, judiziala. Alexandre de Moraes epailearen arabera, berriz, «proiektu autoritarioa» osatu zuen presidente ohiak, presidentetzarako bozak galduagatik ere karguan jarraitzeko.

Edonola ere, Bolsonaroren defentsak dagoeneko esan du helegite bat jartzeko asmoa duela, eta ohartarazi du prest dagoela auzia «nazioarteko organismo judizialetara» eramateko. Ohar baten bidez, Celso Vilardi eta Paulo da Cunha Bueno abokatuek kritikatu dute Brasilgo Auzitegi Gorenaren ebazpena «gogorregia» dela, eta argudiatu dute Bolsonaro «errugabea» dela, eta ez zuela «demokraziaren aurkako neholako planetan» parte hartu. Helegite horrek aurrera egin edo ez, Bolsonarok beste aukera bat du mahai gainean: atxiloaldia etxean igarotzea. Hori eskatu ahalko luke argudiatuta osasun arazoak dituela. 

Bolsonaro 2019tik 2023 hasierara arte izan zen Brasilgo presidentea. 2022an egin zituzten presidentetzarako bozak, eta Lulak irabazi zituen. 2023a hastearekin batera hartu zuen kargua, eta Bolsonarok, zeinak boz horiek galdu zituen, kontra egin nahi izan zion; hortik astebetera saiatu zen estatu kolpea ematen, urtarrilaren 8an: milaka lagunek Hiru Botereen plazan egin zuten protesta, Brasilian —han daude presidentetzaren egoitza, Brasilgo Kongresua eta Auzitegi Gorena—.

3

Brasilgo zenbat presidente ohi zigortu dituzten. Brasilgo botere judizialak zigortzen duen herrialdeko hirugarren presidente ohia bihurtu da Jair Bolsonaro (2019-2023). Haren aurretik, beste bi estatuburu ohi zigortu dituzte: Luiz Inacio da Silva Lula (2003-2010), zeina gaur egun hirugarrenez presidentea den, bi ustelkeria kasu egotzita; eta Fernando Collor (1990-1992), ustelkeria kasu bat leporatuta.

Brasilgo Fiskaltzak iragan otsailean egotzi zizkion delituak Bolsonarori, eta irailaren hasieran ekin zioten epaiketari. Lehentxeago, abuztuan, etxeko atxiloaldia ezarri zion gorenak, aurreko hilabetean ihes egiteko edo Lularen aurkako ideiak zabaltzeko arriskuagatik ezarritako neurri batzuk apurtzeagatik. Aurrez ere inhabilitatu zuten, gainera, eta debekatu egin zioten 2030era arte bozetara berriz aurkeztea, botere gehiegikeriagatik: hauteskunde sistema zalantzan jartzea egotzi zioten. Halere, Brasilgo Kongresuan erdibidean dagoen amnistia legea onartu eta aplikatuko balute, baliteke berriro ere hautagai gisa aurkezteko aukera izatea.

Brasildik harago, Hego Amerikan badira zigortuak izan diren hainbat estatuburu. Aipatzekoak dira, adibidez, Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia (2002-2010), zeinari hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten joan den uztailean, ustelkeria egotzita; eta Alberto Fujimori Peruko presidentea izandakoa (1990-2000), zeinari 25 urteko espetxe zigorra jarri zioten, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta.

AEBen babesa

2023an eman asmo zuen estatu kolpeak huts egin ondoren, AEB Ameriketako Estatu Batuetan hartu zuen babes Bolsonarok. Harreman estua du hango administrazioarekin, eta horren erakusle da, hain zuzen, Washington prest dagoela Brasilgo presidente ohiaren aurkako epaiari buru egiteko. AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok atzo esan zuenez, gorenaren erabakia Bolsonaroren aurkako «sorgin ehiza» baten parte da, eta ohartarazi zuen AEBek «erantzun» egingo diotela «ehiza» horri. 

AEBetako presidente Donald Trumpek ere hitz egin zuen auzi horren inguruan, prentsaurreko batean. «Harrituta nago; Bolsonaro gizon ona da». Aintzat hartzekoa da, gainera, Trumpek %50eko muga zergak ezarri zizkiola Brasili duela zenbait aste; besteak beste, Bolsonaroren aurkako epaiketaren zigor gisa. 

Brasilgo Gobernuak erantzun egin die Rubioren mehatxuei. Atzerri Ministerioak zabaldutako ohar baten bidez, esan du AEBen adierazpenek ez dutela «izutzen», eta AEBetako Estatu idazkariari leporatu dio Brasilgo Gobernuari eraso egitea. Horrekin lotuta, Bolsonaroren aurkako epaia txalotu du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok: «Estatu kolpe bat ematen saiatzen den orok zigortua izan behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.