Borisov eskuindarraren alderdiak irabazi ditu Bulgariako hauteskundeak

Simeonek, errege eta lehen ministro ohiak, garailea zoriondu eta politika utziko duela iragarri zuen atzo

2009ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
GERB Bulgariako Garapen Europarraren Herritarrak alderdiaren garaipena baieztatu du Hauteskundeetako Batzorde Zentralak. Gehiengo osotik gertu, Boiko bozen %39,7 bildu ditu Borisov Sofiako alkate populistak igandean izandako hauteskundeetan, eta, legebiltzarrean, 112 eta 120eserleku artean lor ditzake. Argi geratu da, beraz, eskuinak Bulgarian izan duen gorakada.

Orotara, 6,88 milioi bulgariar zeuden deituak 240 diputatu aukeratzeko bozkatzera, eta parte-hartzea %60 ingurukoa izan da, azken 12 urteetako handiena.

Ustelkeriaren aurkako borroka izan du lema Boiko Borisov karate irakasle eta alderdi buruak - Batman esaten diote-. Bulgaria EB Europako Batasunean sartu zenetik lehen bozak dira, eta lema hori izan daiteke irabazteko sekretua. Iaz, EBk 500 milioi euroko diru laguntza ukatu zion, kredituen kudeaketan izan zuen gardentasun faltagatik, eta diru laguntzak kendu dizkioten lehen estatu kidea da.

Bulgariako Alderdi Sozialista (BPS) izan da bigarren indarra; bozen %17,7rekin, 41 eserlekueskuratu ditu. Egungo lehen ministro Sergei Stanixeven alderdiak 2005eko hauteskundeetan baino emaitza okerragoa izan du, ia hogei puntu galdu ditu, eta hondamendiaz mintzo dira asko. Beherakadaren arrazoiak asko dira; izan ere, kalte larriak eragin dizkio alderdiari azken legegintzaldiko sozialisten aurkako sei zentsura mozioek eta ustelkeria kasuengatik izandako sei ministroren dimisioek. Hauteskunde kanpainan egindako promesek ere, 225 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta 100.000 lanpostu berri sortzea, ez dute balio izan sozialisten norabidea zuzentzeko.

Bestalde, Borisovek ziurtatu zuen ustelkeriarekin zerikusia zuten ministro sozialistak justiziaren aurrera eramango zituela. Analista politiko ugarik, berriz, krimen antolatuarekin erlazionatzen dute Sofiako alkatea bera, droga trafikoarekin eta kontrabandistekin izan duen harremanagatik.

Simeonek politika utziko du

Bulgariako Simeon errege eta lehen ministro ohiak NSDV alderdiaren zuzendaritzari uko egingo diola iragarri zuen atzo, emaitza txarrak direla medio. «Logikoa da dimisioa aurkeztea», adierazi zuen Sofian eginiko prentsaurrekoan. Borisov irabazleari «arrakasta izatea» opa zion.

NSDVk bozen %3,02 besterik ez ditu lortu, legebiltzarrean sartzeko beharrezkoak diren gutxieneko % 4 baino gutxiago, alegia. Haren dimisioa alderdiarentzat onuragarria izango dela, eta haren dimisioagatik inongo dramarikez dela egin behar adierazi zuen. «Bulgariar herriari eginiko keinua da nire erabakia», gaineratu zuen 2005etik gobernuan egon den hirukoaren kideak.

Simeon Bulgariako azken erregea 1944an herrialdetik kanporatu zuen gobernu komunistak, eta 50 urtean Espainian erbesteraturik egon ostean, 1996an itzuli zen, berriz ere, Bulgariara. 2001ean, Nazio Mugimendua alderdiaren buru zela, bozak irabazi eta errepublikako botereko gobernuburu izendatu zuten. Hala, erregetzatik kanporatu, eta boterera itzulitako lehen agintari bilakatu zen. Orain, izandako emaitza txarren arrazoia aztertu eta bide berriei ekiteko eskatu die alderdikideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.