Israelek oraindik ez du esan prest dagoen edo ez bitartekariek proposatutako eta Hamasek dagoeneko onartutako tregoari oniritzia emateko; eta, halere, AEBetako presidente Donald Trump Palestinako erakunde islamistari kontzesioak egiteko eskatzen ari da oraindik. Egiptoko iturri ofizialak aipatuz EFE albiste agentziak kaleratu duenez, gatibu guztiak askatzeko exijitu dio Trumpek Hamasi —guztira, 48; horietatik hogei daude bizirik—; trukean, bere burua eskaini du «pertsonalki» negoziazioak gainbegiratzeko, eta hitzeman du Israelek bertan behera utziko lukeela Gaza hiria okupatzeko operazioa. Informazio horren arabera, proposamen horrek zera jasotzen du, 2.500 eta 3.000 preso palestinar artean aske uztea.
Hain justu, Etxe Zuriko maizterrak ultimatum bat egin zion atzo iluntzean Palestinako erakunde islamistari, sare sozialen bidez: «Israeldarrek onartu dituzte nik jarritako baldintzak. Bada garaia Hamasek ere horiek onartzeko». Trumpen arabera, Palestinako erakunde islamistari egingo dion «azken ohartarazpena» da. Bada, gaur kaleratutako komunikatu batean, Hamasek baieztatu du jaso duela AEBetako presidentearen proposamena, eta esan du prest dagoela gisa horretako itun bat negoziatzeko. «Okupazioak oraindik ez du erantzunik eman, eta segitu du Gazaren aurka garbiketa etnikoa eta masakreak egiten. Gure mugimendua beti dago bitartekariekin hitz egiten, eta helburua da gure herriaren eskaerak errespetatu eta aitortuko dituen akordio bat erdiestea».
Trumpek bakarrik ez, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ere hitz egin dio Hamasi, eta areago joan da. Sare sozialen bidez, ohartarazi du Palestinako erakunde islamistak gatibu guztiak aske utzi ezean Gaza «suntsituko» duela, eta haiek guztiak «desagerrarazi». Haren arabera, Hamasek ahalik eta lasterren egin behar du kontzesio hori; kontrara, abisatu du «ordu batzuk barru» gogor egingo dutela zerrendaren aurka.
Eraso bat Jerusalem ekialdean
Sei pertsona hil eta gutxienez 11 zauritu dituzte gaur Jerusalem ekialdean, autobus geltoki batean zeuden zibilen aurka egindako tiroketa batean. Hori jakinarazi dute larrialdi zerbitzuek. Israelgo Poliziak ohar batean adierazi du «eraso terrorista bat» izan dela, ustezko egileak «neutralizatu» dituztela, eta uste dutela Zisjordanian bizi zirela; zibil jantzita zihoan agente batek hil ditu.
Iturri ofizialen arabera, gertatutakoa ikertzen ari dira. Bien bitartean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa gaur zen deklaratzekoa bere kontrako ustelkeria auzi batean. Israel Hayom egunkariak lehen ministroaren inguruko iturriak aipatuz kaleratu duenez, baina, auzi saioa bertan behera geratu da, Netanyahuk herrialdeko segurtasun kabinetera deitu baitu Jerusalem ekialdean —lurralde okupatuan— gertatu den tiroketa aztertzeko.
Hamasen arabera, «erresistentziaren aldeko bi borrokalarik» egin dute erasoa, eta jakinarazi du horretan eraildako guztiak Jerusalem ekialdean legez kanpo eraikitako Ramot Alon kokagune juduko kideak zirela. «Okupazioaren krimenen eta gure herriaren garbiketa etnikoaren aurkako erantzun natural bat da operazioa», adierazi du Palestinako erakunde islamistak kaleratutako oharrean, eta gehitu du: «Mezua argia da: Gaza hiria suntsitzeko, zerrenda okupatzeko eta Al-Aqsako meskita eraisteko [Israelen] planek ondorioak izango dituzte».
Nazioarteko zenbait herrialdetako agintariek gaitzetsi egin dute erasoa, hala nola Frantziako presidente Emmanuel Macronek, sare sozialetan idatzitako mezu baten bidez: «Indarkeriazko ziklo hau bukatu beharra dago; irtenbide politiko batek soilik ekar diezaioke bakea eta egonkortasuna eskualdeari». Tiroketaren aurka agertu da Johann Wadephul Alemaniako Atzerri ministroa ere, «eraso terrorista koldar bat» izan dela iritzita.
FLOTILLAKO ONTZIAK TUNISIAN ELKARTU DIRA, GAZARAKO BIDEA BATERA JARRAITZEKO
Tunisiako Sidi Bou Said portuan daude joan den abuztuaren 31n Bartzelonatik Gazara bidean ateratako itsasontziak. Nazioarteko Global Sumud Flotilla elkarteak antolatutako ontzi horiek atzo iluntzean iritsi ziren hara, eta han izango dira asteazkenera arte; orduan ekingo baitiote berriz zerrendarainoko ibilbideari, Greziatik eta Italiatik ateratako beste ontzi batzuekin batera. Aurreikusitakoa baino hiru egun beranduago iritsi dira ontziak Tunisiara, eguraldi txarraren ondorioz; halere, Gazara ailegatu aurretik egingo duten azken geldialdia izango da.