Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri du Israeli arma enbargoa ezartzeko dekretu bat onartuko duela. Hori egitekoa da bihar ministroen kontseilua, eta ondoren Espainiako Kongresuak eman beharko dio oniritzia. Agerraldi bat egin du Moncloan berria emateko, eta aurrenekoz esan du «genozidio bat» dela Israelek 2023ko urrian Gazan hasitako setioa.
Enbargoaz gain, beste neurri batzuk iragarri ditu Espainiako gobernuburuak. Horien helburua izango da Israelgo armadari laguntza eraman behar dioten ontziei eta hegazkinei eragoztea Espainian porturatzea eta lur hartzea. «Zibilen kontrako eraso justifikaezina da hau. NBEren mandatariak berak genozidio deitzen dio. 60.000 hildako [63.000 pasatxo dira], bi milioi desplazatu, horien erdiak adingabeak... Hori ez da bere burua defendatzea, ezta eraso egitea ere; hori herri babesgabe bat sarraskitzea da», azpimarratu du Sanchezek.
Horrekin lotuta, Israelen sartzea debekatu diete Espainiako bigarren presidenteorde Yolanda Diazi eta Sira Rego Gazteen eta Haurren Gaietarako ministroari. Gideon Saar Atzerri ministroak eman du neurriaren berri, eta sare sozialetan idatzitako mezu batean argudiatu Espainiako Gobernuaren jarrera antisemita «argia» dela, eta Espainiak Israelen kontrako «gorrotozko erretorika» erabiltzen duela. Diazek erantzun dio «ohorea» dela Israelek sarrera debekatzea.