Hautagai erreformistetako batek, Mehdi Karrubik, Irango buruzagi nagusi Ali Khamenei aiatolari iruzur salaketak ikertzeko batzorde bat eratzeko eskatu zion larunbatean. Bazirudien Karrubi izango zela Ali Hashemi Rafsandjani presidente ohiarekin(erreformista ere) bigarren itzulian lehiatuko zena, baina azken unean Teherango alkate Ahmadi Nezhad (kontserbadorea) iragarri zuten lehiakide aritzeko. Hortaz, Zaindarien Kontseiluari Nezhaden alde esku hartzea leporatu zion Karrubik.Hain justu, Karrubiren salaketa gutuna argitaratzekotan ziren bi egunkariri, Eghbal i eta Aftab-i, kalera ateratzea galarazi zion atzo Gobernuak. Adituen iritziz, neurri horrek erakusten du Gobernuak eta sektore kontserbadoreek ez dutela ustezko iruzurraren auzia zabaltzea nahi. Bien bitartean, buruzagi erreformistek heldu den ostiralean Rafsandjaniri botoa emateko eskatu diete beren jarraitzaileei. Rafsandjani ere botoetako irregulartasunez mintzatu zen, eta zera gaineratu: «Iraultza islamikoa bidegurutze zail batean dago, etxeko eta kanpoko mehatxu eta abenturakerien aurrean». Tradizionalistek eta kontserbadoreek, beren aldetik, Nezhadi bozkatzeko eskatu dute.Bestalde, botoak kritikatzeagatik barkamena eskatzeko eskatu dio Teheranek AEBetako presidente George Bushi. Honek bozketak «oinarri demokratikoak» betetzen ez dituela esan zuen.
-
Datua
2
Gobernuak bi egunkari erreformistari (Eghbal eta Aftab) atzoko alea kaleratzea galarazi zien, iragan ostiraleko bozetan iruzurra izan zela zioen hautagai moderatu baten gutuna argitaratzeko asmoa zutelako. Haatik, ez dago argi debekua soilik atzoko aleari dagokion edota indarrean segituko duen.