Botoen %92 lortuta, Aliyevek jarraituko du Azerbaijango presidente

2018an lortutako emaitzak hobetu ditu estatuburuak. Herritarren %76,73k eman dute botoa; hau da, duela sei urte baino 2,3 puntu handiagoa izan da parte hartzea.

(ID_13576035) AZERBAIJAN ELECTIONS
Ilham Aliyev botoa ematen, atzo, Karabkh Garaian. AZERBAIJANGO PRENTSA MINISTERIOA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 08a
10:10
Entzun

Ez da ezustekorik izan Azerbaijanen. Ilham Aliyev boterean egongo da beste zazpi urtez, presidentetzarako bozak irabazi ostean. Azerbaijandarrek atzo bozkatu zuten, eta presidenteak botoen %92,1 eskuratu ditu. Emaitzak ez dira behin betikoak, botoen %93,35 baitaude zenbatuta. Azerbaijango Hauteskunde Batzorde Zentralak adierazi duenez, kontaketa bihar amaituko da. Edozein modutan, Aliyevek alde nabarmena lortu du presidente jarraitzeko.

Emaitza horiek baieztatuz gero, 2018an lortutakoak hobetuko lituzke, botoen %86 bereganatu baitzituen ordu hartan. 2003an heldu zen Aliyev boterera lehen aldiz, eta, presidente izendatu zutenetik, kargu horretan mantendu da. Harekin batera, beste sei hautagai aurkeztu dira hauteskundeetara, gehienak Azerbaijango Parlamentuko diputatuak. Behin betiko emaitzak oraindik heldu ez diren arren, hautagai horiek botoen %0,53 eta %2,1 artean ibiliko dira, datu ofizialen arabera.

Parte hartzeak gora egin du, bozkatzera deituak zeuden herritarren %76,73k eman baitzuten botoa atzoko hauteskundeetan —4,5 milioi lagun inguruk—; hau da, 2018an baino 2,3 puntu handiagoa izan da parte hartzea. Boto emaileen kopuruak eta Aliyeven aldeko botoek gora egin izanak lotura izan dezakete Karabakh Garaiaren desegitearekin. Armeniaren eta Azerbaijanen artean zegoen errepublika gatazka iturri izan da urte luzez; balantzak, ordea, Azerbaijanen alde egin zuen joan den irailean: herrialde horretako armadak erasoaldi bat egin zuen, eta Karabakh Garaikoak amore eman zuen hurrengo egunean.

Iragan urtarrilaren 1ean errepublika desegin zen, eta orduan geratu zen erabat Azerbaijanen kontrolpean; gehiengo armeniarra zuen Karabakh Garaiak, eta 100.000 lagun baino gehiagok Armeniara alde egin behar izan zuten, joan den urte amaieran. Ordutik, bake ituna negoziatzen dihardute bi herrialdeek, EB Europako Batasunaren bitartekaritzarekin.

Aliyevek presidentetzarako hauteskundeetara deitu zituen eskualdeko «subiranotasuna berreskuratu» ostean; Azerbaijanentzat «aro berri baten hasiera» zela adierazteko. Are gehiago, Karabakh Garaiak izan zezakeen garrantziaren jakitun, Azerbaijango presidenteak Stepanakerten—azerbaijandarrentzat Xankandi— eman zuen botoa atzo, hau da, Karabakh Garaiko hiriburuan.

Demokrazia, ezbaian

Azerbaijango presidentetzarako bozek, baina, hautsak harrotu dituzte parlamentutik at dagoen oposizioan. Hain zuzen, oposizioak behin baino gehiagotan salatu ditu eragile politikoen eta kazetarien «etengabeko» atxiloketak.

Are gehiago, adierazi dutenez, Aliyev aurkezten den bitartean, hauteskundeak «ez dira demokratikoak izango». Hori dela eta, presidentetzarako bozak boikotatzera deitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.