Turkiako Legebiltzarra

Bozek emandakoa, legeak kendu

Azken egunotan milaka kurdu atera dira kalera euren eskubideen kontrako jazarpena salatzeko: Poliziak, baina, indarkeriaz erantzun die protestei. Erdogan lehen ministroarekiko konfiantza galdu dute kurduek.

Jon Fernandez.
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lepotik heldu, lurrean arrastaka eraman, eta kolpez josi zuen Turkiako Poliziak astelehenean Sebahat Tuncel BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko diputatua. Ekainaren 12ko hauteskundeetan eserlekua lortu zuen Turkiako Parlamentuan Tuncelek, BDPko beste 35 kidek bezala. Astelehenean, baina, ehunka lagunekin batera atera zen kalera protesta egitera, YSK Hauteskunde Batzorde Gorenak BDPko sei diputaturi dagozkien aulkiak betetzea eragotzi dielako kartzelan egoteagatik.

Poliziak oso gogor erantzun zien epaileen erabakiaren kontra Istanbulen bildu ziren manifestariei, negar egiteko gasarekin eta ur kanoiekin, besteak beste. Guztira, 43 lagun atxilotu zituen, eta beste hamar zibil eta Sirri Sureyya eta Tuncel BDPko diputatu hautatu berriak ospitaleratu egin behar izan zituzten. Erabilitako neurriz kanpoko indarkeria dela eta, poliziaren kontrako salaketa jarri dute BDPk eta beste hainbat elkarte zibilek.

Azken hilabeteetan gora egin du haserreak Turkiaren menpeko Kurdistanen. Ekintzaile kurduek hainbat manifestazio antolatu dituzte eta hauteskundeen ostean gero eta indarkeria handiagoz erantzuten ari da Polizia. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren AKP Justizia eta Garapenerako Alderdia gogor ari da kurduen aurka, bai bozen aurretik eta baita ostean ere: 2010eko abenduan Ankarako Parlamentuan kurdueraz hitz eginez gero BDP alderdia legez kanporatuko zuela mehatxu egin zuen; iragan apirilean bozetara aurkeztea debekatu zioten hamabi hautagai kurduri, gerora batzuei betoa altxatu bazioten ere; eta hauteskundeetan kurduek izandako emaitza onen ostean, kartzelan dauden BDPko sei diputaturi ukatu dizkiote legez dagokien immunitatea eta aulkia.

Galdutako aukera

«Norbaitengan konfiantza dugunean benetako aukera bat ematen diogu. Horrelakoak gara kurduak. Lehen ministro jauna, zortzi urte eman dizkizugu, eta alferrik galdu dituzu. Emandako aukera galdu duzu», zioen Leyla Zana BDPko diputatuak bozen bezperan. Eta kurduek hauteskundeetan jasotako emaitzek arrazoia eman diote.

2007ko hauteskundeetan Erdoganek hizkera leunagoa erabili zuen, ekimen kurdua deituriko prozesua bultzatuko zuela hitz eman zuen, eta kurdu askok botoa eman zioten. Aukera alferrik galdu du ordea Erdoganek, eta kontrako efektua sortu du: aurreko legealdian hogei aulki zituzten kurduek Legebiltzarrean, eta oraingoan 36 lortu dituzte.

Azken hiru hamarkadetan 40.000 hildako utzi ditu turkiarren eta kurduen arteko gatazkak, eta konponbidearen egarri dira kurduak. Independentziaren aldarrikapena alde batera utzita, autonomia estatutua eskatzen du Abdullah Ocalan espetxean dagoen PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruak ere. Legealdi honetan idaztekoa den Turkiako Konstituzio berria aprobetxatu nahi dute horretarako, baina ez dira fio Erdoganen borondateaz. Izan ere, diputatu kurduei eserlekua ukatuz, hauteskundeek emandako indarra legeen bidez ari da murrizten Ankara. Autonomia negoziatzeko jaso duten indarra gutxitzeko maniobra ikusten du askok azken erabakien atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.