2023ko abenduan gobernatzeari ekin zionetik lehenbiziko aldiz, Javier Mileik hauteskunde proba bat gainditu beharko du bihar, Buenos Airesko legebiltzarrerako bozetan. Argentinan, eskualde horrek du pisurik handiena politikan eta ekonomian, eta peronisten gotorlekua izan ohi da.
Buenos Airesko probintziak du Argentinako ekonomia garrantzitsuena, eta peronismoa edo kirchnerismoa dute agintean: Axel Kicillof da hango gobernadorea, Cristina Kirchnerren Ekonomia ministroa izana —dena dela, gaur egun aurrez aurre daude biak—, bien alderdi Aberriaren Indarra baita nagusi. Probintzia horrek hautesle guztien %37 biltzen ditu, BPGaren %35, estatuak eta probintziek banatzen dituzten zergen %40, esportazioen %36 eta industriaren balio erantsiaren %50, besteak beste. Era berean, biztanle kontzentrazio handia duenez, zaurgarritasun soziala ere handia du.
2023az geroztik, peronismoak hauteskundeak galdu eta Milei politikagintzan oldarka sartu zenetik, peronistek barne krisiak izan dituzte, eta ez dute aurkitu ez biderik eta ez liderrik. «Kicillofek bozak bitan banatzearen alde egin du [ez dira egingo Argentinako hauteskunde orokorrekin batera], baina sekula ez da egin horrelakorik, eta ikusteko dago zer ondorio izango dituen», ohartarazi du Buenos Aires probintziako kontuetan espezializatutako kazetari batek, Jose Maldonadok. «Inkesten arabera, oso antzekoak izango dira batzuen eta besteen emaitzak».
Cristina Kirchner presidente ohia herrialdeko erreferente politiko handienetako bat da, gehien kritikatzen dutenetako bat ere bai, baina haren presoaldiak ordena pixka bat ekarri zuen peronismora, eta mesede egin zion presidente ohiari irudi aldetik, jendearen enpatia piztu baitzuen atxiloketak. Nolanahi ere, preso egon denez, Kirchnerrek ezin du parte hartu hauteskundeetan, eta alderdiko sektoreek negoziazio gordin-gordinak izan dituzte hautagaiak aukeratzeko.
Baliteke Buenos Airesko hauteskundeen bidez oraingo egoera aldatzea, ustelkeriaren eta eroskeriaren salaketak gogor astintzen ari baitira Mileiren gobernua. «Ikusteko dago emaitzetan zer eragin izango duen Desgaitasunen Agentzia Nazionalari dagokion ustelkeria salaketak». Izan ere, zabaldu diren audio batzuetan, agentziako buru Diego Spagnuolok eroskeria sare batean nahastu ditu presidentearen arreba Karina Milei eta gertuko bi kolaboratzaile —Lule eta Martin Menem—, eta horrek kolpe gogorra eman bide dio gobernuari, haren lelorik handienetako bat baita ustelkeriaren kontrako borroka. «Oso litekeena da horrek eragina izatea hauteskundeetan eta botoak kentzea Askatasuna Aurrera Doa alderdiari, baina duda zera da, ea boto horiek peronismoak hartuko dituen», erantsi du Maldonadok.
Hautaketa
Bi urte eskasean, Mileiren Askatasuna Aurrera Doa alderdiak irentsi egin zituen lehenago aliatu izandakoak, hau da, Mauricio Macri presidente ohiaren PRO alderdikoak, eta bazirudien egoera kontrolatuta zeukatela —peronismoari zegokionez behintzat—, baina azken asteetan garbi ikusi da ez dela hala. Egoera ekonomikoa bihurria denez, eta eroskeria auziak eskandalua piztu duenez, agerian geratu da ezin konta ahala arazo dituztela barne arazoak konpontzeko; gainera, horren guztiaren ondorioz, baliteke kontrako emaitza izatea hurrengo hauteskundeetan, eta, hain zuzen, enpresariek eta finantza sektoreak gero eta zalantza gehiago dituzte Mileiren kudeaketaren sendotasunaren inguruan.
Botoa emango duten milioika hautesleek erabakiko dute zein izango diren probintziako eta herrietako hurrengo agintariak, eta Buenos Airesko diputatuen eta senatarien erdiak aukeratuko dituzte, zortzi hauteskunde barrutitan banaturik. Lehen barrutian eta hirugarrenean, erroldako guztien %70 biltzen dira: bost milioi boto emaile baino gehiago ditu barruti bakoitzak.
«Ikusteko dago emaitzetan zer eragin izango duen Desgaitasunen Agentzia Nazionalari dagokion ustelkeria salaketak»
JOSE MALDONADOÂ Kazetaria
Barruti horietako hautagai nagusiak hauek dira: lehenbizikoan, Diego Valenzuela Askatasuna Aurrera Doa alderdiaren izenean, eta Kicillofen funtzionario Gabriel Katopodis, berriz, Aberriaren Indarrarenean; hirugarrenean, Maximiliano Bondarenko komisario ohia da ofizialismoaren hautagaia, eta Veronica Magario gobernadoreordea da peronismoaren ordezkaria. Kontuan hartzekoa da Kicillof gobernadoreak, Kirchnerrekin eta haren seme Maximorekin duen tirabiran, lortu duela zerrendaburuak inposatzea, nahiz eta bazirudien ez ziela probetxurik aterako negoziazioei, etxeko atxiloaldiak mesede handia egin ziolako presidente ohiaren irudiari.
«Uste dut nolabaiteko bake akordioa erdietsi zutela: denek galdu zuten eta denek irabazi, eta zerrendako izenak oso ondo banatu zituzten barne sektoreen artean», iritzi dio Maldonadok. «Kicillofek pisu handia izatea lortu zuen, eta aurre egin zion Cristinari. Badirudi inork ez duela lortuko polarizazio hori gainditzea, baina uste dut ezkerrak ere ondo aukeratuko duela [Ezkerraren eta Langileen Frontea]».
Biharko hauteskundeen bidez, jakin ahal izango da herritarrek zer deritzoten Mileiren kudeaketari, eta seinale bat emango dute urriko hauteskunde nazionaletan zer gertatu den. Oraingoz, inkestek diote nahiko parekatua izango dela lehia, baina azpimarragarriena parte hartze apala izango da: halaxe gertatu da aurten beste probintzia batzuetan izandako hauteskundeetan ere. «Baliteke Askatasuna Aurrera Doa alderdikoei garaipen bat iruditzea hori; izan ere, alde batera utzirik zenbat hautetsi biltzen dituzten, beren blokea osatuko dute, gauza guztietarako PROren eta indar aliatuen mende egon gabe», borobildu du Maldonadok.