Basoaren Legearen erreformaren inguruko polemika indartu egin da iazko uztailean Brasilgo Kongresuak erreforma onartu zuenetik. Diputatuen ganberan erreformaren inguruan proposatutako neurri berriak eztabaidatzeko bilera egin zuten atzo. Legearen zuzenketa polemikoenak PMDB Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiko kide eta diputatu Paulo Piauk proposatu ditu. Gobernuko koalizioko kide da PMDB, eta Dilma Rousseff Brasilgo presidentearen gidaritzan dauden alderdien arteko ezberdintasunak agerian utzi ditu. Piauk 21 neurri berri proposatu ditu. Besteak beste, 2008ko uztailean basoa suntsitu zutenei amnistia ezartzea eskatu du, legez kanpo basogabetu zutenei 4.300 milioi euroko diru zigorra barkatuz.
PSOL Sozialismoaren eta Askatasunaren Alderdiko kide eta diputatu Chico Alencarrek Piau Basoaren Lege eztabaidatik kanpo uzteko eskatu du, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko enpresarien eskutik 750.000 euro jaso dituela salatu ondoren: «Piauren kanpainaren erdia Amazoniako lurrak bereganatzeko interesa duten enpresek finantzatu dute. Ezin da onartu interes propioak babesten dituen diputatu batek halako lege garrantzitsuan parte hartzea. Basoaren Legea alderdikeriarik gabe jokatzen duen batek adostu behar du». Piauren dimisioa eskatu dio Berdeen Alderdiak Brasilgo Auzitegi Gorenari, baina eskaera atzera bota du diputatuen ganberako presidente Marco Maiak, eta adierazi du Auzitegi Gorenak ez duela eskumenik Basoaren Legearen eztabaidan sartzeko.
Brasilgo presidenteak «lotsagarritzat» jo ditu erreformak, eta amnistiaren aurka dagoela adierazi du. Rousseffek erreformei betoa ezartzeko eskubidea dauka, eta Piauren proposamenen aurka egin dezake. Hauteskunde kanpainan, hain zuzen ere, amnistiarik ez zuela onartuko hitzeman zuen. Brasilgo presidentearen beto eskubidea da legearen erreformak gelditzeko azken aukera.
Erreforma Amazonia babesteko hartutako neurrietan atzera pausoa dela diote ekologistek, izan ere, Inacio da Silva Lula Brasilgo presidente ohiak Amazoniaren basogabetzea % 80 murriztea hitzeman zuen 2008ko Kopenhageko Klimaren goi bileran, alegia, %20 soilik ustiatzea. Legearen erreformak aldiz, % 50 ustiatzeko baimena emango lieke nekazari eta abeltzainei.
Natura eta dirua borrokan
Ekologisten eta enpresa handien arteko borrokaren erdian dago Amazonia. Nekazariek eta abeltzainek lan egiteko lurrak eskatzen dituzte, baina horren atzetik oihaneko egur preziatu eta garestia bilatzen duten enpresak daude. Orain arte indarrean egon den Basoaren Legea 1965an adostu zuten. Greenpeaceko Brasilgo basoa babesteko kanpainako zuzendari Paulo Adarioren esanetan, erreformek atzera pauso garrantzitsua ekarriko lukete: « Erreforma horiek erabateko ezbeharra ekarriko diote Amazoniari eta Brasilgo basoei. Jada atzera bueltarik ez duten ikaragarrizko basogabetzeak egin dira, eta neurri berriek kalte larriak eragingo dituzte ingurumenean». Azken urteetan basogabetzea murriztea lortu duten arren, ekologistek diote ez dela nahikoa, eta basogabetzea erabat amaitzeko eskatu dute.
Brasilgo Basoaren Legeak agerian utzi du gobernu koalizioaren banaketa
Amazoniako oihanaren erdia basogabetzea babesten du Brasiliak onartutako legearen erreformak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu