Duela bi aste espetxeratu zuten Jair Bolsonaro, Brasilgo presidente ohia (2019-2023). 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion irailean Brasilgo Auzitegi Gorenak, 2023ko urtarrilaren 8an, hauteskundeak galdu ostean, estatu kolpea ematen saiatzeagatik. Gaur goizean, baina, Brasilgo Kongresuak lege proiektu bat onartu du, zigor hori txikitzeko bide ematen duena.Â
Brasilgo Diputatuen Ganberan 291 diputatuk bozkatu dute neurriaren alde, 148k aurka, eta bakarra abstenitu da. Hortaz, behe ganberak neurria onartu du, eta, orain, Senatuan eztabaidatuko dute. Goi ganberan onartuz gero, baliteke 70 urteko lider ultraeskuindarraren zigorra bi urte eskasera laburtzea.
Lau delitugatik zigortu zuen Gorenak Bolsonaro: estatu kolpea ematen saiatzeagatik, zuzenbide estatua desegiten saiatzeagatik, ondasun publikoei eta ondareei kalte egiteagatik, eta erakunde kriminal bateko kide izateagatik. Aurreneko biak dira larrienak, eta hamabi eta zortzi urte aurreikusten ziren horiengatik. Baina lege proiektu berriak ez du uzten bi delitu horiek pilatzen, argudiatuta antzeko delituak direla. Kasu horretan, bi horietatik larriena aplikatuko litzateke, estatu kolpearena: hamabi urteko kartzela zigorra.
Horrez gain, lege berriak zigorra bi heren murriztea proposatu du, baldin eta «jende multzo handi bat» izan baziren kolpistak. Milaka lagunek bete zuten Brasiliako Hiru Botereen plaza 2023ko urtarrilaren 8 hartan, estatu kolpea ematen saiatu zirenean. Plaza horretan daude presidentetzaren egoitza, Brasilgo Kongresua eta Auzitegi Gorena.
Lege proiektuak baimena ematen du, gainera, indarkeriarik egon ezean, zigorraren seirena beteta erregimen itxian egotetik erregimen erdi irekira pasatzeko. Hortaz, Paulo Pereira da Silva diputatuaren arabera —hark proposatu du neurria—, lege horrekin, Bolsonarok bi urte barru utz diezaioke erregimen itxian egoteari. Era berean, neurria onuragarria izango litzateke militarren goi kargudunentzat eta ministro ohi kondenatuentzat. Horiek ere presidente ohiaren planak babestu zituzten, eta hura boterean mantentzen lagundu.
«Ganbera hau kolpismoa besarkatzen ari da», adierazi du Lindbergh Fariasek, Langileen Alderdiko diputatuen liderrak. Alderdi hori da, hain zuzen, Luiz Inacio da Silva Lula presidentearen alderdia. Bolsonaroren Alderdi Liberalak, hasieran, amnistia eskatzen zuen, baina neurri horri uko egin zioten alderdi gehienek. Pereira diputatuaren arabera, ekimenak Gorenaren «gehiegikeriak zuzentzea» bilatzen du, baina «erantzukizunari ihes egin gabe».