Brega berreskuratu ostean, ekialdeko hiri estrategikora gerturatzen ari da Gaddafi

NATOk jakinarazi du Libiako erregimenaren bitarteko militarren %30 suntsitu dituztela erasoaldia hasi zenetik

Erredakzioa
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Goizaldetik iluntzera gauzak asko alda daitezke gerra frontean. Brega inguratuta zeukatela jakinarazi zuten errebeldeek goizeko lehen orduan, baina erregimenaren indarrek, ezustean, aurrera egin zuten arratsaldean, eta hiria berreskuratu zuten. Ajdabija ekialdeko hiri estrategikotik hamabost kilometrora gerturatu ziren diktadorearen tropak. Muammar Gaddafiren indarrek hiri horren kontrola hartuko balute, matxinoak bakartuta utziko lituzkete berriz Bengazin. Irismen luzeko misilak baliatu zituen erregimenak erasoaldian aurrera egiteko.

NATOk, bien bitartean, errebeldeek bezperan egindako eskaera aintzat hartu, eta mendebaldeari erasotzeari ekin zion atzo. Misrata «aurreneko lehentasuna» dela jakinarazi zuten nazioarteko tropek —Libiako hiri handienetan hirugarrena da—. Gaddafiren kontrako nazioarteko erasoaldi militarra hasi zenetik erregimenaren bitarteko militarren %30 suntsitu dituela jakinarazi du NATOk. Asteburuan zibilak hil zituen ekintzari, berriz, «zorigaiztoko istripua» iritzi dio.

Libiako Gobernua, bestalde, erreformak egiteko prest azaldu da gatazkari irtenbidea emate aldera, baina, beti ere, koronela aginteari eutsita. Mussa Ibrahim bozeramaileak zehaztu du hauteskundeak edo erreferenduma egiteko prest ere egongo liratekeela. Turkia ari da orain irtenbide politiko baterako bitartekari lanak egiten diktadorea eta errebeldeen artean, eta, egunkari batek adierazi duenez, diktadoreari boterea uzteko eskatu dio Ankarak.

Errebeldeak atzo ziren petrolioa esportatzen hastekoak. Qatarrera milioi bat upeleko ontzi bat bidaltzekoak ziren —trukean 70 milioi euro jasoko lukete—.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.