Bremer eta Annan hiltzeko agindu du, ustez, Bin Ladenek

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Paul Bremer Washingtonek Iraken izendatutako administraria, Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia eta honen ordezkari Lakhdar Brahimi hiltzearen truke 10 kilo urre hitzematen zuen Osama Bin Laden Al Kaeda erakunde islamistako buruzagiaren mezua «seguraz ere benetakoa» dela zehaztu zuen atzo Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Nagusiak. «Interneten bidez atzo (herenegun) zabaldutako soinuzko grabaketaren azterketa teknikoak egin eta gero, gure ustea da horretan entzuten den ahotsa Osama Bin Ladenena dela», adierazi zuen izena ematerik nahi ez zuen CIAko arduradunak.

Alsaha.fares.net guneak plazaratu zuen idatzia hogei bat minutu irauten zuen soinuzko grabaketa baten transkripzioa zen, eta mezu honetan Bin Ladenek AEBetako eta NBEko arduradunak hiltzea urrez saritzea hitzematen zuen. «Badakizue AEBek diru saritze handiak agindu dituela mujahidinak (gudukari musulmanak) hiltzearen truke; Al Kaedak, berriz, konpromisioa hartzen du 10 kilo urre emateko Bremer edo bere ordezkoa, AEBetako buruzagi militarra edo bere ordaria hilen dituen edonori», zioen mezuan. Bin Ladenek hitzematen zuen, halaber, saritze bera ematea Kofi Annan edo Lakhdar Brahimi hiltzearen truke. Azken hau, Iraken dago azken egunotan, datorren ekainaren 30erako finkatua den botere eskualdatzea prestatzeko. Herrialdearen agintea duen administrazio okupatzaileak Irakeko behin-behineko gobernu baten esku utzi behar luke boterea. Al Kaedako buruzagiaren mezuak gertakizun honen eragozteko xedea lukeela uste dute adituek.«Musulmanei tokatzen zaie guruzatuen(okupazio indarren) aurka zein ere irakiar gobernu arnagatzailearen eta honen laguntzaileen kontra jihad-a (gerra santua) egitea» adierazten zuen Bin Ladenek. «Boterea irakiarren esku ezartzea engainatze bat besterik ez da, honek helburu nagusitzat daukalarik erresistentzia armatuaren geldiaraztea», iritzi zion Al Kaedako buruzagiak.

'Fedegabearen konstituzioa'

«Jihad-a eginbehar funtsezkoa da musulman guztientzat eta euren erlijioburuak Gobernu Kontseiluan partaide izatea erresistentzian ez parte hartzeko arrazoi modura ematen zutenek ez dute gaur egun inolako aitzakiarik gobernu honek Bremer fedegabearen konstituzioa onartu eta gero», ondorioztatzen zuen Bin Ladenek.

Bremer, Annan, Brahimi eta koalizioko buruzagi militarren hiltzea 10 kilo urrez saritzea hitzematen bazuen Al Kaedako buruak, kilo bat urre ematea agintzen zuen, soldadu estatubatuar edo britainiar bati zein okupazio indarrentzat lan egiten duen zibil irakiar bati bizia kentzearen truke. Koalizio militarreko beste partaideak, hots, Polonia, Italia edo Japoniako soldaduak hiltzearen truke, azkenik, kilo erdi bat urre hitzeman zuen.Gaur egungo prezioen arabera, 10 kilo urrek 125.000 dolarreko balioa dauka. Washingtonek, bere aldetik, 25 milioi dolarreko saritze bat hitzeman du Osama Bin Laden harrapatzen lagunduko lukeen informazioentzako, baina orainokoan eskaintza hau alferrikakoa gertatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.