Bretainia historikoari begirako beste pauso bat eman nahi du Bretainiako Kontseiluak: aurtengo aurrekontuetan, Bretainia eskualdea eta Loire-Atlantique departamentua batzeari buruzko balizko erreferenduma finantzatzeko 100.000 euro gordetzeko proposatu dute. Loig Chesnais-Girard Bretainiako Kontseiluko presidenteak —Alderdi Sozialistakoa (PS)— atzo aurkeztu zuen zuzenketa, batasunari begira dagoen «aho bateko engaiamendu kolektiboa are gehiago indartzeko». Gaur arratsaldean dira aurrekontuei buruzko bozketa egitekoak.
Frantziako Errepublikaren lurralde egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainiako eskualdea dago, lau departamentuk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena; bestetik, Loire-Atlantique departamentua, hegoaldean dagoena: Naoned du hiriburutzat (Nantes), eta Pays de la Loire eskualdearen parte da.
Batasunari buruzko erreferendumaren aldeko DIBAB erakundeak pozez hartu du diru sailari buruzko albistea, «eztabaida politikoan aurrerapauso bat» delakoan. Bretainia historikoa elkartzeaz gain, erakundeak helburutzat du balizko erreferendumean lurralde horrek izan behar lituzkeen eskumenez ere galdetzea.
[COMMUNIQUÉ DE PRESSE]
— DIBAB (@DIBAB_BZH) February 13, 2020
Réaction du collectif DIBAB - DÉCIDEZ LA #BRETAGNE suite à l’initiative de la Région administrative Bretagne concernant l'organisation d'un #référendum. #SondageDibab#44BZH#DécidonsEnBretagne#Dibabpic.twitter.com/mv2j0tUsdi
Batasunari buruzko erreferendum bat egiteko, Bretainia eskualdearen eta Loire-Atlantiqueko departamentuaren baiezkoa dira beharrezkoak. Lehenak hainbatetan eman du oniritzia galdeketa egitearen inguruan, baina bigarrenak ez du aldeko jarrerarik erakutsi.
Duela bi urte, auzi horretaz egindako bozketan, Loire-Atlantiqueko Kontseiluak ezezkoa eman zion erreferendumari. Zatiketaren aurkako mugimenduek 100.000 sinadura bildu zituzten kontseiluari eskatzeko galdegin dezala Loire-Atlantique Bretainia eskualdean sartzea, baina kontseiluko 62 kideetatik 30ek aurka bozkatu zuten, eta alde soilik hamahiruk —hamabostek abstentzioa eman zuten, eta lauk ez zuten bozketan parte hartu—.
Diru sailaren bozketa batasunari buruzko batzorde batek landutako txostenaren harira egin dute. Isabelle Le Bal kontseilaria —MoDem alderdi zentristakoa— eta Jean-Michel Le Boulanger kontseiluko lehen presidenteordea —PSkoa— buru zuen lantaldeak honakoa ondorioztatu zuen: «Lurralde kolektibitateen zatiketaren auzia demokratikoa da, eta modu demokratikoan egin behar zaio aurre. Herritarren iritzia entzun beharra dago».
Bretoien gehiengoa, iritzia ematearen alde
Iragan abuztuan, DIBAB erakundeak kaleratu zuen inkesta baten arabera, Bretainia historikoko herritarren %67 lurraldearen batasunari buruzko erreferendum bat egitearen alde leudeke, eta erdiek bozkatuko lukete bost departamenduak batzearen alde.
Antzeko kasua izan zuten duela gutxi Alsazian. 2016an François Hollanderen lurralde berrantolaketaren harira zatitu egin zuten, baina iaz Frantziako Gobernua prest agertu zen batasuna ahalbidetzeko, eta, Frantziako Asanblea Nazionalean onarturiko lege proiektu baten bidez, Rhin Garaia eta Rhin Beherea departamentuak Alsaziako Kolektibitate Europarra deituriko kolektibitatean batuko dituzte, datorren urtetik aurrera.
Estatus politiko berriari esker, kolektibitate berriak estatuaren eskumen batzuk jasoko ditu, batzuk estreinakoz: hala nola hizkuntzaren, turismoaren, errepideen edota mugaz gaindiko harremanen arloan, Alemaniarekin eta Suitzarekin harremanak handitzeko.