British Petroleumek ordainduko ditu isuriak eragindako kalteak

Petrolio enpresa egin du erantzule Obamak, eta milaka lagun boluntario agertu dira hondartzak garbitzeko

2010eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Mexikoko Golkoan zabaltzen ari den marea beltzaren ondorioakkonpontzea bere ardura dela onartuz, BP British Petroleum petrolio enpresakziurtatu du garbiketa lanen gastu guztiak ordainduko dituela. «Legezko kalte-ordain egiaztagarriak» ere pagatzera prest agertu da multinazionala. Alabaina, hondamendiari aurre egiteko Ameriketako Estatu Batuetan eratu duten diru funtsari esker, BPk ez dio, segur aski, halako gastu ekonomikoari aurre egin beharko.

AEBetako presidente Barack Obamak ere argi adierazi du hondamendiaren erantzulea BP dela, eta horregatik, gertatutakoaren ondorioak hark ordaindu beharko dituela. Obama herenegun egon zen Lousianako kostaldean, hango herritarrei gainera datorkiena bertatik bertara ikusteko.

«Marea beltzari aurre egiteaz arduratuko da BP», irakur zitekeen atzo petrolioaren ustiaketarako baltzu horrek Interneteko webgunean argitaratutako oharrean; «BPk ordainduko ditu gastu denak». Haatik, natur baliabideei eragindako kalteez gain, petrolio isuriaren ondorioz inork kalte fisikorik jasaten badu haiei ere berak aurre egingo diela adierazi du. Louisianako kostaldean ostra eta izkira haztegi ugari daude, baita arrantzaleak ere.

Haatik, The New York Times egunkariak gogorarazi duenez, halakoetan martxan jartzen den mekanismo bati esker, BPk ez du, beharbada, garbiketa lanez gain, hainbeste ordaindu behar izango, ezen AEBetan ekoizten den edo hara inportatzen den petrolio upel bakoitzaren baliotik dolarreko zortzi zentimopetroliogintzak eragindako hondamendietan erabiltzen baita. Gaur egun, funts horretan 1.600 milioi dolar daude (1.210 milioi euro). Hortaz, The New York Times-ek egindako kalkuluen arabera, BPk, garbiketa gastuez gain, ordainduko lukeen dirutza 75 milioi dolarrekoa izango litzateke (57 milioi eurotan), eta ez besterik.

Herritarren erantzuna

«BPk argi adierazi nahi du marea beltzari aurre egiteko ardura daukagula, eta ordaindu beharreko guztia ordainduko dugula», adierazi du zalantzak uxatzeko petrolio konpainiako bozeramaile batek. Hitz horiekin nola edo hala iharduki die AEBetako presidente Barack Obamak herenegun egin zituen adierazpenei. «Estatubatuarrak, hemengoak beste inor baino lehenago, hondamendi ekologiko bat dela ohartzen dira; hondamendia, beharbada, egundokoa izango da». Horiek horrela, egoera horri aurre egiteko eskura duen guztia egingo duela agindu du presidente estatubatuarrak.

Agintarien zain gelditu ordez, baina, herritarrek mobilizatzea erabaki dute. «Jende askok lagundu nahi duela konturatu gara. Hondartzak garbitzeko prest dauden milaka boluntario jarri da harremanetan gurekin», adierazi du British Petroleumek. Atzo 9.000 kilometro koadroko tamaina zuen petrolio orbanak, eta hura garbitzen haien denen laguntza beharko dute; hondamendia, hala ere, saihestezina izango da. Kalte ekologikoa handia izango dela jakinda ere, hura ahalik eta txikiena gertatzea da orain helburua.

Estalkia jartzea, azken aukera

Isuria geldiarazteko xedean BPk orain arte indarrean jarritako baliabideak oro alferrekoak izan direlako, itsasoko ur azaletik 1.600 metrora dagoen egitura estaltzea posible den ari dira aztertzen. Estalkiaren fabrikazioa «ia amaituta» dagoela ziurtatu ostean, hala, BPren AEBetako filialaren zuzendari Lamar McKayk zehaztu du sei edo zortzi eguneko denbora tartean hautsi den egitura estali ahalko dutela. Tapaki horrek 70 tonako pisua du eta petrolio isuria geldiarazteaz gainerat, petrolioa berreskuratzeko aukera ere emango luke.

BPko arduradunek estalkia ekoizteko bizpahiru asteko epea beharko zutela zioten orain gutxi arte. Dena den, azken irtenbide hori ahal bezain azkar obratzen ez bada egoera are larriagoabihurtuko dela iritzi diote agintariek. «Hodiaren txapelak zart egiten badu, hamasei milioi litro petrolio isuriko dira egun bakoitzeko», azaldu du erreskate lanen arduradun nagusi den Thad Allen almiranteak. Ildo beretik, AEBetako Barne arazoetako idazkari Ken Salazarrek adierazi du egoerarik larrienean 100.000 petrolio upel isur daitezkeela egunean.

BPko arduradunek eman dituzten datuen arabera, gaur egun, 5.000 petrolio upel inguruk egin dute ihes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.