Maroko

Bruselak errieta egin dio Marokori, migratzaileak presio egiteko ibiltzeagatik

Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu du, eta bertan kritika egin dio Rabati, Ceutako migratzaileen afera politikoki erabiltzen saiatzeagatik. Haurren erabilera bereziki gaitzetsi du.

Marokotik iritsitako migratzaileak Ceutan, duela bi aste. JALAL MORCHIDI / EFE
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 10a
18:54
Entzun

Duela hiru aste milaka migratzaile Ceutara iritsi izanaren ardura Marokoren bizkar utzi du Europako Parlamentuak. Ganberako talde parlamentario nagusiek —popularrek, sozialistek, liberalek eta berdeek— ebazpen bat adostu dute aste honetan, eta bertan Marokori leporatu zioten «mugako kontrolak, migratzaileak eta, bereziki, bakarrik doazen haurrak Europako Batasuneko estatu kide baten aurka presio politikoa egiteko» erabili izana. Ebazpena eztabaidagai izan dute gaur, osoko bilkuran, eta babesa eman diote ondoko bozketan. Aldeko 397 boto, aurkako 85 eta 197 abstentzio jaso ditu.

NBE Nazio Batuen Erakundeak haurren eskubideei buruzko hitzarmenean jasotakoaren inguruan ardaztu zuten taldeek ebazpena. «Haurren, adingabeen eta familien» erabilera gaitzesten du testuak, eta horien «bizitzak eta segurtasuna arriskuan» jarri zirela nabarmendu. Era berean, «erabateko elkartasuna» agertzen die Ceutako herritarrei, eta zehazten du haiek izan zirela, gobernuz kanpoko erakundeekin, Espainiako segurtasun indarrekin eta armadarekin batera, «benetako tragedia bat» eragotzi zutenak.

Brahim Gali Fronte Polisarioaren burua eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea Espainiako ospitale batean artatu ostean sortutako tirabira diplomatikoek eraman zuten Marokoko Gobernua migratzaileei Ceutarako bidea irekitzera, Europako Parlamentuaren arabera. Migrazio krisiaren arrazoi nagusitzat hori jo arren, Mendebaldeko Saharako okupazioaz Bruselak duen jarrera orain arteko bera dela zehazten du ebazpenak: «Nazioarteko legediaren erabateko errespetua, NBEren Segurtasun Kontseiluan oinarrituta». Gatazka horretan Espainiako Gobernuak duen posizioarekin bat egiten du parlamentuak onartutako testuak. Madrilen eta Rabaten artean krisia areagotu izana «deitoratzen» du, baina azpimarratuz horrek ez lukeela «arriskuan jarri» behar bi herrialdeen arteko harremana.

Hala ere, Espainiaren eta Marokoren arteko harremanaz aritzean, azken horren eta Bruselaren artekoaz ere ari da. izan ere, ebazpenak oroitarazten du EBren kanpo muga bat dela Ceuta, eta horrenbestez, haren babesa eta segurtasuna EBri dagozkiola.

Espainiako alderdien ekimenez eraman dute eztabaida Bruselara, eta, batez ere, Ciudadanos alderdiko Jordi Cañas eurodiputatua izan da bultzatzailea. Gaurko eztabaidan ere bera izan da Marokok mugak zabaldu izanaren kontra irmoen hitz egin duenetako bat. «Haurrak itsasora jaurtitzea ez da politika egiteko modu bat», adierazi du, eta «xantaia» egin izana egotzi dio Rabati. Are, duela 46 urte Mendebaldeko Sahara inbaditu zuen Martxa Berdearekin alderatu du migratzaileek Ceutaraino egindako bidea.

Hark bultzatutako ekinbideari ganberako gainerako talde parlamentarioek beren testuak kontrajarri zizkioten, eta horien arteko negoziaziotik sortu da amaierako ebazpena. Edonola ere, denak bat etorri dira Maroko krisi migratorioaren erantzule egitearekin eta herrialde horrek egindakoak EBko muga politika hausten zuela esatearekin.

Rabat, aurrez aurrekoaren bila

Bi aldeko gatazkatzat duena «europartu» izana egotzi dio Marokoko Gobernuak Espainiari, eta azken egunotan ahaleginak egin ditu eurodiputatuak ebazpena bozkatzera irits ez zitezen. EBk eta Marokok osatutako batzorde parlamentarioko presidente Cahoui Belassalek hainbat eurodiputaturi gutun bana bidali zien, «Europako Batasuna modu okerrean inplikatzeko» saiakera kritikatuz.

Atzo, Naser Burita Marokoko Atzerri ministroak ohartarazi zuen krisia «ez zela amaitu» ekainaren 1ean, Galik Espainia utzi zuen egunean. «Krisia hor dago, erroko arrazoiak bere horretan dirautelako», abisatu zuen. Haren ministerioak ohar bat argitaratu zuen maiatzaren 31n, eta bertan zehazten zuen bi herrialdeen krisiaren arrazoia ez zela Espainiak Galiren aurka egin ez izana, baizik eta Mendebaldeko Saharako gatazkarekiko Madrilek duen posizioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.