Boiko Borisov kontserbadorearen gobernuak erraz gainditu du bere kontrako zentsura mozioa Bulgariako Parlamentuan, 2009an boterera ailegatu zenetik gainditu duen laugarrena. Justizia arloan eta antolatutako krimenaren kontrako borrokan izandako «porrotagatik» eskatu zuen atzo zentsura mozioa oposizioko ezkerrak eta Eskubideen eta Askatasunen Aldeko Mugimenduak —gutxiengo turkiarraren alderdia—. Baina ez dute behar adina babes lortu. Soilik 72 diputatuk bozkatu dute mozioaren alde, eta 136k,berriz, kontra:121 boto behar zituen oposizioak gobernua erorarazteko.
Hilaren 18an Europako Batzordeak Sofiari belarritik tira egin ostean aurkeztu zuen mozioa oposizioak. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak Borisovi eskatu zion zuzenbide estatua bermatzeko eta ustelkeriaren eta antolatutako krimenaren kontrako borroka hobetzeko erreformak sakontzeko. «Aurrerapen garrantzitsuak lortu dira, baina konpondu beharreko hutsuneak daude lege eta erakundeen esparruan, eta emaitza sendoak aurkeztu behar ditu ustelkeriaren eta mafien kontrako borrokan», azaldu zuen Barrosok. Horregatik, Bruselak iragarri zuen Bulgariako erreformen egoera ikuskatzen jarraituko duela, eta 2013an aurkeztuko duela Sofiaren aurrerapenen inguruko hurrengo azterketa.
Oposizioko taldeek, hain zuzen, Bruselaren erabakiari erantzuteko aurkeztu zuten mozioa, ez daudelako ados Europako Batzordeak Bulgariaren sistema judizialaren gaineko ikuskaritza misioa luzatzearekin. Alderdi Sozialistaren arabera, joan den astean Burgas hirian turista israeldarren aurka egindako eraso suizidak agerian laga du zein ahula den Sofiako gobernuak segurtasun arloan ezarritako politika.
Krimena negozio
Oposizioaren ustez, EBren ikuskaritza misioa luzatzeak Bulgaria Schengen eremuan sartzea eragotziko du, eta herrialdeak EBn duen «bigarren mailako herrialdearen itxura» indartuko. Bulgaria 2007an sartu zen EBra Errumaniarekin batera, eta herritarren zirkulazio askea ahalbidetzen duen Schengen eremuan sartzeko onarpenaren zain daude biak.
Sofiak krimen antolatuarentzako auzitegi berezi bat sortu berri du, eta legez kanpo eskuratutako ondasunak konfiskatzeko lege bat ere gogortu du, baina ez ditu konbentzitu ez herritar asko, ez Bruselako kideak. Azken hamar urteetan herrialdean enkarguz egindako 150 hilketetatik gehienek ikertu barik jarraitzen dute, eta agintari bakar bat ere ez da kartzelara sartu ustelkeriagatik. Sofiako Demokraziaren Ikasketa Zentroaren arabera, urtean 1.800 milioi euroko irabaziak sortzen ditu krimen antolatuak, Bulgariako BPG barne produktu gordinaren %5 inguru. Zentro horren arabera, legezko negozioak dituzten «oligarkiak» dira arazo nagusia, aldi berean zerga iruzurra egiten dutelako, ustelkeria delituak egiten dituztelako, eta legez kanpoko presioa egiten dutelako.
Bulgariako Gobernuak zentsura mozioa gainditu du, berriz
Sistema judizialaren «porrota» leporatu dio oposizioak, baita ustelkeriaren kontrako borrokarena ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu