Kolonbia

Buruzagi indigena bat hil dute Kolonbian

Cauca departamentuan hil dituzte Nasa Argenis eta Marcelino Yatacue senar-emazteak. 'Corticoren heriotzagatik. ELN' zioen idatzi bat aurkitu dute gorpuen aldamenean.

Argenis Yatacue buruzagi indigena. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 10a
13:11
Entzun

Nasa Argenis Yatacue buruzagi indigena eta irakaslea, eta haren senar Marcelino Yatacueren hilketaren berri eman du gaur goizaldean Bizitzaren eta Giza Eskubideen Aldeko Sareak. Buruzagi indigena eta irakaslea zen Argenis Yatacue, Cauca departamentuko Paez de Corinto barrutian. Bi gorpuen aldamenean Corticoren heriotzagatik. ELN zioen idatzi bat aurkitu dute.

Senar-emazteak elkarrekin zirenean eraso zieten, Corinto hiriaren iparraldean. Hilketa ikertzen ari da orain Guardia Indigena, baina, lehen zantzuen arabera, ELN Nazioa Askatzeko Armadak mendekuz egindako hilketak lirateke —ELNko kide bat litzateke Cortico—.

Caucako Batzorde Indigenak alerta gorena ezarri du departamenduan Yatacueren hilketaren berri izan ostean. Ordezkari politiko ugarik salatu dute erasoa, tartean Feliciano Valentzia, MAIS alderdiko senataria: «Cauca iparraldeko Coriinto herria da Kolonbiako gune militarizatuena, eta, hala ere, disidentziek buruzagi indigena bat eta haren senarra hil dituzte; zortzi egun baino gutxiagoan bost indigena sarraskitu dituzte. Baina gobernua ondo, mila esker. Zer gertatzen da segurtasun indarrekin Cauca iparraldean?».

Carlos Camargo arartekoak 2018an ohartarazi zuen lehen aldiz buruzagi indigenen aurkako mehatxuez. Eremu hartan kokatzen dira ELNko, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako eta EPL Herria Askatzeko Armadako talde disidenteak. Azken hilketak «ahalik eta azkarren» argitzeko eskatu dio gobernuari Camargok.

Yatacuerena ez da azken egunetako hilketa bakarra izan. Joan den asteartean Beatriz Cano hil zen, lau egun lehenago Santander de Quilichao barrutian izandako erasoan jasandako zaurien ondorioz. Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenetako bozeramailea zen Cano. Erasoaldi berean beste bi indigena eta bi polizia hil zituzten. Eraso berean zauritu zituzten Canoren bost urteko alaba eta Cesar Galarza, erakundeko bozeramailea. Tiroketa FARCeko talde disidente bati egotzi zioten, Dagoberto Ramos fronteari.

2019 eta 2020 artean herriaren ordezkari ziren sei emakumezko hil zituzten, haietako lau indigenak. Urte hasieratik eta maiatzera arte, berriz, 69 lider hil dituzte. 2016an bake akordioak sinatu zirenetik, berriz, 1.185 dira hildako ordezkari sozialak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.