AEB-etako hauteskundeen ondorena

Bushekin bilduko da hurrengo astean Obama

Ekomomiaz eta Irakeko eta Afganistango egoerez hitz egingo dute. Obamak, hainbat iturriren arabera, Rham Emanuel Clintonen aholkulari ohi eta Ordezkarien Ganberako kideari proposatu dio gabineteko buru izatea eta erantzunaren zain dago.

2008ko azaroaren 6a
18:39
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hauteskundeak irabazi zituen herenegun Barack Obama hautagai demokratak, eta hurrengo astean bilduko da orain arteko presidentearekin, George Bushekin (errepublikanoa), gaur honek iragarri duenez. Washingtonen batzartuko dira, Etxe Zurian. Bushen arabera, ekomomiaz eta Irakeko eta Afganistango egoerez hitz egingo dute, batik bat.

Urtarrilaren 20an hartuko du kargua Obamak, eta trantsizioaz ere ariko dira Bush eta biak datorren astean. "Arazorik gabeko botere aldaketa" nahi du Bushek.

AEBetako presidentetarako bozak irabazi ondoren itzalean igaro du Obamak kanpaina luzearen ondorengo lehen eguna, komunikabideetatik urrun, agerraldirik egin gabe.

Hala ere, AEBetako presidente hautatua hasi da Etxe Zurira berarekin eramango duen taldea osatzen eta antolatzen. Hainbat iturrik zabaldu dutenez, dagoeneko aukeratu du gabineteko burua: Rahm Emanuel Bill Clinton presidentearen aholkulari ohi eta Ordezkarien Ganberako kide demokrata. Emanuelen erantzunaren zain legoke orain Obama.

Agi denez, Bill Clintonen taldeko kideek pisua izango dute Obamarenean. Izan ere, Etxe Zurirako trantsizio taldearen gidarietako bat John Podesta Clintonen gabinete buru ohia izango dela zabaldu da. Pete Rouse Obamaren senatari gabinete burua eta Valerie Jarrett hurbileko adiskidea ere izango dira taldean.

Obama hasi da dagoeneko lehendakariari dagozkion zenbait eskumen bere egiten. Esate baterako, CIAren presidenteentzako eguneroko txostenaren lehen alea jaso du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.