Espainia

Carlos Divar hautatu dute CGPJko presidente, aho batez

PSOEk eta PPk lortutako akordioaren ondorioa da haren izendapena. Epaileen organo gorena da Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusia.

2008ko irailaren 24a
13:45
Entzun
Carlos Divar Espainiako Auzitegi Nazionaleko egungo presidentea aukeratu dute gaur Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko (CGPJ) buru. PSOEk proposatutako hautagaia zen Divar, eta aho batez aukeratu dute CGPJko beste hemeretzi kideek. Epaileen organo gorena da kontseilu hori eta gehiengoaren babesa behar zuen aukeratua izateko (hamahiru boto).

PSOEk eta PPk CGPJko eraketaren inguruan lortutako akordioaren ondorioa da gaurko izendapena. Presidenteorde izateko Fernando de Rosa da hautagaia, PPk proposatuta, eta PSOEk ongi ikusi du.

CGPJko presidente kargua ez ezik, Espainiako Auzitegi Goreneko presidente kargua ere izango du Divarrek. Espainiako Auzitegi Nazionalean urte gehien daraman epailea da. 1980an sartu zen Auzitegi Nazionalean epaile instruktore gisa, eta egun bertako presidente ere bada. Aurretik, hainbat epaitegitan aritu izan da, tartean, Durangon (Bizkaia) eta Donostian.

1969an hasi zen epaile modura lan egiten Divar (Malaga, Espainia; 1941), 27 urte baino ez zituela. Auzitegi Nazionala sortu bezain laster, epaile lanetan hasi zen bertan, eta han eman ditu bere ibilbideko urte gehienak. 1980tik 2001era, Auzitegi Nazionaleko laugarren instrukzio epaitegiko buru izan zen, eta orduz geroztik Auzitegi Nazionaleko presidente kargua izan du, orain arte. Deustuko eta Valladolideko unibertsitateetan egin zituen ikasketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.