Nahiz eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari murrizketa garrantzizkoak egin dizkion, Josep Lluis Carod-Rovira Generalitateko presidenteorde eta ERCko presidente ohiak uste du ituna oraindik ere "baleko lanabesa" dela eta hori erabiltzen segitzeko dei egin du. "Epe motzera ahal den etekin handiena atera behar diogu Estatutuari".
Dena dela, katalanek beste bi egizkizun ere badituztela uste du Carod-Rovirak: "Batetik, Estatutua garatzeko Espainiako Estatuko legeak aldatu beharko genituzke eta, bestetik, Kataluniako herriak Espainiarekin, Europarekin eta munduarekin nolako harremana izan nahi duen jakiteko trantsizio prozesu lasaia hasi beharko genuke".
Auzitegi Konstituzionalak astelehenean jakinarazi zuen Kataluniako Estatutuari buruzko ebazpena: hamalau artikulu Konstituzioaren aurkakotzat jo ditu, eta 27ren interpretazioak zehaztu. Hala, 2006an katalanek berretsi eta aurretik Kataluniako Parlamentak eta Espainiako Kongresuak onetsitako testua hankamotz utzi dute magistratuek.
Uztailaren 10erako manifestazio nazionala deitu du herritar plataforma batek, Guk erabakitzen dugu, nazio bat gara lelopean, eta Generalitateko presidenteordeak bertara joateko dei egin die katalanei. Herrialdeko alderdien batasuna eskatu ere du, "gutxieneko programa bat hitzartuta".
"Bukatutako proiektu bat da Espainia", haren arabera, "eta ez du nahi beste era batekoa izaterik. Ondorioz, Estatuak naturaltasun handiagoz onartuko luke Katalunia independentea, Espainia plurala baino. Espainia frogatzen ari da bera ez dela bateragarria aniztasunarekin".
kataluNIA
Carod-Rovirak uste du Kataluniak orain "etekin handiena" atera behar diola Estatutuari, baina biharko prozesua zehaztu behar duela
"Bukatutako proiektu bat da Espainia", dio Generalitateko presidenteordeak. "Estatuak naturaltasun handiagoz onartuko luke Katalunia independentea, Espainia plurala baino".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu