Kubako iraultzaren bi izen handiren alabak ekarri ditu Euskadi-Kuba erakundeak Euskal Herrira, baina ez dira soilik Raul Castroren eta Enresto Che Guevararen oinordekoak; iraultzaren biziberritzaile eta langile sutsuenak dira, Karibeko uhartean emakumeok bezalako jendea eraikitzen ari den gizarte askatzailearen lekuko biziak. Oztopo, gezur, eta bahimendu guztien gainetik Kubak badiola munduari zer erakutsi azaldu zuten atzo Mariela Castro Espinek eta Aleida Guevara Marchek, Donostian, Claudia Camba Kubako hainbat proiektu Argentinan zuzentzen dituen kidearekin batera.
Hizlari apartak hirurak, ekintzaile bezainbeste, gaur egun prozesu iraultzaile orok pairatzen duten jazarpena izan dute mintzagai, eta jazarpen horrez gaindi loratzen diren herritarren ekintzak. Baina irainak, zigorrak eta mespretxuak ez dira gauza berriak, Espainiako kolonialismoaz gero, askatzeko prozesuan dabilen herriarentzat. «Historia ezagutzea ezinbestekoa da», Mariela Castroren ustez, ohartarazten hau eginez: «Askatzea erabakitzen duen herria beti irainduko dute». «Botere hegemonikoek beti zigortuko dute hitzez eta egitez, aske izateko borrokatzen den herria». Kubaz gain, gaur egun Venezuelak pairatzen duen egoera ekarri du gogora Castrok. «Jendeak ez ditu botere horien mendera dauden izenburuak sinistu behar. Nola sinetsi diktadore bat dagoela Kuban, ia 60 urteko bahimenduaren gainetik bizirik irauteko lan etengabean ari den herriaren gainetik? Zer oposizio mota da Venezuelakoa? Ez da oposizioa, menperatzaileak erosia duen klasea baizik». Kubaz esaten diren «gezurrak» gezurtatu ditu erreskaran: bahimenduaren zargatiak, giza eskubideen urraketa, homofobia, eta demokrazia eza, besteak beste.
Bahimendua. «Giza eskubideak urratzen ditugula-eta jarri zigun bahimendua giza urratzaile handienetakoak, eta Europako Batasunak bide berari jarraitu zion, iraultzak bizi zuen unerik gogorrenetakoan. Bahimendua ez da AEBek gidatzen duten krimen antolatua eta mendekua besterik, eta hori izan da iraultzak garatzeko duen arazo nagusia, ez gure baitan gizaki bezala dauzkagun gabeziak. Jakina, ilunak eta argiak ditugu, gizon eta emakumeek egiten baitugu bidea, baina inork ez ditu erakutsiko nola egin behar dugun». Ezinbestean Donald Trump izan du hizpide, hark zer neurri har ditzakeen, baina «ideia izpirik ere» ez dute, «ezin baita jakin gizonak nondik joko duen». Umorez esan ditu hitzok.
Homofobia. «Herri homofobikoa garela leporatu digute, eta orain aurrera egiten ari bagara, Raul Castroren alaba naizelako lortu dudala Cenesex [Sexu Hezkuntzarako Zentro Nazionaleko] zuzendaritza. Ni aitaren alaba izateaz gain, egunero-egunero Cenesexen pertsona guztien askatasuna defendatzeko proiektuak zuzentzen dituena naiz. Eta 2012tik hainbat herriren eredu bilakatu gara, ez ditugulako soilik LGTBen eskubideak defendatzen. Pertsona ororen askatasuna bermatzeko gizartea hezten dugu. Hasi sindikatuetatik Poliziara, eta emaitzak ematen ari da, ezinbestekoak iraultzarentzat».
Demokrazia. «Zer da demokratikoagoa herritarrek gobernuaren egitaraua aukeratzea baino?Eztabaida guztietan parte hartzea baino? Europako alderdi ustelduen joan-etorria, inoren iritzirik kontuan hartzen ez dituena?».
Castrorentzat «gizarte berri bat eraikitzea beti izango da erronka izugarria, eta horretan ari gara gau eta egun, eta jarraituko dugu, etorkizuna baitugu. Kuba ez da Castrotarren feudoa, sinetsarazi nahi duten bezala. Emakume eta gizon asko dauzkagu prestatuak aurrera egiteko».
Esportatzeko ereduak
Iraultzaileon eguneroko lana eredugarri dela uste du Aleida Guevarak. Medikua da, pediatra, Habanako William Soler ospitalean aritzen da, eta mundu osoa ibili du dakiena praktikatzen eta erakusten. Angolan izan da, Ekuadorren, Nikaraguan, eta Mision Milagro bezalako proiektuetan. Izen hori hartu zuen misioak,Venezuelan, Argentinan edota Bolivian «ikusmen arazoak zeuzkatenei ebakuntzak egin eta ikusten zutenean jendeak miraria zela uste» zuelako. Han eta hemen medikuak hezi dituzte ALBAko herrialdeetan lan egin dezaten, «osasuna eskubide bat baita». Eta hori eginez, beste hamaika bezala, ikasi du «mundu hobeagoa beti dela posible».
Claudia Camba, berriz, Un Mundo Mejor es Posible fundazioko lehendakaria da, eta Kubako osasun eta hezkuntza arloetako misio solidarioen koordinatzailea Argentinan. Patagoniako bere herri txikian hasi zen Kubara begiratzen. «Hara iritsi nintzenean hasi nintzen ikasten zer den benetako iraultza. Hunkitu nintzen konturatu nintzenean zein argi zuten herri bat zer zen». Eta ordutikArgentinako herritar txiroenentzat dihardu, Kubarekin planak koordinatuz, alfabetatzeko. «Milaka lagunek berreskuratu dute duintasun».
Hitzaldi emankorra izan da atzokoa, «kontzientzia ikasgai bat» entzule batek esan bezala. Gaur Getarian (Gipuzkoa) emango dute hitzaldia.
Castro: «Beti irainduko dute askatzea erabakitzen duen herria»
Kubaren inguruan eraikitzen diren «gezurrak» hizpide izan ditu diputatu eta Raul Castro presidentearen alaba Marielak, Aleida Guevararekin eta Claudia Cambarekin batera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu