Catherine Connolly ezkertiarrak irabazi ditu Irlandako Errepublikako presidentetzarako bozak

Behe ganberako bloke ezkertiarreko hautagai independenteak botoen %63 bildu ditu; Sinn Fein alderdiaren babesa du. Fine Gaelko presidentegai Heather Humphreyk botoen %30 eskuratu ditu, eta Fianna Failko hautagai Jim Galvinek %7.

Catherine Connollyren aldeko margolan bat, Dublinen, hil honetan. BRYAN MEADE / EFE
Catherine Connollyren aldeko margolan bat, Dublinen, hil honetan. BRYAN MEADE / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urriaren 25a
16:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Catherine Connolly hautagai independente ezkertiarra izango da Irlandako Errepublikako presidentea datozen zazpi urteetan. Atzo egin zituzten presidentetzarako bozak, eta, botoen zenbaketa goizaldean hasita, iluntzean eman dute emaitzen berri: Connellyk botoen %63 eskuratu ditu; haren aurkari nagusi eta Fine Gael alderdi kontserbadoreko hautagai Heather Humphreyk, botoen %30; eta, azkenik, Fianna Fail alderdiko hautagai Jim Galvinek, %7. Horiek hala, bozek agerian utzi dute Fine Gaelek eta Fianna Failek koalizioan agintzen duten gobernua babesa galtzen ari dela.

Zenbaketa bukatu baino lehen ospatu du garaipena Connollyk, kontaketa hasi eta berehala alde nabarmena atera baitie aurkariei: «Pozez zoratzen nago emaitzak ikusita; eskerrak eman nahi dizkiet babestu nauten guztiei, baita nire alde bozkatu ez duten horiei ere». Humphreyk ere boto guztiak zenbatu baino lehen zoriondu du Connolly, prentsari egindako adierazpenen bidez: «Catherine gu guztion presidentea izango da, baita nirea ere, eta zorterik onena opa diot. Orain, hauteskunde kanpainaren inguruan hausnartuko dugu, jakiteko zer egin dugun ongi, eta zer gaizki». Halere, parte hartzea %46koa izan da, eta inoizko boto baliogabe gehien zenbatu dituzte: 200.000tik gora.

Connolly hautagai independente gisa aurkeztu da presidentetzarako bozetara; halere, behe ganberako oposizioko bloke ezkertiarreko parte da, eta zenbait alderdik haren alde egiteko eskatu dute azken asteotan, hala nola Sinn Feinek. Connollyk sare sozialen bidez egin du hauteskunde kanpainaren zatirik handiena; hain justu ere, Tiktok plataforman bolo-bolo zabaldu dira haren bideoak, batzuetan dantzan, eta, beste batzuetan, futbolean. Sare sozialen erabilerari eta Irlandako etxebizitza krisiaren eta bizitzaren garestitzearen inguruan egindako kritikei esker, babes zabala lortu du boto emaile gazteenen artean. Ingelesez eta gaelikoz hitz egiten du, eta bi hizkuntzetan aritu da hauteskunde kanpainan egindako ekitaldietan. Bestalde, esan izan du «Irlanda osoaren batasuna» babestuko eta sustatuko lukeela erreferendum baten bidez.

Dena den, oraingoa ez da izango Connollyren aurreneko kargu politikoa, Galwayko alkate izan baitzen 2004tik 2005era bitartean. Alderdi Laboristako kide zen, harik eta, zenbait tirabira tarteko, 2007an alderdia utzi eta 2016ko parlamenturako bozetan eserleku bat lortu zuen arte independente gisa. Gainera, Irlandako Parlamentuko bozeramaileorde izendatu zuten 2020an; kargu horretarako hautatu zuten aurreneko emakumea izan zen. 

Connollyk hainbatetan kritikatu du Mendebaldeak zenbait gatazkatan izan duen esku hartzea, batez ere, Ekialde Hurbileko herrialdeetan. Horrekin lotuta, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu izan du behin baino gehiagotan, azkenekoz, astelehen gauean egindako ekitaldi batean: «Harro egoteko moduko errepublika bat nahi dugu, genozidioaren normalizazioaren aurka egiten duen errepublika bat». Asteartean, Irlandako telebista publikoan egindako eztabaidan, galdetu zioten ea karguaren «mugak» errespetatuko ote lituzkeen edo AEBetako presidente Donald Trumpi genozidio baten konplize izatea egotziko liokeen, eta hauxe erantzun zuen: «Bilera diplomatiko bat bada, diplomaziaz jokatuko dut. Genozidioaren inguruko eztabaida bat bada, ordea, egoera bestelakoa da».

Alderdi kontserbadoreen erorikoa

Iazko azaroan egin zituzten Irlandan parlamenturako bozak, eta Fianna Failek eta Fine Gaelek bildu zituzten boto gehien: hurrenez hurren, botoen %21,8 eta %20,8. Sinn Fein alderdiak, berriz, hirugarren egin zuen, botoen %19 lortuta. Bi alderdi kontserbadoreek gobernu koalizioa osatu zuten, beste behin, Berdeak alderdiarekin eta zenbait parlamentari independenteren babesarekin. Presidentetzarako bozek agerian utzi dute, ordea, koalizio gobernua babesa galtzen ari dela; hortaz, ikusteko dago hiru urte barru egitekoak diren parlamenturako bozetarako egoera iraultzeko gauza izango ote diren. 

Emaitza ofizialen berri izan baino lehen zoriondu dute Connolly herrialdeko politikari nagusiek ere. «Txalotzekoa da hain koalizio pluralaren babesa lortu izana», esan du Leo Varadkar lehen ministro ohiak (2017-2020 eta 2022-2024), sare sozialen bidez. Beste gobernuburu ohi batek ere zoriondu du, Simon Harrisek (2024-2025): «Bere arrakasta Irlandaren arrakasta izango da». Biek ala biek eskerrak eman dizkiote beren alderdikide Humphreyri, kanpainan egindako «esfortzu guztiagatik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.