Ceutako krisia desinformazioak eragin duela adierazi du Espainiako Atzerri ministroak

Jada ia ehun dira Maroko eta Espainia arteko muga zeharkatzen hil diren migranteak. Espainiako zerbitzu sekretuen arabera, Marokok ez zuen gertatutakoa antolatu, baina ez zuen geldiarazteko neurririk hartu.

Maroko eta Espainia arteko muga zeharkatu zuten hainbat migrante kalean, Ceutan. REDUAN DRIS / EFE
Maroko eta Espainia arteko muga zeharkatu zuten hainbat migrante kalean, Ceutan. REDUAN DRIS / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 3a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marokotik Espainiara igarotako milaka pertsonek sare sozialetan zabaldutako informazio faltsuengatik ekin zioten muga zeharkatzeari. Hala adierazi du gaur goizean Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek Espainiako telebista publikoan egindako agerraldi batean. Atzerri ministroaren ustez «desinformazioa» izan da ostegunean 50.000 migrante baino gehiago Ceutan sartzea eragin zuen «funtsezko elementua», eta, beraz, joan den astean gertatutakoa berriro gerta ez dadin, «sare sozialak monitorizatzea» proposatu du. 

Espainiako Auzitegi Gorenak duela aste batzuk emandako epai batean dago oinarrituta migranteen artean zabaldutako «gezur» hori. Epaiak berretsi zuen Ceutara eta Melillara igerian iritsitako etorkinak ezin zituztela mugan bertan itzularazi, baizik eta espediente bat izapidetu behar zela, ontziz iristen direnean bezala. Hala ere, Ceutara iristen saiatu ziren migranteek bestelako informazioa jaso zuten beren sareetan: Espainiak ez zituela kanporatuko.

Espainiako Gobernuaren azken datuen arabera, 50.000 pertsonak zeharkatu zuten ostegunean muga, eta 99 hil egin ziren bidean —88 Espainiako lurretan eta hamaika Marokoko lurretan—. Ceutako agintariek adierazi dutenez, Espainiara sartu ziren migrante gehienak beren kabuz itzuli dira Marokora azken egunetan, baina 3.000-5.000 migrante hirian daude oraindik, eta gaur Ceutako presidente Juan Jesus Vivasek Telecinco Espainiako telebistan azaldu du hirian oraindik ez direla ohiko egoerara itzuli.

1.500

Zenbat migrante artatu dituzten Ceutan azken egunetan. Espainiako Osasun Kudeaketarako Institutu Nazionalaren arabera, 1.500 migrante artatu behar izan dituzte Ceutako osasun zentroetan ostegunetik. 

Bestalde, Albaresek guztiz baztertu du ostegunekoa Marokok antolatutako «eraso» bat izan zela, eta herrialdeak hasieratik krisialdia kudeatzeko laguntza eskaini duela adierazi du. CNI Espainiako zerbitzu sekretuek, ordea, zera esan dute: Marokok ez zuela egin saiakerarik mugara zihoan «giza oldea» geldiarazteko, eta egoerari etekin politikoa atera diola.

Krisiari erantzuteko, EB Europako Batasuneko Barne ministroak bideo konferentzia batean bilduko dira bihar. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek eskatu zuen ezohiko bilera hori larunbatean, egoerari «erantzun bateratu bat» emateko. Izan ere, EBko arduradun nagusiei eskaera egiteko bidalitako gutunean, kexu agertu zen Sanchez Europako herrialde batzuek emandako erantzun «berekoi, polarizatzaile eta legez kanpokoekin» —Schengen eremua behin-behinean bertan behera uztearen alde egin zuten Italiak, Danimarkak eta Finlandiak—. 

Espainiaz gain, EBko beste 22 herrialdek ere —denek, Frantziak, Irlandak, Portugalek eta Luxenburgok izan ezik— premiazko bilera egitea eskatu dute, migrazio neurriak gogortzeko eta mugetan kontrol gehiago ezartzeko. Kezkatuta daude Ceutara sartu ziren migranteak beren herrialdeetara iritsiko ote diren, eta Espainiako Gobernuaren migrazio politikak kritikatu dituzte.  


Kezka Irungo mugan

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari «berehalako erantzun bateratu bat» eskatu die gaur emandako prentsaurreko batean. Bertan, migrazio kudeaketarako «plan egituratu bat» beharrezkoa dela azpimarratu du, «giza eskubideak errespetatzen dituena, baina baita plangintza, finantzaketa eta erantzukizun argiak dituena ere».

Gainera, egoerak Irungo mugan bereziki «berehalako eraginak» sortzen dituela adierazi du. Frantziak mugako kontrolak indartu ditu, eta ondorioak harrera eta babes sistemetan nabaritu dira. Nolanahi ere, duela astebete Eusko Jaurlaritzak «erkidegoen arteko» migrazioari buruzko konferentzia bat eskatu zuela gogorarazi du Melgosak, eta iragarri du «aldebiko» bilera bat eskatuko diotela Espainiako Gobernuari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA