CiU aurretik dela hasi da Kataluniako hauteskundeetarako kanpaina

Inkestek gehiengo osoa iragartzen diote Artur Masen alderdiari; Montilla presidenteak uko egin dio hirukoari

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Bart gauerdiko kanpai hotsekin batera hasi zen Kataluniako hauteskundeetarako kanpaina. Orain, hamazazpi egun dituzte inkestek diotena gezurtatu edo berresteko. Lasterketa horretan CiU Convergencia i Unio dago posturik onenean, zenbait iragarpenen arabera, Parlamentuan gehiengo osoa lortzeko aukera izango baitu oraingoan —68 eserleku—. Dena den, Artur Mas eta konpainia ez dira bola magikoez fio, eta nahiago dute indar guztiak botoak bereganatzen jarri, zer gerta ere. «Gure etsai nagusia inkestak dira uneotan, haiei zenbat eta arreta gutxiago jarri, orduan eta gobernu sendoagoa lortuko dugu», nabarmendu zuen atzo CiUko zerrendaburuak.

Egoerak, baina, aldatu baino gehiago irauli egin beharko luke, nazionalistek hirugarrenean ere huts egiteko. Izan ere, oraingo honetan inoiz baino independentista gehiago egoteak ERC Esquerra Republicana de Catalunyari egiten dio kalte gehien. Horiek, gainera, errenka irten dira azken lau urteetan agintean egon den hiruko gobernutik, eta, inkesten arabera, diputatuen erdiak izangodituzte. Joan Laporta Bartzelona futbol taldeko presidente ohiaren Solidaritat Catalana per la Independenciak, berriz, haize berriak ekarriko ditu, eta horri esker bi edo hiru eserleku lor ditzake.

Hauteskunde hauetan gehien galtzeko dutenak, hala ere, Jose Montillaren sozialistak dira; izan ere, inkesten arabera, botoen %18rekin, hau da, 30 eserleku ingururekin konformatu beharko dute —duela lau urte botoen %27 eta 37 eserleku eskuratu zituzten—. Horrek, ordea, ez du Generalitateko presidentea kikildu, eta beste behin berretsi du ez duela hirukoa errepikatzeko asmorik, ez eta Alderdi Popularra mahaira gonbidatzeko intentziorik ere. «Gobernatu egin nahi dut, bakarrik gobernatu. Horretarako beharrezkoa da gehiengo osoa edukitzea? Katalunian, beste garai batzuetan, gehiengo osorik gabe agindu zuten», adierazi du Montillak.

Hirugarren tokian geratuko litzateke, galdeketen arabera betiere, Alicia Sanchez Camacho zerrendaburu duen Alderdi Popularra. Camachok immigrazioan eta ekonomian oinarritu du bere kanpaina, baita beste inork sostengatu ez duen proposamena egin ere: etorkinek kontratu bat sinatzea, non euren jaioterrira alde egitera konprometituko liratekeen, lanik gabe geratuz gero. «Katalunian lan egin nahi duenak gure herrialdeko legeak betetzera konprometitu beharko luke». Hirugarren geratuta ere, gehiengoa lortzeko giltzarri izateko esperantza du Camachok.

Lehen ekitaldiak

Gaurtik hasi eta azaroaren 28ra bitartean talde guztiak buru-belarri arituko dira botoak biltzen. CiUk, esaterako, Bartzelonako Catalunya plazan egingo du lehen ekitaldia, Una Catalunya millor —Katalunia hobe bat— lelopean. Sozialistek, berriz, aurreko kanpainetan erabilitako leloari heldu diote beste behin: Garantia de Progres —aurrera egiteko bermea—. Montillarenek, gainera, Espainiako anaia handiaren laguntza izango dute, Jose Luis Rodriguez Zapatero Kataluniara joatekoa baita datozen asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.